[DOKUMENTALA] Heroinaren izurritea Eibarren 80. eta 90. hamarkadetan

[DOKUMENTALA] Heroinaren izurritea Eibarren 80. eta 90. hamarkadetan
2021/04/29 eta kitto!
80. eta 90. hamarkadan heroinak Eibarren eragindako izurritea gertutik bizi eta hura gainditu zuen biktimaren testigantza jasotzen du DEIAk, Mondragon Unibertsitateko ikasle talde baten dokumentalak. Aitor Txopiteak lehen pertsonan kontatzen du drogak bere bizitzan izan zuen eragina.

-Sasoi hura zuei urruti geratuta, zer dela eta hautatu zenuten gai hori? Nola bururatu zitzaizuen?

Taldeko kide baten gurasoak, Naiarenak, eibartarrak dira, eta oso gertutik bizi izan zuten garai hartako egoera. Haiek izan ziren alabari gai-proposamena bota ziotenak eta, taldekide guztiei oso interesgarria iruditu zitzaigunez, aurrera egitea erabaki genuen. Egia da oso urruti geratzen zaigula hamarkada hura, baina gure helburua da gaur egungo gazteei garai horren berri ematea, guraso askok eta askok ez dietelako seme-alabei belaunaldi horri buruz inoiz hitz egin. Gainera, ohartu ginen ez zegoela gai hori lantzen zuen ikus-entzunezko produktu aktualik, azkenekoz 2004. urtean landu zela gaia, eta oso aproposa ikusi genuen gaia gaurkotzea.

-Zeintzuek osatu zenuten taldea? Zein rol izan zuen zuetako bakoitzak?

Jokin Salido, Jon Amesti, Diego Alvarez de Arcaya, Aitor Abio eta Naia Aizpurua izan gara taldekideak. Esan beharra daukagu denok egin dugula denetik, ez dugula rol zehatzik banatu. Hala ere, Aitor eta Jokin edizioko arduradunak izan dira, eta beste hirurok produkzio lanetan aritu gara gehiago.

-Bi hitzetan laburtu beharko bazenute, nola egingo zenukete?

Taldekideak bat gatoz esatean “harrotasuna” dela momentu honetan hobekien definitzen gaituen hitza, oso harro baikaude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin. “Konfiantza”, “errealitatea”... hitzak ere nabarmendu nahiko genituzke.

-HUHEZINEMAn saria irabazi du dokumentalak. Espero zenuten? Zergatik uste duzue izan zaretela irabazleak?

Bi sari lortu ditugu HUHEZINEMAn, Mondragon Unibertsitateko euskal film laburren jaialdian: batetik, dokumental onenaren saria eta, bestetik, irudi onenaren saria. Ez genuen inolaz ere irabazle irtetea espero, oso maila altua baitzegoen lan guztien artean. Inolako aurreikuspenik gabe hurbildu ginen sari-banaketara eta, hara non, bi sari jaso genituen! Uste dugu sariak jasotzearen arrazoi nagusia izan daitekeela gazteek entzun gabe zuten istorioa dela eta oso deigarria eta hunkigarria dela lehen aldiz horrelako testigantza entzutea.

HUHEZINEMAKO bi sariak jasotzen HUHEZINEMAKO bi sariak jasotzen

-Zer egingo duzue irabazitako sariarekin?

Dokumental onenaren sariarekin 200 euro jaso ditugu eta horrekin talde-bazkaria egin genuen ospatzeko. Irudi onenarekin, aldiz, 1.500 euroan baloratutako ikus-entzunezko materiala jasoko dugu, eta gure helburua datorren urtera begira beste proiektu bat ekoitzi ahal izatea da, berriro ere jaialdira aurkeztu ahal izateko. Oso erronka handia da guretzako, izan ere, ohituta gaude unibertsitaterako lanak bakarrik egitera, eta denbora graduko lanei bakarrik eskaintzera, baina hortik kanpoko proiektuak bereziki esfortzu eta konpromiso handia eskatzen dute.

-Protagonistaren hitzak entzutea benetan hunkigarria da. Nola lortu duzue Aitor Txopiteak zuen proiektuan parte hartzea?

Taldekide baten aitaren lagun mina da Aitor, eta haren bitartez lortu genuen harremana egitea. Aipagarria iruditzen zaigu protagonistak lanarekiko erakutsi duen interesa eta prestutasuna, uneoro egon baita laguntzeko eta parte hartzeko prest, gure beharrei egokitzen. Kontuan hartuta grabaketa ez zela egun bateko kontua izan, eta egun dexente eskaini behar izan zizkigula Aitorrek, benetan eskertuta gaude berarekin.

-Lehendik ere badago dokumental bat gai bera jorratzen duena Elgoibarren, “A los pies del caballo” izenarekin. Ezagutzen duzue? Beste ikus-entzunezkoren bat hartu duzue oinarritzat zuen lana egiterako orduan?

Bai, jakina. Gure lana egiten hasi aurretik, beste hainbat aztertu eta landu ditugu. Dokumentala egiteak aurretiko lan handia dakar, eta ikerketa-lan sakona egitea ezinbestekoa da. Helburua modu errealenean eta naturalenean istorio bat kontatzea izanda, beste eredu batzuetatik abiatu beharra dago ideiak hartzeko. Guk Aitorri egin beharreko galderak adosteko eta zehazteko, esaterako, nahitaezkoa izan zen beste lanen ikuspuntua aztertzea eta eredu moduan erabiltzea. Hala ere, guk argi izan dugu momentu guztian gazteen ikuspuntutik landuko genuela gaia.

-Zer transmititu nahi izan duzue lanarekin? Zein izan da zuen helburua?

Gure helburua ez da izan Aitorrek bere bizitzan zehar egindako akatsak nabarmentzea eta gaizki jokatu duela azaleratzea, aitzitik, egoera horretatik irteteko izan zuen ausardia gizarteratzea nahi izan dugu. Era berean “belaunaldi galdua” bezala ezagutzen dena ikusarazi nahi izan dugu, oraindik ere garai hartako pertsonak geratzen direla erakutsiz. Nahiz eta gu belaunaldi horretakoak ez izan, garai hartan gertatutakoa gure historiaren parte da eta gure erantzukizuna ere bada hura gogoratu eta zabaltzea.

Lantaldea eta, erdian, Aitxo Txopirtea, dokumentalaren protagonista. Lantaldea eta, erdian, Aitxo Txopirtea, dokumentalaren protagonista.

-Nolako harrera izan du publikoarengan eta, batez ere, eibartarren aldetik?

Oso harrera positiboa izan du dokumentalak eta oso iritzi onak jaso ditugu, batez ere Aitorri, protagonistari, zuzendutakoak. Kajoian gordeta egon den gaia izan da urte askoan eta jende askok esan digu gustora gogoratu duela gure bideoaren bitartez garai hartan bizi izandakoa.

-Protagonistari zer iruditu zaio azken emaitza?

Aitor oraindik sinistu ezinda dagoela esango genuke, berak ez zuen hainbesteko oihartzunik espero eta. Guk irabazitako sariekin batera produktuz betetako bi saski eman zizkiguten, eta horietako bat Aitorri eman genion gure esker ona adierazteko, bera delako protagonista eta dokumentalaren funtsa. Nahiz eta guk grabatu, editatu eta ekoitzi dugun, bera gabe ez litzateke posible izango, zalantzarik gabe. Zorte handia izan dugu hautatutako protagonistak hain jokaera positiboa izanda, zoragarria izan da berarekin lan egitea eta bere esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izatea.

-Nola moldatu zineten prozesuan zehar? Protagonistak lortu, gidoia prestatu, grabaketa egin, editatu…

Orokorrean primeran moldatu gara prozesu osoan zehar, taldekideen artean oso harreman ona daukagulako eta antolaketa egokia egin dugulako lana burutzeko. Anekdota moduan kontatu dezakegu astebetean konfinatuta egotea tokatu zitzaigula grabatzen ari ginen astean zehar, eta nahiko kaotikoa izan zela egoera hori. Hori gutxi ez, eta gu deskonfinatu ginenean, Aitor konfinatu zuten eta oraindik ere denbora gehiago eman genuen etenaldian. Hala ere, arazoak arazo, irtenbidea topatu eta inolako zailtasunik gabe lortu genuen aurrera egitea.

Taldekideak primeran moldatu dira grabaketa-prozesu guztian. Taldekideak primeran moldatu dira grabaketa-prozesu guztian.

-Inoren laguntza jaso duzue lana burutu ahal izateko?

Alde batetik, EITBri errekurtso irudi batzuk eskatu genizkion eta gure lanean jarri ditugu; beraz, eskertzekoa da baimen hori eman izana. Bestetik, edozer gauza behar izan dugun momentuetan guri laguntzeko prest azaldu diren guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke.

-Hemendik aurrera, badaukazue lanaren zabalkundearekin jarraitzeko asmorik?

Erabilitako irudi eta abesti guztiak ez direnez gureak, ezin diogu unibertsitate kanpoko erabilerarik eman lanari eta ezin diogu etekinik atera. Hala ere, YouTubeko kanalera igota daukagu eta jendartean zabaltzea eskertuko genuke, jendeak Aitorren esperientzia ezagutu eta guk hilabeteetan zehar egindako lana ezagutu dezan.