Bihar arratsaldean abiatuko da Debabarreneko III. Gaztaren Astea

Bihar arratsaldean abiatuko da Debabarreneko III. Gaztaren Astea
2018/10/18 eta kitto!
Hirugarrenez antolatu dute Debabarreneko Gaztaren Astea Debemen Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak, Eibarko Udalak eta eskualdeko hainbat gaztandegik. Bihar arratsaldean, 19:15ean udaletxeko patioan egingo den sukaldaritza erakustaldi-dastaketarekin hasiko da urriaren 28ra bitartean garatuko den egitaraua. Programaren barruan, besteak beste, eskualdeko gaztandegiak ezagutzera joateko doako bisitak eskainiko dituzte eta domekan, berriz, goiz osoan zabalik egongo den Gazta Azoka hartuko du Untzaga plazak eta, horrez gain, artalde bat herriko kaleetan ikusteko aukera izango dugu.

Bihar arratsalderako “Gaztarekin jolastuz” izenburuko “Show Cooking” edo sukaldaritza erakustaldia eta dastaketa antolatu dituzte, Debabarreneko artzaintza eta eskualdeko artzainek egiten duten lana jendeari gerturatzeko asmoz. Eibarko udaletxeko patioan egingo dute saioa, 19:15etik 20:30era bitartean, eta Mikel Garaizabal enologo ezagunak eta Oskar Treviño sukaldari eibartarrak eskainiko dute. Eskualdeko gaztekin, txakolinarekin eta sagardoarekin jardungo dute biek, jendaurrean zuzenean, aipatutako horien arteko maridajeak eta beste hainbat gauza azaltzen (saioa euskeraz izango da). Horrekin batera, dastaketa ere egingo dute Debabarreneko Sosola, Mausitxa eta Goienetxeko ardi gaztarekin, Axelekuko behi gaztarekin eta Egotzako ahuntz gaztarekin. Eta, horiei laguntzeko, bertako edariak egongo dira: Mutrikuko Sagarmiña eta Itziarko Flysh txakolinak eta Itziarko Txindurriturrin egindako sagardoa. 40 bat lagunentzat tokia egotea aurreikusi dute eta, saioan parte hartzea doan izango den arren, aurretik izena ematea eskatu dute antolatzaileek, Debemenera, 943744067 telefonora deituta.

gazta astea_azoka35

Gazta Azoka, domekan Untzagan

Domekan, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Gazta Azoka egingo da Untzaga plazan. Aurreko edizioetan bezala, azokan eskualdeko gaztagileek egiten dituzten gazta ezberdinak probatzeko eta erosteko aukera izango da. Gainera, azokaren inguruan hainbat erakustaldi antolatu dituzte: Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansolak gazta egiteko prozesua erakutsiko du, 11:30etik 12:45era bitartean. Latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da eta, horrekin batera, Ipar Arrinda eta Mikel Etxebarria ardi moztaileek artile mozketa erakustaldia egingo dute, 11:00etatik 14:00etara. Miren Torrealday eibartarrak, berriz, irute eta artile lanen inguruko erakusketa eskainiko du, 10:00etatik aurrera. Horrez gain, umeentzat irute tailerra prestatu dute eta puntu eta kakorratz topaketa ere egingo da. Eta gutariko gehienontzat bitxia den irudia ekarriko digu egunak: Eibarko Mandiola Goikoa baserritik jeitsiko duten artaldeak herriko kaleak zeharkatuko ditu aurten ere, 11:30etik aurrera. Jarraian, 12:00etatik 13:30era bitartean ardiak Untzaga plazan egongo dira, ikusi nahi dituzten guztientzat.

gazta astea_azoka01

Mausitxa eta Goienetxe baserrietara bisitak

Debabarreneko Gaztaren Astearen barruan antolatu dituzten bisitetan parte hartzera animatzen direnek, bestalde, gure inguruan gazta egiten duten abeltzainak nola bizi diren eta gazta nola egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Lehen bisita gidatua Elgoibarko Mausitxa baserrira izango da, zapatuan (urriak 20) 11:00etan. Ordubete inguruko iraupena izango du bisitak, doakoa izango da eta, gainera, ardi-gazta txapelketetan sari ugari jaso dituen Mausitxa baserriko gazta dastatuko dute. Eta urriaren 28an, berriz, Mutrikuko Goienetxe baserrira egingo dute bisita, Olatz auzoko plazatik 11:00etan abiatuta. Batean zein bestean, euskeraz emango dituzte azalpen guztiak. Interesa dutenek Debemenen bulegoan (Elgoibarko merkatu plazan) edo 943744067 telefonora deituta eman beharko dute izena.