Eibarko jubilatu eta pentsiodunek mobilizazio bereziak iragarri dituzte datozen egunotarako

Eibarko jubilatu eta pentsiodunek mobilizazio bereziak iragarri dituzte datozen egunotarako
ETA KITTO 2019, Ira 23

Asteroko moduan, gaur ere pentsio publiko eta duinak eskatzeko kontzentrazioa egin dute Eibarko pentsiodun eta jubilatuen plataformakoek, 12:00etan Untzaga plazan. Asteleheneroko hitzordua aprobetxatuta, han bildutakoei hainbat puntu gogora ekarri diete plataformako ordezkariek. Hasteko, urriaren 1ean gogoratuko den Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira, Gipuzkoako nagusien elkarteek antolatzen dituztenekin bat egingo dutela aurreratu dute: “Plataforma gisa egun horrekin bat egiten dugu eta deialdia egiten dugu urriaren 1ean Eibarren, Untzagatik hasita, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira egingo den manifestaziora joateko, nagusien eskubideak aldarrikatzera: pentsio duinak, Gizarte Zerbitzu nahikoak, emakume eta gizon alargunen arazoak, bakardade arazoak, ko-ordainketa, genero-arrakala… Beraz, astelehenean (hilak 30), 12:00etan kontzentrazioa egingo da betiko moduan eta martitzenean (urriak 1), 12:00etan manifestazioa”.

Horrekin batera, Gipuzkoako zahar etxeetan, beharginek berriz ere greba deitu dutela ekarri dute gogora, nagusiak izan arren pertsonak direla, eta ez objektuak azpimarratuta. Eta modu berezian gogoratu dute euskal pentsiodunek gaur Bilbon hasi duten eta Madrilera ailegatuko den martxa, horri elkartasuna eta babesa adierazita: “Hantxe dago Begoña Vesga gure lagun eta plataformako kidea. Estatuko jubilatuen koordinadora eta plataforma ezberdinek manifestazio handi bat antolatu dute Madrilen, urriaren 16rako, eta joan nahi dutenentzat autobusa antolatzen ari gara, Eibartik. Azaldu dutenez, autobusa Eibartik irtengo da, goizaldeko 03:00ak edo 04:00ak inguruan eta Madrilen, Sol enparantzan elkartuko dira, handik 11:00etan Diputatuen Kongresuraino joango den manifestazioan parte hartzeko. Eibarrera buelta 14:30ak aldera izango da eta Lerman geratuko dira, tarte batean atseden hartzeko. Prezioa 30/40 eurokoa izango dela aurreikusi dute eta interesa duenak 637 122 126 telefonora deitu beharko du, irailaren 30erako, izen-abizenak, telefonoa eta herria emateko (14:00etatik 18:00etara bitartean deitzeko eskatu dute).

IMG_0636IMG_0642

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »