EAJ-PNVk 2020ko udal aurrekontuaren 14 zuzenketa aurkeztu ditu

EAJ-PNVk 2020ko udal aurrekontuaren 14 zuzenketa aurkeztu ditu
2019/12/12 eta kitto!
Sintesi ariketa egin eta beste urte batzuetan baino zuzenketa gutxiago aurkeztu ditu EAJ-PNVk, “2016az geroztik partida batzuk gauzatzeko daudelako oraindik eta, zuzenketa gutxiago aurkeztuta, hauek gauzatzea eta kontrolatzea errazagoa izango delako”. EAJ-PNVk 2020ko udal aurrekontuaren 3.500.000 euro batzen dituzten 14 zatikako zuzenketa aurkeztu zituen astelehenean, “ezarritako epeak betez”, baina bi apostu nagusi egiten ditu. Batetik, 1.149.000 euro bideratu nahi ditu Matsaria birsortzeko. Eta bestetik, 1.000.000 euroko partida bideratu nahi du hiri inguruaren hobekuntzarako, hau da, herrian aparkalekuen aukera hobetzeko. Eguaztenean lehen bilera izan zuten PSErekin, “eta errespetuz eta elkar ulertzeko asmoz, nahiz eta ikuspuntu ezberdinak izan”, eta datorren astean berriz bilduko dira.

Hainbatetan aipatu bezala, EAJ-PNVk Matsarian geltoki intermodala eraikitzeko proposamena egin du. “Trafikoa erdigunetik atera nahi dugu, bi abiaduratan doan Eibar horri soluzioa eman nahi diogu eta beste garraiobideekin elkar jarduteko aukera eman”, aipatu du Josu Mendicute Eibarko EAJ-PNVko bozeramaileak. Gainera, Matsariako pabilioietako garajeak erosi eta autoen gordetegia edota Udal Brigadaren egoitza bertara eramatea proposatzen du alderdiak. “Horrela, Matsariako pabilioiak merkeagako izango lirateke eta enpresentzat erakargarriagoa izango litzateke euren jarduna hara mugitzea”.

Herriko aparkalekuen arazoa konpontzeko, bestalde, Udal hauteskundeetako kanpainan egin bezala, Ubitxa, Jardineta eta Legarren aparkalekuak egitea proposatzen dute.

 

Hauek dira EAJ-PNVk egindako zuzenketak:

- Azterketa eta lan teknikoak ‘Avance Plan General’ (100.000€): Lau urteko epean 500.000€ bideratzeko asmoa baldin badago, 2020rako aurreikusitako partida (40.000€) ez da nahikoa.

- Lur ondasun erosketak (1.149.000€): Matsarian lurzorua erosteko. Matsariako pabilioietako garajeak erosi eta autoen gordetegia edota Udal Brigadaren egoitza bertara eramateko.

- Hiri inguruaren hobekuntza- irisgarritasuna (1.000.000€): Proposatutako aparkalekuak egitea: Ubitxa, Jardiñeta eta Legarre. Bidegurutzea hobetzea: Karmen-Barrena-Barakaldo. Errebaleko oinezkoen gunea Ibarkurutzera iristea.

- Lan txikiak (200.000€): Barakaldo kaleko jolas parkea estaltzea.

- Ikerketa, azterketa eta proiektuak (315.000€): Azterlanak eta proiektuak: Jardinetako aparkalekua (goiko aldekoa), Ubitxako aparkalekua (babes ofizialeko etxeen lurzorua, ez delako aurreikusten eraikitzea), aparkalekuak Legarren (auzoko sarbidea). Karmen-Barrena-Barakaldo kaleetako bidegurutzea hobetzeko proiektua. Matsariako geltoki intermodaleko azterlana. Baserri-bideen azterlana (ez dakigu zenbat kilometro behar diren).

- ‘Mercedes Kareaga’ beka sortzeko partida (15.000€): Emakumeek egindako ekarpena ikusgai egitea helburu izango duen beka.

- San Andres parrokiako organoa berrizteko partida (100.000€).

- Ustekabe – Eibarko kantuen diskoa (20.000€): Eibarko kantuen diskoa egitea eta kontzertuan aurkeztea, txarangaren XX. urteurrenean eta hiriaren 675. urteurrenean.

- Hobekuntzak Orbea kiroldegian (100.000€): Konponketak eta ordezkatzeak: ariketa fisikoa egiteko tresnak, bizikletak, ibiltzekoak, eliptikoa, eta abar. Aldageletan eta instalazio osoan egin beharreko konponketa lanak.

- Dirulaguntza: Ronin arte-martzial kultur eta kirol elkarteari (2.000€).

- Dirulaguntza: Odisea elkarteari (1.000€).

- Lan txikiak eskoletan (300.000€): Argatxako Haur Hezkuntza ikastetxeak hobekuntza premiak dauzka. Proiektua eta gauzatzea.

- Garraio publikoa baserrietara (150.000€).

- Lorezaintza Urkizun (50.000€).