Aurtengo udarako aisialdi-programen eskaintza

Aurtengo udarako aisialdi-programen eskaintza
2021/05/06 13:40
eta kitto!
Ikasturtea amaitu eta udako oporrak iristearekin batera, Eibarko ume askok eta askok aisialdi-programetan eman ohi dute izena. Aurten, inoiz baino gehiago merezi dute gaztetxoenek euren artean disfrutatzeko jarduerak egitea, urte osoan zehar izan ez duten askatasuna berreskuratzeko, batik bat.

Duela urte batzuk ez bezala, gaur egun asko dira Eibarko umeek uda sasoian dituzten aisialdirako aukerak; batetik, gero eta gehiago direlako azken urte hauetan sortu diren eskaintza berriak, eta, bestetik, duela urte asko sortutakoek bizirik dirautelako.

Erreportajearen babesleak Erreportajearen babesleak

Etxeko gaztetxoenak egunean zehar ohikoa ez den beste ingurune batean egoteak hainbat abantaila ditu oinarrizko gizarte-trebetasunak garatzeko orduan. Batetik, autonomoagoak izaten eta erabakiak euren kabuz hartzen ikasten dute; bestetik, umeek beren emozioak kudeatzeko eta kontrolatzeko trebetasunak lantzen dituzte, adimen emozionala indartuz; gainera, talde-lana garatzen dute, taldekideekiko harremanak egokituz; horrez gain, aldaketetara eta muga berrietara ohitzen ikasten dute; ahaztu gabe txikiek beste pertsona batzuekiko bizikidetza-tolerantzia eta errespetua bezalako balioak bereganatzen dituztela.

Erreportaje honetan sei izan dira Eibarko eskaintzaren berri eman duten elkarte, talde edota enpresak.

Batetik, Astixako Udal Udalekua, zeinak 30 urte daramatzan ume eta nerabeei zuzendutako programak eta ekintzak kudeatzen Eibarko Udalaren eskutik. Hiru dituzte; batetik, “Uda jolasean” (5 urte) eta “Oporrak afariketan” (LH1-6); bestetik, “Umeak Firin Faran” (5 urte) eta “Firin Faran” (LH1-6); eta, azkenik, “Gaztetan Udan” (DBH). Lehendabiziko aurre izen-ematea online egin behar da maiatzaren 3tik 11ra bitartean eibar.eus helbidean. Aurreikusitako plaza kopurua gaindituz gero zozketa egingo da maiatzaren 17an arratsaldeko 19:00etan udaletxeko pleno aretoan. Plaza ziurtatuta dutenek behin betiko matrikula (aurrez aurrekoa) egin beharko dute ekainaren 7tik 11ra bitartean Indianokua Gaztelekuan.

Bestetik, udako, Aste Santuko zein Gabonetako oporretan 2 urteko gelatik hasita eta LHko 6.mailara arteko ikasleei bideratutako ekintzak antolatzen ditu Mitxeleta elkarteak. Ekainaren 28tik uztailaren 30era bitartean astelehenetik ostiralera goizeko zerbitzua martxan dute, 09:00etatik 13:00era. Horrez gain, goizeko zaintza-zerbitzua ere badute, 07:30ean hasi eta 09:00ak artekoa. Aurten, estreinakoz, arratsaldez 16:00etatik 18:00etara ere ekintzak antolatuko dituzte, betiere plaza-kopurua betetzen bada. Izen-ematea euren blogaren bitartez egin behar da (aisiamitxeleta.blogspot.com).

Horrez gain, aurten lehen aldiz abian jarriko den zerbitzu berritzailea sortu du KAXA elkarteak, helburu duena hainbat jarduera eta jokuren bitartez mugimendua eta sormena lantzea, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen hezkuntzako 6.mailara bitarteko gazteekin. Bi txanda antolatu dituzte, bata ekainaren 28tik uztailaren 9ra, eta, bestea, uztailaren 12tik 23ra. Horrez gain, zaintza-zerbitzua ere badute, goizeko 07:30eatik 09:00etara bitartean. Parte hartu nahi duenak 689 116 104 zenbakira deitu behar du tokia dagoela ziurtatzeko, eta bertan emango dizkiote matrikula egiteko jarraibideak.

Aipatutako aukerez gain, aisialdia eta hizkuntzak uztartu eta modu erakargarrian jolasten ikasteko Summer Camp programa abiatu dute urteroko legez Zorionak Ludotekak eta Nekane Pastor akademiak elkarlanean. Udaleku elebiduna da, zeinetan ingelesa eta euskara lantzen dituzten jolas, zenbait jarduera eta ekintzaren bidez. Astero aldatzen den tematika edo gaiak hartzen dituzte oinarri: around the world, summer film festival, technology experience, outdoor activities… Goizeko 09:00etatik 13:30era bitartean egingo dute aipatutako programa.

Era berean, sormena abiapuntu izango dituen zenbait jarduera antolatzen ditu Adarabarrek 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Haien helburua umeek gorputza eta burua lantzea da: mundua ikuspuntu desberdinetatik ikusi, galderak planteatu eta erantzunak zalantzan jarri bakoitzak bere ondorioak atera ditzan, adierazpen batzuk emanda libreki sortu, norbere eta inguruaren arteko erlazioak aztertu, denen artean espazioak eraldatu eta bizi, prozesu desberdinen ondorioz elementuak nola transformatzen diren ikasi, mugitu eta buruz bera jarri, improbisatu, jolastu eta esperimentatu ! Udalekuak 09:30etik 13:30era egingo dira, ondoren jangela zerbitzua eskeintzen diete beharra dutenei, eta arratsaldetan, surf eta skate ikastaroak egiteko aukera ere badago. Erreserba idatziz egin daiteke, emailez edo WhatsApp bitartez, epea maiatzaren 7an zabaltzen da eta ekainaren 7an itxi.

Azkenik, txikienek euren oporraldiaz beste modu batera gozatzeko aukera ematen du SD Eibar Fundazioak zazpigarren urtez abiatuko duen campusean. Balioetan heztea, futbola, dibertsioa eta ingelesa uztartzen ditu Udako Kanpusak 2009 eta 2012.urteen artean jaiotako gazteekin. Goizeko 09:00etan hasi eta eguerdiko 14:00etan amaituko dira entrenamenduak eta kide guztiei banatuko zaie oinarrizko ekipamentu teknikoa.

Koronabirusari aurre

Eibarko eskaintza guzti-guztiek prebentzio-eta higiene-neurri orokorrak zainduko dituzte, parte-hartzaile guztiei segurtasun osoa bermatzeko asmoz. Honako neurri hauek dira, besteak beste, gaztetxoekin hartuko direnak: 37º baino gehiagoko sukarra edo beste edozein sintoma duen umea ez da udalekura joango; 6 urtetik gorako umeek derrigorrez jarriko dute musukoa; ahal den heinean, kideen arteko distantziak gordeko dira eta partekatutako materiala desinfektatu eta garbitu egingo da une oro. Horrez gain, haurren batek positibo ematen badu, Osakidetzari jakinaraziko zaio eta agindutako neurriak hartuko dira, unean unekoak.

Eskaintza anitzak

Nahiz eta aurkeztutako programa bakoitzak nork bere egutegi eta egitarau izan, oinarrian denek dute xede bera, zalantzarik gabe: etxeko txikienek udaz gozatzea eta, nola ez, gauza berriak ikastea ondo pasatuz. Esandakoak esanda, programa bakoitza zehatzago ezagutzeko haiekin harremanetan jartzea besterik ez dago, esku zabalik hartuko dituzte-eta begirale guztiek gurasoen zalantzak eta kezkak. Tarifak, txandak, adin-tarteak, datak… eta bestelako informazioa bakoitzaren sare sozial eta webgunean topatu daiteke.