Phil Wylie, Dunediner bat Eibarren

Phil Wylie, Dunediner bat Eibarren
2023/01/18 eta kitto!
Phil Wylie dunedinerra da. Hau da, Edinburgokoa (Dunedin Eskoziako gaeleraz). “Hiria nahiko zabala da”, Philek dioenez. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen Eskoziako hiriburuko Hiri Berria eta Hiri Zaharra, eta oso ezagunak dira Andre Mariaren eta San Giles katedralak, Holyrood jauregia, Victoria Street eta, nola ez, gaztelua. Txikitan, Phil hiriaren beste aldean zegoen eskolara joaten zen eta egunero zeharkatzen zuen hiria, hegoaldetik iparralderaino. “Egunero ikusten nuen gaztelua eta ez nion jaramon egiten”, aitortzen digu.

 

Bidaiatzeaz maiteminduta txikitatik

13 urterekin eskolan ikasle-trukea egin zuten Pariseko (Frantzia) beste ikastetxe batekin. “Bidaiatzeari gustua hartu nion”, diosku. Horrela, hurrengo udan berriz itzuli zen Frantziara eta hurrengoan hiru hilabete pasa zituen han. “Bidaiatzea hainbeste gustatu zitzaidanez eta beste irakasgaietan nahiko traketsa nintzenez, Filologia Frantsesa eta Espainola ikasi nuen unibertsitatean”, gogoratzen du. Bristolen (Ingalaterra) egin zituen ikasketak, etxetik 500 bat kilometrotara. “Ez dakit libururik zabaldu nuen abendua baino lehen!”, dio barrez.

 

Eibar, lehen aukera

Karrera amaitu zuenean ingeles irakaslea izan nahi zuela erabaki zuen, “aldi berean bidaiatzeko eta dirua irabazteko modua zela ikusten nuelako”. Beraz, Edinburgon irakasle izateko ikastaroa egin ondoren, bere helmuga zein zen ezagutu zuen. “Beste herrialdeetako hizkuntza-eskolek eskaerak egiten zizkien nire zentroari eta hiru aukera eskaini zizkidaten: Lugo, Bergara edo Eibar. Lugo urrutiegi zegoela pentsatu nuen. Bergaran nirekin ikasi zuten beste bi lagun zeuden eta argi nuen bakarrik joan nahi nuela, taldetxoa ez egiteko eta, horrela, tokian tokiko gauzak hobeto ezagutzeko. Beraz, Eibar aukeratu nuen. Hona etorri baino bi urte lehenago, Bartzelonan, Zaragozan, Donostian… izan nintzen oporretan. Eguraldi ederra egin zigun, Donostian izan ezik. Neure buruari esan nion banekiela nora ez joan. Ba pentsa!”, dio barrez.

 

Ingelesa irakasten

Edinburgon bizi zenean bi anaiekin eta lagunekin jolasten zuen Philek, etxean batez ere. “Batzuetan gure etxera etortzen ziren eta besteetan gu joaten ginen. Eibarren, ostera, kalea da jolastokia. Ezberdintasunak daude hango eta hemengo bizimoduen artean, baina Phil bikain egokitu zen Eibarko kaleko girora. “Arrate Egun bezperan iritsi nintzen eta jai giroan ezagutu nuen Eibar”, esan digu. Biharamuna pasatuta lan egiteko ordua iritsi zen eta, harrezkero, 30 urte daramatza ingelesa irakasten. Helduei irakasten die eta eibartarren ikasteko nahia azpimarratzen du. Berak ere badu lana. Izan ere, Eibarrera etorri aurretik bazekien gazteleraz egiten, baina euskara izan da bere erronka gaur egunera arte. “ETB1-en foballeko partiduak ikusten ikasi nuen euskara pixkat”, dio barrez. “Orain beti dut eskura ‘Bakarka’ liburua, neure kabuz ikasteko. Ea behingoz euskararekin serio jartzen naizen!”.

 

Mendiko bizikleta pasio

Philek errugbian egiten zuen Eskozian (nor ez da hunkitzen ‘Flower of Scotland’ ereserkiarekin?), baina hemen baloi obalatua laga eta mendiko bizikleta hartu zuen. Eibar eta inguruko mendiak bikain ezagutzen ditu. “Demaseko zortea dugu hemen bizikletan ibiltzeko”, bere ustez. Gainera, mendiko bizikletarekiko duen pasioa Eskoziara eraman du, hainbatetan joan baita hara hemengo jendearekin. “Highlandsetan ibili izan gara bizikletan. Hura ederra da, baina hemen bideak hobeto daude bizikletan ibiltzeko”, azpimarratu du. Bide bihurriak bezala, Eskoziako egoera politikoa ere nahiko nahasia da. 2014an independentziarako erreferenduma egin zuten eta ezezkoak irabazi zuen, eta orain, urtarrilaren 1etik aurrera, Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpo dago Brexitaren ondorioz. “Eskozia asko aldatu da”, bere ustez. “Hango aktualitatea jarraitzen dut, baina hara joaten naizenean gehiago naiz turista eskoziarra baino”, dio eibartarrak.