Hassan Nasir, Deban hazitako Pakistandarra

Hassan Nasir, Deban hazitako Pakistandarra
2023/01/11 08:51 eta kitto!
Hassan Nasir Mandi Bahauddinen (Pakistan) jaio zen, Islamabad hiriburutik hurbil. “Nik beti esaten dut nire herria Deba bezalakoa dela”, dio Hassanek. Noski, itxasorik gabe, gertuago dituztelako Himalaiak kosta baino. Hala ere, Kaxmirreko haranean jaio eta Chenab ibaian isurtzen duen Jhelum ibaia igarotzen da han ingurutik. Mandi Bahauddineko jarduera nagusia nekazaritza da eta Hassanen etxean hainbat fruta eta barazki landatzen (sandiak, laranjak… ekoiztu eta Islamabaden saltzen zituzten) eta animaliak (zaldiak, behiak…) hazten zituzten. “Hango etxeak nahiko handiak dira. Gurean hiru eraikin zeuden, familia guztiarentzat”, azaldu digu. Orain, ordea, ez dute lehengo nekazaritza lana egiten.

 

Jolasa eta eskola

Hassanek Pakistanen bizitako urteen oroitzapen onak ditu. Lagunekin eta lehengusuekin asko jolasten zuen, baina ikasketei garrantzia emanez. “Arratsaldeko 16:00ak arte eskolan egoten nintzen eta gero klase partikularrak jasotzen nituen”, kontatu digunez. “Ondoren, baserrian laguntzen nuen”. Mandi Bahauddineko hainbat lagunek egin bezala, bere familiakide batzuek atzerrira joan ziren bizitzera, Euskal Herrira euren kasuan, eta Hassanen gurasoek hautu bera egin zuten. Hassanek 11 urte zituen familiarekin Debara bizitzera etorri zenean. “Etorkizun hobeago baten bila etorri ginen”, aitortu digu.

 

Agur Pakistan, kaixo Deba

Hassanentzat zaila izan zen familia eta lagunak Pakistanen lagatzea, baina ilusioz ekin zion aro berriari. “Hemen familiaren zati bat bizi zen eta lehengusuak nituen. Gainera, ume batek pentsatu barik ekiten dio edozein abenturari. Gerora, ordea, bai egiten da pixka bat gogorragoa, jaioterriaren falta igartzen delako”, azaldu digunez. Ikusten denez, Hassanek ez du ahazten nondik datorren, baina, era berean, inor baino euskaldunagoa da. “Etorri nintzen momentutik euskara ikasten hasi nintzen eta Deban edonon egiten da euskaraz”, dio Debako euskalkian. “Laguntza asko jaso nuen”, bere iritziz, eta orain bikain moldatzen da lau hizkuntzatan (urdueraz, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez). Hemengo bizimodura ohitu ondo zen, baina hasieran bi kultura eta bizimodu ezberdinen arteko talka igarri zuen. “Hasteko, eskolako ordutegia nahiko ezberdina da, idazteko modua ere ezberdina da, baita edukiak ere, eta beste modu baten ikasten da. Han makilarekin jotzen dizute!”, dio irribarretsu.

 

Taberna Eibarren

Deban 7 urte bizi ondoren, hilabete gutxi batzuk daramatza Eibarren bizitzen. Ez da urrun joan, baina Debako lagunen falta igartzen du. “Hemen tabernan sartuta egoten naizenez, ez dut denborarik izan lagunak egiteko”, diosku Hassanek. Familiak Ibarkurutze kaleko Iturri taberna hartu du eta buru-belarri dabiltza lanean. “Ez da sasoi erraza izan taberna irekitzeko, baina aurrera goaz”, esan digunez. Inguruko txikiteroek egunero egiten diete bisita eta kebaba gustoko dutenek badute non jan han. Hassanen etxean, ordea, Pakistango jakiak prestatzen dituzte, hango ohiturei eutsiz, baina berak denetarik jaten du. “Hemengo janariak jaten ditut. Beno, txerria ez, baina bestela edozer gauza. Tortilla asko gustatzen zait”, dio. “Hori bai, Pakistango jakiek zapore indartsuagoa dute”, bere ustez.

 

Pakistanera begira

Hassanek 18 urte ditu. Beraz, 7 daramatza Pakistandik kanpo. Hala ere, birritan itzuli ahal izan da bertara eta demaseko emozioa egin dio bere jaioterrira berriz bueltatzea. “Han bizi direnak ikusteko gogoz gaude beti”, aitortzen digu. “Denbora asko egoten gara elkar ikusi gabe eta batzuk hil egiten dira”. Toki biak ondo ezagutzen dituenez, aldeak ikusten ditu. “Hemen dena da txukunagoa da”, bere ustez, “han animaliak ikusi daitezke kalean, adibidez, eta autoek eskuinean dute bolantea, Erresuma Batuan bezala”. Orain, koronabirusaren pandemia da ardura nagusiena mundu guztian. Pakistanen ere, noski. “Gure herrian ia ez da koronabirus kasurik izan eta familiakoak ondo daude, eskerrak”, dio lasai, “hiri handietan, ordea, badaude kasuak”.