Azaroaren 7tik 11ra bitartean Eibarren egingo den Zientzia Astea aurkeztu dute

Azaroaren 7tik 11ra bitartean Eibarren egingo den Zientzia Astea aurkeztu dute
2018/10/29 eta kitto!
Gaur aurkeztu dute azaroaren 7tik 11ra bitartean Eibarren egingo den Zientzia Astea. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eibarko Udalak antolatuta, Eibarrek lehen aldiz hartuko du UPV/EHUko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen 18. edizioa. Aurretik, Bilbo, Barakaldo, Donostia eta Gasteiz izan dira ekitaldi garrantzitsu honen egoitza. Ekitaldia Portaleko Kultur Etxean izango da, azaroaren 7tik 10era, eta amaiera ekitaldia Coliseo Antzokian izango da, azaroaren 11n. Zientziaren Astearen harira publiko guztientzako jarduera ludiko eta pedagogikoz betetako egitaraua prestatu dute, eta helburua "euskal gizartea eta bereziki gazteak zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea da".
Urtero, jarduerak gai desberdin batean oinarritzen dira eta, aurtengoan, batez ere “Ura eta Itsasoa” izango dira ekintzen erreferentzia.  Horrela, antolatu diren jardueren artean, tailerrak egongo dira, papiroflexia egiten ikasteko. Horrez gain, itsasoko hondakinen arazoari buruzko dokumentalak edo ibilbide didaktikoak ere eskainiko dira. Azpimarratu behar da, gainera, “Jakin eta Erein” zikloa, Eibarko Udalak antolatua eta Enrique Zuazua matematikari eibartarrak aurkeztua. Aste horretan, herriko hainbat adituren hitzaldiak egongo dira, hala nola Mireya Etxaluze, astrofisikaria eta Oxfordeko ikertzailea (hilak 7, 19:30ean Portalean); Miren Mandiola, Donostiako Quiron ospitaleko laguntza bidezko ugalketan doktorea (hilak 9, 19:00etan Portalean); edo Antxon Olabe, ingurumen-ekonomialaria Trantsizio Ekologikoko Ministerioan (hilak 10, 19:00etan Portalean). Gaiak askotarikoak izango dira: astronomia, antzutasuna eta aldaketa klimatikoa.
Domekan (azaroak 11), 12:00etan goian adierazitako zikloaren eta Zientzia Astearen amaiera-ekitaldia egingo da Coliseo Antzokian. Ekitaldian omenaldia egingo zaio Javier Gorosabel eibartar astrofisikoari, eta astrofisikan Pro-Am Lankidetzari lehen Javier Gorosabel saria emango zaio Ricardo Huesori. Ekitaldi hori Asier Laspiur eta Itziar Garate-López artistek (biek ere UPV/EHUko irakasleak) emandako hitzaldiekin osatuko da. Amaiera-ekitaldian Patxi Alonso kazetariak hartuko du parte.
Zientzia Kluba
Zientzia Astearen programa barruan, Zientzia Kluba ikuskizun zientifikoa eta bost lehiaketa hauek egingo dira: X. Argazki-lehiaketa, Haiku matematikoak, Ehuskarabanda, "Zer egin dezakegu hondakinen arazoa konpontzeko?” eta “Saria duten arazoak”.  Aurreko urteetan beste herri batzuetan izandako arrakastaren ondoren,umorea, musika eta zientzia uztartzen dituen Zientzia Kluba Eibarren izango dugu: UPV/EHUko adituek gai zientifikoei buruzko hitzaldi laburrak emango dituzte. Saioa eguenean, azaroaren 8an izango da, 19:00etan. Sarrera doan izango da.
Jarduera guztiak doan dira eta bakarrik eman behar da izena tailerretan, txangoetan eta bisita gidatuetan parte hartzeko. Izen-ematea doan da eta webgune honetan egin behar da: www.zientzia-astea.eus. Informazio gehiago Pegoran, Portalean edo webgune honetan: www.zientzia-astea.org/es/zientzia-astea-eibar/.

Egitarau osoa jarraian daukazue:

PROGRAMA WEB EIBAR