Eibarko Business Market ekintzaileen topaketa hartuko du IK4-Teknikerrek

Eibarko Business Market ekintzaileen topaketa hartuko du IK4-Teknikerrek
2019/11/04 12:09
eta kitto!
Hirugarrenez egingo da Eibarko Business Market ekintzaileen topaketa, eguazten eta eguenean (azaroaren 6an eta 7an) IK4-Teknikerren egoitzan. Bi egun horietan, ekintzaileek inbertitzaileekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, horrela beraien proiektuak garatzeko behar duten finantzaketa lortzeko aukera izateko.

Eibarko Business Marketen 3. edizioan startupak, enpresak, ekintzaileak, erakundeak, azeleragailuak eta inbertsio-funtsak IK4-Teknikerren bilduko dira, “guztira 100 milioi eurotik gorako inbertsio eta partaidetzarako ahalmeneko inbertsio-funts garrantzitsuak, business angels sareak eta nazioko eta nazioarteko Venture kapitala”, besteak beste. Izen-ematea librea da eta parte hartzeko interesa duen edonor joan daiteke bertara, www.eibarbusinessmarket.com webgunearen bidez izena emanda.

Eibar Business Market foro irekia eta zeharkakoa da, Eibarko Udalak antolatutakoa. Azaldutakoaren arabera, “Eibar Business Market ekimenaren III. edizio honetan, erreferentziazko eragile publiko eta pribatuak aritu dira lankidetzan foroaren antolakuntzan, hala nola BIC Gipuzkoa, Spri, Debegesa, Ekingune, Tekniker eta Europar Batasuneko Finnova Fundazioa. Erakunde horiek presentzia izango dute jardunaldietan zehar egingo diren lan-mahaietan”.