Mundu osoko osagaiak koktel-ontzian

Mundu osoko osagaiak koktel-ontzian
ETA KITTO 2022, Mai 06

Nelson Da Silva Venezuelan jaio zen, baina gurasoak portugaldarrak dituenez, sei bat urterekin Portugalera joan zen bizitzera, Castelo Brancora, unibertsitateko ikasketak amaitu arte. “Marketin ikasketak egin nituen, marketinean eta lehiakortasunean espezializatuz”, zehazten digu. Tituluarekin besapean, Venezuelara itzuli zen osabaren etxera eta lau urtez egon zen han. “Txikitan Venezuelan gazteleraz egiten ikasi nuen, baina etxean portugaldarrez egiten nuenez eta Venezuelan portugaldarren kolonia handia dagoenez, portugaldarrez moldatzen nintzen egunerokoan”, diosku bitxitasun bezala.

 

Toki batetik bestera

Ikusiko duzuenez, Nelson ez da geldirik geratzen den horietakoa. Ez munduko zenbait tokitan bizi izan delako bakarrik, baizik eta profesionalki ere arlo ezberdinetan jardun duelako. “Venezuelan funts-ondasunen inguruan lan egiten zuen enpresa batean hasi nintzen, arrisku handiko ondasun eta lursailak erosiz eta salduz, baina hango egoera okertu zen eta Kolonbiara joan nintzen”, azaldu digu. Kolonbian medikuntza-produktuak saltzen hasi zen, baina ostalaritza indarra hartzen hasi zen bere bizitzan eta gastronomiaren bidea hartu zuen poliki-poliki.

 

Ostalaritzak zoratuta

Kolonbian bizi ondoren, Ekuadorren egon zen urtebetez. Handik Txilera joan zen eta, azkenik, Perura. “Komunikazio bisualerako ekipoak saltzen zituen enpresa batean egin nuen lan, baina jatetxe bat zabaldu behar zuen lagun batek hots egin zidan berarekin lan egin nahi nuen galdetzeko eta baietz erantzun nion”, diosku. Horrela, ostalaritzarekiko zaletasuna lanbide bihurtu zuen, Portugalen aitxitxaren tabernan ikasitakoa praktikara eramanez.

Lan egiteaz gain, ostalaritzaren inguruan gehiago ikasten ibili zen eta, besteak beste, koktelgintza ikastaroa egin zuen. “Aurretik ere egin izan nuen ikastaroren bat, baina zaletasun kontuagatik, ez lan egiteko asmoz. Orduan, Peruko jatetxe horretan lanean hasi nintzenean, ostalaritzaren munduan guztiz murgildu nintzen”, dio Nelsonek. “Marketina ikasi nuen, baina ostalaritzak zoratzen nau”, aitortzen du.

 

Eibarrera, bizitza egonkortu asmoz

Perun bederatzi hilabetez egon ondoren, Euskal Herria izan zen Nelsonen hurrengo geralekua, eta azkena orain arte. “Emaztea Ekuadorren ezagutu nuen, baina Venezuelakoa da eta familia Euskal Herrikoa du. Ekuadorren geundenean semea izan genuen eta urtea bete zuenean emazteari esan nion Portugalera joatea nahi nuela, bizitza egonkortzeko asmoz, baina bere familia Eibarren bizi zenez, hona etortzea erabaki genuen”, diosku.

Nelsonek ez zekien Eibar non zegoen, ezta hemen euskaraz egiten zenik ere, baina lau urtetan bikain moldatu da hemengo bizimodura, bere bizitzako negozio kuttunena jarri du martxan eta euskaraz moldatzen da.

 

Egokitzapen ezin hobea

Nelsonek aitortzen du beldurtuta etorri zela Eibarrera, “baina berehala konturatu nintzen eibartarrak oso atseginak direla”. Heldu eta hilabetera, ateak ireki berri zituen Baratze tabernan lanean hasi zen eta Unai Altuna ugazabarekin asko ikasi zuen. Ez bakarrik ostalaritza kontuez, baita euskaraz egiten ere. Bestetik, Nelsonek ere bere jakintza eskaini zuen. “Perun ikasitakoa hemen praktikan jartzen saiatu nintzen, bai arlo gastronomikoan, bai negozio-ereduetan”, diosku, eta Baratze tabernarekin batera hazi egin zen.

 

Bide berria Errebal Plazan

Baratzen lau urte egin ondoren, bakarkako bidea hartu du orain Nelsonek. Eguaztenean Errebal Plazan dagoen ‘Lusai’ taberna zabaldu zuen, Portugalgo izaera ardatz, Japonia, Hawaii eta Hego Amerikako zaporeak 0 km-ko produktuekin uztartzen dituen establezimendua. “Plazako baserritarren eta inguruko denden produktuak erabiliko ditugu”, diosku. “Eguneroko martxa albo batera laga eta lasai egoteko tokia izatea nahi dugu. Jaki ezberdinak eskainiko ditugu (pokea, zebitxea…), baina baita patata-tortila ere. Goizaldean brunch-ak eskainiko ditugu eta arratsaldean ‘pikoteoa’. Horrez gain, koktelak, zukuak… emango ditugu edateko”, gehitzen du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »