[eibartHARTUak] Maitasun doinuak jarraituz

[eibartHARTUak] Maitasun doinuak jarraituz
2019/04/12 09:47
eta kitto!
Musikaren garrantzia berebizikoa izan da Rosario Camposen bizitzan. Musika emanaldi baten ondoren ezagutu zuen Asier Mexikon, gero berarekin ezkonduko zen eibartarra; seme zaharrena Nashvillen (Tennessee) jaio zen, musikaren hirian; eta gaur egun musika emanaldiak eskaintzen jarraitzen du Eibarren. Bere jatorriaz harro, Mexikotik ekartzen dituen kafe-garauek bere herrialdeko lurrinak igortzen dituzte, aparteko historia eta giza-balio handia duen lurralde baten xarma.

 

Basamortuari nagusitu zitzaion hirikoa

Rosario Campos Torreonen jaio zen, Mexiko iparraldean dagoen Coahuila estatuan. “Senarrak hiri zatarra dela dio”, dio barrez. ‘Basamortuari nagusitu zitzaion hiria’ deitzen zaio. “Nahiko handia da, 700.000 biztanle inguru ditu”. Meatzaritzak eta industriak pisu handia daukate (Lala esnegintza enpresa handiak, adibidez, han du jarduera handiena), eta industriaren garrantzi horren ondorioz ezagutu zuen senarra Rosariok. “Berak lan egiten duen enpresa euskaldunak ere Torreonen du egoitza”. Industriak batu zituen Rosario eta senarra, eta musikak egin zuen beste lan guztia.

 

Autobusetan abesten

Rosariori beti gustatu izan zaio musika eta unibertsitatean komunikazio ikasketak egiten zituen bitartean bere talentua erakusteko aukera izan zuen. “Torreonen normala da gazte asko autobusetan abesten edo musika-tresna bat jotzen ikustea eta, musika gustatzen zitzaidanez, autobusetan abesten hasi nintzen lagun batekin”. Urtebete geroago beste gitarra-jole batekin ekitaldietan jotzen hasi zen eta horrelako batean ezagutu zuen senarra. “Berak ez zuen saioa entzun, terrazan zegoen lagun batekin, eta Sabinaren kantu bat abestu genien”. Elkar ezagutu eta Eibar, Mexiko eta Amerikako Estatu Batuetan (AEB) zehar maitasun istorioa bizi eta gero, Eibarrera etorri ziren.

 

Umeentzako ikuskizunak

Zazpi anai-arrebetatik gazteena da Rosario. “Anai bakarra bizi da Torreonen, besteak AEBn bizi dira”. Txikitan, umeek hemen egin ohi duten bezala, kalean jolasten orduak pasatzen zituen. Haurtzaroan bizitako poztasun eta zoriona bere seme-alabei igortzeaz gain, Eibarko umeei ere momentu onak pasarazi nahi dizkie. Izan ere, umeentzako ikuskizunak eskaintzen ditu Rosariok. “Jairen bat dagoenean, askotan, umeak elkarte gastronomiko edo jatetxe barruan erdi aspertuta geratzen dira, eta zerbait dibertigarria eskaini nahi diet. Saio bat egin dut momentuz eta oso erantzun ona jaso dut”.

 

Nayariteko kafea

Esan bezala, komunikazio ikasketak egin zituen Rosariok, baina orain kafea du ogibide. Elgoibarren ingelerazko klaseak eman zituen, baina beste lanbiderik aurkitzen ez zuenez, bere kabuz lan egiten hasi zen. “Txikitako lagun batek Mexikon kafea saltzen zuela ikusi nuen eta hogei pakete erosi nizkion”. Kafea saltzen negozioa egin ahal zuela ikusi eta aurrera egin zuen. “Familia eta lagunei saltzen hasi nintzen, eta gero eta gehiago murgildu naiz kafearen munduan. Hemen kafe asko kontsumitzen da”. Rosarioren kafeak Utopia Coffee du izena eta Mexikoko Nayarit estatuko sumendi-lurretan ekoizten da. “Kafeak puntuaketa altua lortu zuen New Yorken egindako azterketa batean. Berezia da, pestizida barik eta modu organikoan ekoiztua. Goi-mailako kafea da”.

 

 

Todo lo que te viniere a la mano para hacer, hazlo según tus fuerzas y siempre con humildad y agradecimiento

Zure esku dagoena, zure indarren arabera egin, beti ere umiltasunez eta esker onez