Ermuko saihesbidearen atzerapenaz galdetuko du aldeko plataformak udalbatzan

'Ermuko Saihesbidea' plataformak Goitondoko zatiaren proiektuaren idazketa bi urtez luzatu eta 260.000 eurotik gorako gainkostua izango duela salatu du.
Ermuko saihesbidearen atzerapenaz galdetuko du aldeko plataformak udalbatzan
Saihesbidearen aldeko manifestazioa, Ermuan, 2023an. BERRIA
2026/09/23 13:25
Irati Alvarez Malaxetxebarria

‘Ermuko Saihesbidea – ¡Variante ya!’ plataformak saihesbidearen inguruko hainbat galdera egingo dizkio Ermuko Udalari irailaren 29ko udalbatzan. Alde batetik, Goitondoko zatiari dagokion II. fasearen egutegiaz galdetuko du; bestetik, ibilgailu astunek herrian duten eraginaren eta horren inguruan hartutako neurrien inguruko azalpenak eskatuko ditu.

Plataformak salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak bi urtez luzatu duela Goitondoko zatiaren proiektuari lotutako laguntza teknikorako eta ingeniaritzako kontratua. Haren arabera, luzapen horrek 260.000 eurotik gorako gainkostua ekarriko du. Aldundiak, ordea, azaldu du kontratuaren luzapenak ez duela obra-egutegia aldatuko, eta II. faseko lanak 2029an hastea aurreikusten duela, I. fasea amaitu ondoren.

I. faseko lanak, Urtia aldekoak, azaroaren hasieran hasiko dira, eta 36 hilabeteko iraupena izango dute. Bigarren fasean, berriz, Mallumenditik Izarrako biribilgunerainoko eta BI-2301 errepiderainoko lotura egingo dute.

Plataformaren arabera, ordea, bi faseak ezin dira aldi berean gauzatu eta horrek saihesbidearen amaiera 2032ra eramango luke. Hori dela eta, Udalari proiektuaren egutegiaren inguruko azalpenak eskatuko dizkio. Aldundiak azken oharrean adierazi du II. faseko obrak I. fasea amaitutakoan hasiko direla, 2029an.

Trafiko astunaren inguruko galderak

Saihsebidaren egutegiaz gain, trafiko astunak Ermuan duen eragina ere izango du hizpide plataformak. Besteak beste, kamioien zirkulazioa mugatzeko ordutegia zergatik murriztu duen azal dezala eskatuko dio Udalari.

Halaber, plataformak ohartarazi du debekatutako orduetan ibilgailu astunak igarotzen direla, eta abiadura-mugak eta zamak estaltzeko arauak ez direla beti betetzen. Horren inguruan, kontrol eta zehapen neurriei buruzko azalpenak eskatuko ditu.

Azkenik, uztailean alkateak iragarritako osasun-azterlanaren egoeraz galdetuko du. Plataformak jakin nahi du zer egoeratan dagoen trafiko astunak herritarren osasunean, atsedenaldian eta segurtasunean izan dezakeen eragina aztertzeko iragarritako lana.

‘Ermuko Saihesbidea’ plataformak Bizkaiko Foru Aldundiaren gardentasuna kritikatu du eta Udalari eskatu dio proiektuaren egutegiaren zein trafiko astunaren inguruko azalpenak emateko.