Virgilio Villafaña, lehen mailako latsaria

Virgilio Villafaña, lehen mailako latsaria
2023/10/17 eta kitto!
Eibar FT-ren jokalariek lehen mailako latsaria edo erropa-garbitzailea aurkitu zuten orain dela urte batzuk. Hainbat urtetan lokatzez zikindutako erropak garbitzen ibiltzetik, izarren hautez zikindutakoak garbitzen ditu orain Virgilio Villafañak. Eibar FT-ren garbitzaileak herriko foballaren istorio distiratsuenak barru-barrutik bizi izan ditu, bere La Vega maitea laga zuenean espero zuen bizitza atsegina biziz.

 

Irla ezagutzeko gogoz

La Vega Dominikar Errepublikako erdigunean dagoen hiria da. “Hiri jatorra eta xumea da”, dio Virgiliok bere jaioterriaz. “Turismoaz gain, nekazaritza da hango jarduera ekonomiko garrantzitsuena. Arroza, platanoa, juka… ekoizten dira”, dioenez. Hurbil ditu mundu guztian famatuak diren hondartza zuriak eta Karibeko uren urdin turkesa. Virgiliok bere jaioterriko edertasuna miresten du, baina bertako biztanleen bizitza ez da turistek izaten dutena bezalakoa. “Dominikarrok ez diogu han dugunari zukua ateratzen”, bere ustez. Hala ere, toki eder asko ezagutzen ditu eta ezagutzeko falta zaizkion beste toki batzuk ezagutzeko gogoz dago.

 

Venezuelan gidari

Virgilio 20 urtez bizi izan zen La Vegan. “Aitxitxa eta amamarekin hazi nintzen eta haurtzaro pribilegiatua izan nuen”, gogoratzen du. “Lagunekin beisbolean egiten nuen etengabe. Gero, pena eman dit ikasketa gehiago ez egiteak, beste pertsona bat izango nintzatekeelako. Inoiz ez nuen pentsatu izan ikasketak hain garrantzitsuak zirenik. Baina tira, ez dago atzera bueltarik”, dio pentsakor. Handik Venezuelara jo zuen aukera gehiago eta bizitza hobeago baten bila eta emakume baten auto-gidari bezala ibili zen 23 urtez. “Gaur egun Venezuelako egoera nahiko nahasia da, baina sasoi hartan oso aukera ona zen Venezuelara joatea aukera berrien bila”, azaldu digunez.

 

Toki bikainean

Virgiliok 14 urte daramatza Eibarren bizitzen. Venezuelara joan zirenean gertatu zenaren kontrara, oraingoan alaba izan zen bidaiatzen lehena, emaztea gero eta bera azkenik. Kontinentea aldatu behar izan zuen, baina pozik dago hartutako erabakiarekin. “Euskal Herria bizitzeko toki bikaina da”, bere ustez. “Alaba Eibarren bizi izan zen lehenik pare bat hilabetez, baina gero Debara joan zen”, bere berbetan, eta Virgilio Eibarren finkatu zen. “Lehen momentutik bikain hartu naute”, dio bihotzez, “jendeak asko maite gaitu”. Hemen daude bere lehengusuak ere eta alabak Deban sortu duen familiarekin pozik dago. Gainera, Euskal Herriko ohiturak bere egin ditu. “Txikiteoa ezin da falta, noski”, dio barrez.

 

Bihotz gorriurdina

Bere bihotzeko beisbol taldea Cibaoko Aguilas da eta foballean gorriurdinak dira bere koloreak. “Orain foballa beisbola baino gehiago jarraitzen dut”, aitortzen du. Eibar FT-rekiko maitasuna aspalditik dator, taldearekin oso lotura estua duelako. “Agustin lehengusua taldean lan egiten hasi zen arropa garbitzen eta, lan karga handia zuenez, Jaime Barriusori esan zion ea ni ere lanean hasi nintekeen. Baietz erantzun zion eta horrela hasi nintzen”, dio Virgiliok. “Barriusok esan zidan lana ondo egiten ikasteko, bertan geratzeko aukerak nituelako, eta horrela egin nuen”, gogoratzen du. Ordutik, Virgilio taldearen parte izan da eta Bigarren B Mailako lokatzean ibili ondoren, orain emozio handiz bizi du Lehen Mailako ametsa. “Ondo egindako lanaren fruitua da eta taldea merezi duen tokian dago”, bere iritziz.

 

Jaioterriaren mira

Dominikar Errepublikara hainbat aldiz itzuli da Virgilio eta, ahal dela, abenduan berriz joango da. “Hemen negua denean joatea gustatzen zait, han ere gauak freskoagoak direlako eta lo egiteko atseginagoa delako”, kontatu digu. Familia hemen du, baita hemen eraiki duen bizitza ere, baina han daude ditu txikitako lagunak eta gustatzen zaio eurekin elkartzea. “Urrun bizi zarenean zure jaioterriaren mira gehiago duzu”, dio.