[BIDEOA] Miñan, zeharkatzen gaituen istorioa

[BIDEOA] Miñan, zeharkatzen gaituen istorioa
2022/02/28 eta kitto!
Amets Arzallus Antia bertsolari, idazle eta kazetariak ‘Miñan’ liburuaren inguruan jardun zuen joan den asteko eguenean Armeria Eskolan EPAk gonbidatuta. Ametsek Ibrahima Balderekin idatzitako nobela da eta Ibrahimaren bizitzaren kronika egiten dute bertan. Egueneko saioan, liburuko pasarte batzuk kontatzeaz gain, afrikarrak bizi zuenaren eta migrazioaren inguruan berba egiteko aukera izan zuen publikoaren galerak erantzunez.

 

Amets Arzallusek ez du bere burua idazle moduan ikusten eta ez zuen liburu bat idazteko asmorik. “Hendaiarra naiz eta euskaldun baten begietatik begiratu diot beti mugari. Azken urteetara arte ez nion euskalduna ez den pertsona baten begietatik begiratu eta, zorigaitzez, begirada hori aldatzen ikasi dugu, azken bizpahiru urtetan muga horren inguruan beste errealitate bat nabarmen azaldu delako”, hasi zen kontatzen egueneko hitzaldian.

Migrazioaren errealitatea da hori, batez ere Afrikatik datorrena. “Seguraski, migrazioaren haizea beti egon izan da muga ertzetan, baina haize hori haragi eta gorputz pixka bat hartzen hasi zen 2018an”, Ametsen berbetan. “Jende asko, iritsi berriak, gazteak, are gazteagoak batzuk, haurrak, denetatik, eta polizia frantsesaren presentzia gero eta nabarmenagoa eta gogorragoa, gaur egunera arte”, gehitu zuen.

 

Irungo Harrera Sarea

Egoera horri erantzuna eman asmoz, Irungo Harrera Sarea martxan jarri zen boluntario talde batekin. Harrera minimo bat, tratu humanoa eta enpatia pixka bat eskaini nahi zieten migratzaileei. Baita gauza praktikoak ere: jantziak, jana, Gurutze Gorriko norabidea erakutsi, muga zeharkatzeko garraio aukerak azaldu...

Ametsen ustez edozein migranteren istorioa ez da samurra. “Ez da erraza lagunen eta etxekoen aurrean kontatzea, eta are zailagoa polizia baten aurrean azaltzea eta auskalo zein hizkuntzatan”, bere iritziz.

2018an milaka pertsona pasa ziren Irungo Harrera saretik eta asiloa eskatzeko eskubidea zutela azaldu zieten denei. 20 lagun gelditu ziren eta polizia komisaldegian euren historia kontatu behar izan zuten babes eskaera egiteko. “Ibrahima zen horietako bat eta elkarrizketa egiten hasi nitzaion, bere historia idatzita komisaldegiko ahozko kontakizun horretara eramateko, laguntza bezala”, azaldu zuen idazleak.

Ametsen berbetan, “liburuan agertzen den istorioa ez da orain dela hiru urte iritsi eta gelditutako pertsona baten istorioa, egunero-egunero gure herria zeharkatzen duen istorioa da. Milaka zango eta milaka begi, egunero-egunero batez ere joanean dabiltzanak eta tarteka poliziak atzera ekartzen dituenak”.

 

Ama hizkuntzaren garrantzia

Ibrahima Balde Gineakoa da. Nzerekorren bizi zen, hiriburutik 300 kilometro ingurura, eta hiru edo lau urtez kamioi batean aprendiz ibili zen. “Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea”, kontatzen du Ametsek. “Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du”, gehitzen du.

Horrela, bizitza bakoitza bakarra delako, Ibrahimak bere burua aurkezten du liburuaren hasieran. Fula etniakoa da eta fularra da bere hizkuntza, baina malinkez ere hitz egin dezake eta susuz ere moldatzen da. “Frantsesez, ordea, ez dakit zenbat hitz dakidan”, dio liburuko pasarte batean, Ametsek Armeria Eskolan kontatu zuen bezala.

Ibrahimaren istorioa aurkezteko orduan Ametsentzat garrantzitsua zen, kokapen geografikoa egiteaz gain, kokapen kulturala eta linguistikoa egitea munduaren eta historiaren aurrean. “Afrikaren oihua jasotzen badugu eta Afrikatik datorren pertsona batekin komunikatzen banaiz, frantsesaren bidetik izango da seguraski, baina frantsesa ez da nire ama hizkuntza eta ezta migrante horrena ere. Gure hizkuntzaren kontzientziatik, euskararen historiatik eta begietatik, Afrikako errealitate etniko-linguistikoa zabalago eta beste musika batez erakusteko interesa eta gogoa nuen”, azaldu zuen bertsolariak.

Ametsen ustez, “pertsona batek bere hizkuntzan berba egiten badu, labur baldin bada ere, beste kokapen psikologiko bat hartzen du eta beste babes bat sentitzen du hasieratik. Beraz, migratzaileak gure hizkuntzara zabaltzeko bideak aurkitu beharko genituela pentsatzen dut, baina baita haien hizkuntzekin konektatzeko bideak topatzea ere, ez bakarrik frantsesez. Hau da, sinbolikoki bada ere, pertsona horiei euren kulturetatik eta begietatik begiratzea”. “Hizkuntza etxea da edozeinentzat”, gehitu zuen.

 

Anaia txikia

Miñan berbak anaia edo arreba txikia esan nahi du fula hizkuntzan, eta, aipatu bezala, bere anaia txikia falta zelako hasi zuen Ibrahimak Europarainoko bidea. Bide horretan Ismail txikia izan zuen lagun. “Sei hilabete egin genituen elkarrekin. Bereizi egin ginen eta geroztik ez dut berriz ikusi, baina oraindik hankak handitzen zaizkit eta Ismail txikiarekin oroitzen naiz. Bat, masajea eman zidalako, behera eta gora, hanka bietan, hiru egunez. Bi, berriz oinetakoak jantzi eta ibiltzen hasi nintzelako, poliki-poliki, lehenik hanka bat eta gero bestea, minik gabe. Eta hiru, lana non aurki zitekeen erakutsi zidalako. Hori dena egin zuen Ismail txikiak nire alde”, gogoratzen du Ibrahimak liburuan. Egoera zailenetean ere, elkartasuna nagusi.

Eguenean Ametsek irakurritako pasarte bakoitzak migranteen errealitatea gehiago ulertzeko balio izan zuen, zertxobait gutxienez. Ez ikusiarena egiten badugu ere, zeharkatzen gaituzten bizitzak dira, ez dira haize boladak, hezur eta haragizkoak dira.