Domekan hasiko dira Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko doako bisita gidatuak

Domekan hasiko dira Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko doako bisita gidatuak
2018/09/24 eta kitto!
Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein pasaia-balioa ezagutzera emateko doako bisita gidatuen programa berria prestatu dute Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin. Lehen bisita gidatua domekan (hilak 30) egingo da, euskeraz, eta taldea betetzeko 7 plaza baino ez dira geratzen. Hurrengo irteera urriaren 7an egingo da, gaztelaniaz, eta taldea beteta dago. Hurrengo irteeretarako datak honako hauek dira: urriak 21 (euskaraz), urriak 28 (gaztelaniaz) eta azaroak 4 (euskaraz). Bisita guztiak domekan egingo dira eta hitzordua Karakateko aparkalekuan izango da, goizeko 10:00etan. Ibilaldian parte hartuko dutenei arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea gomendatzen zaie. Txangoa amaitzean, parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Bisitak doan izan arren, parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 657 79 46 77 telefonora deitu daiteke edo, bestela, info@begi-bisitan.com helbidera idatzi.

Irteerek arrakasta handia izan zuten iaz eta orotara 192 lagunek hartu zuten parte. Hiru ordu eta erdiko iraupena duen ibilbide gidatua da, Karakate eta Irukurutzeta artean. Ibilbideak edertasun eta balio arkeologiko eta kultural handiko paisaiak zeharkatzen ditu. Izan ere, aberastasun handiko historiaurreko ondarea dago bidean eta, besteak beste, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak ikus daitezke.