Pit Lacoste, errima frantsesak ekarri zituen eibartHARTUa

Pit Lacoste, errima frantsesak ekarri zituen eibartHARTUa
ETA KITTO 2020, Mai 25

Pierre Lacoste Tarben (Frantzia) jaio zen, Pirinioen magalean, baina Tolosara joan zen bizitzera ondoren, Okzitaniako hiriburura. Hiri handia izanik, aldirietan bizi izan da. “Frantziako hiri handien barruan bi hiri egon ohi dira: erdigunea, klase sozial altuenekin; eta aldiriak, langile-klasearekin, pobreenekin”. Tolosa industrialde garrantzitsua da eta Airbus hegazkin-ekoizle handiaren egoitza da. “Tolosako lanpostu gehienek Airbusekin dute zerikusia”. Berak ere han egin zuen lan.

 

Pit lagunentzat

Pierrek eskola gogoko zuen, baina nahiko alperra zen. “Gauzak erraz ikasten nituen eta horrekin nahikoa zen”. Ikasle ona izanik hainbat beka jaso zituen, eta Tolosako periferia utzi eta erdigunera joateko aukera izan zuen. “Erdiguneko jendearekin elkartzeko balio izan zidan”. Dena dela, auzoko izaerari harro eusten dio Pitek. “Pit pitbulletik dator. Nahiko txikia eta indartsu samarra naizenez, txakur mota horren antza omen dut”, dio barrez. “Jarrera bizikoa ere banaiz”.

 

AEBn burua ireki

18 urte bete zituenean lanean hasi zen ikasketak ordaindu ahal izateko. “Han gauzak ez dira Euskal Herrian bezala. Oso gazteak garenean etxetik irteten gara geure kabuz bizitzeko”. Lan egin zuen, baita ikasi ere, eta dirua aurreztu ahal izan zuen bidaiatzeko. “Lagunen ametsa AEBra joatea zen, beti eman zigun atentzioa”. Beraz, 21 urte bete zituenean Ameriketara joan ziren. “21 urte eduki behar dira AEBn alkohola edateko edo Ford Mustang bat alokatzeko. Ahalik eta gehien gozatzea zen gure asmoa”. Mundu berri bat aurkitu zuen han eta inflexio-puntua izan zen bere bizitzan. “Burua ireki genuen eta behin bidaiatzen duzunean ezin diozu bidaiatzeari utzi”.

 

Aberatsen ghettoa

Pitek jatorri espainiarra du. “Amaren gurasoek Frantziara egin zuten ihes Francoren sasoian”. Beraz, gazteleraz hala nola moldatzen zenez eta Euskal Herrian familia zuenez, 2015ean hona etortzea erabaki zuen. Eibarrera iritsi zenean Tolosako aldirietan zegoela iruditu zitzaion. “Oso industriala da eta hain toki txikian etxe asko daude. Nire paisaia ez zen asko aldatu”, dio barrez. Bizimodua, ordea, bai. “Kalean hainbeste jende ikusteak asko harritu ninduen. Jendea dotore janzten da, auto onak gidatzen ditu… aberatsen ghettoa iruditu zitzaidan, itxuran behintzat”.

 

Egokitzapen erraza

Eibarko bizimodu lasai eta segurua asko gustatu zitzaion Piti eta horrek asko lagundu zion egokitzeko orduan. “Frantzian bizi nuenarekin alderatuz ez nuen presio edo tentsiorik nabaritzen, eta edonorekin egin nezakeen berba arazorik gabe”. Klimarekin izan zituen arazoak hasieran, “oso toki umela da eta euriak tristetu egiten ninduen”, baina ezin hobeto bizi da hemen. “Mendiz inguratuta gaude, hondartza hurbil dago, jendeari kirola egitea gustatzen zaio eta baita tabernetara joatea ere. Edonor egokitu daiteke horrelako toki batera”. Gainera, Tarbe eta Tolosatik nahiko hurbil dago, eta sarritan joaten da hara. “Orain dela gutxi egon naiz han eta Eibarrera itzultzean koarentenan egon behar izan naiz”.

 

Norte Frio Click

Rap eta hip-hop musikek arrakasta handia dute Frantzian. Euskal Herrian ere gero eta gehiago entzuten da, eta poliki-poliki hasi dira euskal raperoak irteten. Pitek adibidez, Norte Frio Click taldea osatu du Ibai eta B. Boyrekin. “Eibarrera iritsi nintzen lehen egunean gauez irten nintzen herria ezagutzeko asmoz eta brake dance egiten zuen gazte talde bat aurkitu nuen. Eurekin bat egin eta orain taldekide ditudan lagunak ezagutu nituen”. 2019an diskoa grabatu zuten Legarreko estudioan Walter Tuzzeorekin (“demaseko profesionala da”), izugarria Pitentzat. “Txikitako ametsa betetzea izan zen, jolas bat errealitate bihurtzea”. Gazteleraz bikain moldatu eta euskaraz trebatu arren, Pitek frantsesez rapeatzen du. “Nire ama hizkuntza da eta askoz hobeto moldatzen naiz. Gainera, nire auzoko argota erabiltzen dut”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »