Edurne Uzkudun: "Eurak ezin badira hona etorri, ni neu joango naiz hara"

Edurne Uzkudun: "Eurak ezin badira hona etorri, ni neu joango naiz hara"
2021/02/12 eta kitto!
Espainiako Saharako Ordezkaritzak adierazi berri du 2021eko udarako Oporrak Bakean programa bertan behera geratu dela aurten ere. Horren berri emateko zabaldu duten idatzian diote COVID-19aren pandemiak eragin duen egoerak bere horretan dirauela ikusita, pena handiz Oporrak Bakean ekimena aurrera ez eramateko erabakia hartu behar izan dutela berriz ere. Ordezkaritzatik adierazi dute egoerak hobera lehenbailehen egiteko eta berriz ere Saharako haurrak udan etortzeko moduan izateko itxaropena daukatela. Elkartasun mugimendua osatzen dutenen artean dago Edurne Uzkudun eibartarra.

-Aurtengo udarako Oporrak Bakean programa bertan behera laga behar izan dutela jakinarazi berri du Espainiako Saharako Ordezkaritzak. Zer sentitzen duzu?
Tristura eta pena handia sentitzen dut bai nik eta baita nire hemengo familia osoak ere. Guk etxera bi haur ekartzen ditugu urtero eta, horietako bat gaixorik dagoenez, tratamendu eta jarraipen zehatza behar ditu. Aurten ere ezin baditugu hona ekarri, bigarren urtea izango da ume horrek gaixotasuna tratatzen ez duena. Ura, mendia, itsasoa, janaria… Hona etorri ezean, haur horiek ez dituzte oinarrizko elementu horiek usaindu ere egiten.

WhatsApp Image 2021-02-09 at 11.14.55

-Zenbat urte daramatzazu Oporrak Bakean programan parte hartzen?
Lau urte daramatzat programarekin lanean. Lehenengo urtean Lahsan etorri zen niregana, gaixorik dagoen haurra, eta bigarrengoan, haren anaia Buyema ere etorri zitzaigun. Zoritxarrez, 2020an eta aurten ezin izango ditugu gurean jaso.

-Lahsan eta Buyema. Nortzuk dira? Kontaiguzu.
Negarrari eutsi ezinda erantzun behar diot galdera honi. Lahsan eta Buyema nire “zapaburuak” dira. Duela 23 urte nire osabak Saharatik ekarri zuen pertsonaren ilobak dira bi ume horiek. Nire haurrak dira eta, dudarik gabe, gure familiaren parte bihurtu dira.

-Nolakoa izan da 2020ko uda haiek gabe? Eta nolakoa aurreikusten duzu izango dela aurtengoa?
2020ko uda ezohikoa izan da guztiontzat. Umeak ekartzen hasi aurretik, uda guztietan mundu osoan zehar bidaiaren bat egiteko aprobetxatzen nuen, baina Lahsan eta Buyema etxera ekartzen ditudanetik, herrialde barruan bidaiatzen dugu, haiek ezin direlako Espainiatik irten. Aurreko udarako plan asko genituen antolatuta, Port Aventurara joateko asmoa geneukan, eta aurretiko antolakuntza eginda zegoen, baina koronabirusa dela eta ezin izan ziren haurrak gurera etorri, eta hutsik sentitu ginen haiek gabe. Aurtengoa oraindik ere gogorragoa izango delakoan nago, batez ere, Lahsanek tratamendua behar duelako osasuntsu egoteko eta, hona etorri ezean, ezin duelako laguntzarik jaso.

-Badaukazu beraiekin harremanetan egoteko beste aukerarik aurrez aurreko kontaktua ezinezkoa dela ikusita?
Whatsappez egiten dut berba beraiekin, hori da gure harremanetarako bide bakarra. Oraindik ez dakite irakurtzen eta idazten, baina hitz egiten bai, eta bideodeiak egiten ditugu. Harreman horri eusteak animatu egiten nau.

-Noren erantzukizuna da hartutako erabakia?
Denon erantzukizuna da. Argi dago egoera dagoen moduan egonda ez dela segurua umeak hona etortzea. Espainiako Saharako Ordezkaritzak ezezkoa eman du eta horrela berretsi du Euskal Herrikoak ere. Gure buruak umeak ezin direla etorri esaten digun arren, bihotzak bestelakoa diosku.

WhatsApp Image 2021-02-09 at 11.03.47

-Zein irtenbide edo alternatiba proposatzen dituzu zuk arazo horren aurrean?
2020an hainbat proposamen egin genituen eta, denak ez badira ere, horietako batzuk aurrera eraman dira. Honako eskakizuna egiten dugu, besteak beste: hemendik ura erraztuko dien igerilekuak eramatea, jolasak antolatzea, liburutegiak eta eskolak aberastea, udalekuak prestatzea… Lanean gabiltza eta espero dugu laster hara bidaiatzeko aukera izatea gure proposamena egia bihurtzeko.

-Etorkizunera begira, zer?
Etxean burutik jota nagoela esaten didate, baina nik argi daukat eurak ezin badira hona etorri, ni neu joango naiz hara. Badaude Euskal Herrian ni bezalako beste lauzpabost zoro, eta burubelarri gabiltza lanean hara joateko bidea topatu nahian. Nik ezin dut beste urte oso bat nire txikiak ikusi gabe egon, eta ez dut etsiko.