Papera berrerabiliz bitxiak sortzeko ikastaroa antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak

0    Eibar, Euskara 
ETA KITTO
Papera berrerabiliz bitxiak sortzeko ikastaroa antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak
ETA KITTO 2021, Mai 14

Datorren maiatzaren 25ean, martitzena, …eta kitto! Euskara Elkarteak paperezko bitxiak egiteko tailerra antolatuko du Illunabarrian programaren barruan. Agara Agirre bitxigileak emango du ikastaroa. “Azken urteotan papera berrerabiliz sorturiko objektuak gero eta gehiago dira. Izan ere, paperak, material gisa, eraikitzeko sekulako aukerak eskaintzen ditu eta egunerokotasunean eskura dugun materiala da”, diosku. Tailerrean papera berrerabiliz bitxiak egiteko dauden aukerak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. “Paperezko bitxien mundura hurbilduko gara artista ezberdinen lanak ezagutuz. Teknika tubularra ere ezagutuko dugu eta, ondoren, teknika erraz horren bidez bakoitzak bere paperezko lepokoa sortuko du”. Ez da aurrez inongo ezagutzarik izan behar, “jolasteko gogoa besterik ez”, esan digu Agarak.

Agara Agirrek diseinu garaikidea eta artisau teknikak uztartzen ditu. Egunero erabiltzeko bitxiak edota bitxi artistikoagoak egiten ditu, lan eta pieza guztien prozesua eskuz eginez. Donostiako Easo Politeknikoan egin zituen bitxigintza-ikasketak eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuen Poloniako tailer txiki batean. Orduz geroztik gelditu gabe dabil: autore-bitxigintzaren inguruko nazioarteko erakusketetan hartu du parte Madrilen, Oporton, Parisen, Bartzelonan… eta bitxigintzako azoketan Amsterdamen eta Milanen.

Ikastaroa 18:00etatik 20:00etara izango da Arrate Kultur Elkartean. Aforoa mugatuta egongo denez (hamabi lagunentzako lekua) izena aldez aurretik eman beharko da telefonoz (943200918) edo emailez (elkartea@etakitto.eus). Izen-emateak 3€ balio du.

Papergintza M1papergintza M2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »