Eibarko Udalak aho batez gaitzetsi du Saharako auzian Espainiako Gobernuak Marokori emandako babesa

Eibarko Udalak aho batez gaitzetsi du Saharako auzian Espainiako Gobernuak Marokori emandako babesa
2022/04/26 eta kitto!
Eibarko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du Saharako gatazkaren inguruko adierazpen instituzionala. Adierazpenak sei puntu ditu eta lehenengoan argi ikusten da Batzordearen iritzia: “Eibarko Udalak gaitzesten du Espainiako Gobernuak Marokoko Erresumari eman dion babesa Sahara autonomia gisa erreinu horretako kide izateko”.

Bozeramaileen Batzordearen berbetan, “Eibarko Udalak aitortzen du Espainiako estatuak lotura historiko eta afektiboa duela Mendebaldeko Sahararen gatazka politikoan; horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio Nazioarteko Zuzenbidearekin eta NBEren ebazpenekin bat datorren irtenbide politiko bat eman dezala Nazio Batuen Erakundean, Europar Batasunean eta nazioarteko gainerako erakundeetan”. Gauzak horrela, Udalak Gobernuari eskatzen dio hartu duen erabakia zuzentzeko eta Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiaren mandatari bereziaren ahalegina babesteko.

Era berean, Udalak Mendebaldeko Saharan gertatzen ari den espoliazioa salatzen du. “Marokoko Gobernua baliabide naturalak ebasten ari baita, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiak gorabehera”, dio.

Udalak NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2602 Ebazpena babesten du, “irtenbide politiko bidezkoa, iraunkorra eta onargarria lortzeko konpromisoa berresten duena” eta “Mendebaldeko Saharako herria askatasunez determinatzea aurreikusiko duena”, euren berbetan.

Adierazpen instituzionalaren arabera, “Udala kezkatuta dago saharar errefuxiatuen kanpamentuetako egoera humanitario larriagatik, eta Euskadiko eta Espainiako erakunde publikoei elkartasunezko laguntza humanitarioa ematen jarraitzeko eta areagotzeko eskatzen die, bai Tindufeko kanpamentuetan dauden errefuxiatuei, bai okupatutako lurraldeetako sahararrei”.

Oharraren amaieran, Udalak eskerrak eman nahi dizkie saharar herriaren adiskidetasunaren alde egunero elkartasunean eta gizartean lan egiten duten elkarte eta taldeei. “Aldi berean, Oporrak Bakean haurren harrera-programan parte hartzen duten Eibarko familien funtsezko garrantzia aitortzen du”, azpimarratzen du.