Eibarko eraikin industrialak webgune batean batu ditu Ego Ibarrak

Eibarko eraikin industrialak webgune batean batu ditu Ego Ibarrak
2020/03/30 eta kitto!
Ego Ibarra batzordeak Eibarko eraikin industrialen katalogazioa eta azterketa egin du Ego Ibarrak azken lau urteotan. Behin lanak amaituta, proiektua azken fasean sartu da, eta jasotako material guztia Ego Ibarraren webgunearen magalean jarriko duten datu-base batean antolatu da. Datu-basea eta plataforma prest ditu Ego Ibarrak, ahalik eta azkarren eibartar guztien esku uzteko.

Bi oinarri izango ditu webgune berriak. Batetik, eraikin industrialen fitxak izango ditu (eraikinen deskribapenak, informazio historikoa, planoak, argazkiak, artxiboko dokumentuak, fitxa teknikoa, kokapena…). “Eibarko eraikin industrialen inguruko informazio sakon eta aberatsa lortu dugu lan honetan eta eduki guztia herritarren esku jarriko da webgune berrian”, dio Ego Ibarrak. Eta bestetik, mapa historikoak izango ditu. “Sasoi ezberdinetako 4 mapa historiko eskaneatu ditugu, lau hamarkada ezberdinetakoak (1890, 1920, 1930 eta 1950), eta herritarrek mapa horietan barrena nabigatzeko aukera izango dute, garai bateko kale eta eraikinak non zeuden jakiteko, eta gaur egungo kokapena zein izango litzatekeen ezagutzeko”.

eibarko-ondare-historikoaren-aplikazioa-fitxa-teknikoa

eibarko-ondare-historikoaren-aplikazioa-mapak

Eraikin industrialen datu tekniko eta historikoez gain, argazki-funtsetako irudiak eta Eibartarren Ahotan proiekturako jasotako elkarrizketen lekukotasunak bideo formatuan batzen ditu webguneak. “Azken batean, gure herriko historia eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea eskainiko digu erreminta berriak, Ego Ibarra batzordeak bere sorreratik dituen asmo eta helburuei jarraituz”. Eta Ego Ibarrak aurreratzen duenez, 2020an Eibarko ermiten fitxak gehituko dira.

eibarko-ondare-historikoaren-aplikazioa-gabilondo-argazki-zaharrak