Eitzagako bizilagunek kamioien etenbariko trafikoa egunero jasan behar dutela salatu dute

Eitzagako bizilagunek kamioien etenbariko trafikoa egunero jasan behar dutela salatu dute
2020/04/05 09:44
eta kitto!
Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek, zabortegia erori zenetik bi hilabete igaro ondoren, eta “erakundeek bizilagunen gutxieneko eskakizunekiko duten pasibotasuna ikusita”, honako adierazpena zabaldu dute idatzi batean:

1) Joaquin eta Albertoren familia eta lagunekiko gure elkartasuna eta babes osoa adierazi. Administrazioari eskatzen diogu ahalegin eta interes handiagoa jarri dezan gorputzen bilatze lanetan.

2) Kamioiak gure etxeen aurrean etengabe pasatzeari, lanak amaitzeko epeei eta zabortegiaren gaineko planei buruzko informazio etengabea eta eguneratua lortu nahi dugu. Esan ziguten denbora-tarte labur batean, bi astez, guztiz beharrezkoa zela kamioiak auzotik igarotzea, desagertuak bilatu eta zabortegia egonkortzeko lanak egingo zirela sarbideak egokitzeko. Tona askoko dozena bat kamioi orduoro pasatzea jasan behar dugu egun osoan zehar, egunean 100 kamioi baino gehiago. Horri gehitu behar zaizkio azpikontrataturiko enpresa mordoa, Suhiltzaileak, Ertzaintza… Hori guztia, ibilgailuentzat gaizki egokitutako errepide batean, eta gutxiago tona askoko kamioientzat.
Azken urteotan obretarako kamioiak pasatzen ibili ondoren (Ermuko saihesbidea, Ermuko trenbide-saihesbideko tunela), ez gaude kamioiak etengabe pasatzen jarraitzeko prest.
Lau aste baino gehiago daramatzagu jada, eta ez dakigu noiz arte!
Zirkulazio guztia lehenbailehen Olarreaga aldera pasatzea eskatzen dugu, Elena Moreno sailburuordeak duela hilabete Eitzagako auzokideekin egindako bileran hitz eman zuen bezala.

3) Eitzaga auzoko bizilagunei azterketa medikoak egitea eskatzen ditugu. 12 urtez zabortegi honen ondorioak jasan ondoren, bertan botatako produktuak eta sortutako kontrolik gabeko suteak jasan ondoren, uste dugu hori dela administrazioak kaltetuekin egin beharko lukeen gutxienekoa. Lehen astetik ari gara aldarrikatzen, eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu.

4) Ura eta lurrei buruzko azterketa zehatzak eskatzen ditugu. Harrigarria da erakundeek egindako neurketen datu kuantifikagarririk ez ematea. Bildutako laginen emaitzei buruzko "interpretazioa" baino ez digute ematen. Eusko Jaurlaritzak kaltetuei emaitzen kopiak ez banatzeak mesfidantza besterik ez digu sortzen.

5) Beraien etxeetatik aterarazitako familiei ez zaie inolako informaziorik eman euren egoerari buruz. Bi hilabete baino gehiago daramatzate etxetik kanpo, eta haien egoeraren jarraipena ez da egiten. Nola konpentsatuko guzti hori?

6) Beste behin ere, Eitzaga auzoa sakrifikatzea eta zaborra bertan uztea erabaki dute, baina oraingoan Eitzaga Etxeberria baserritik 100 metro baino gutxiagora. Eraikin duten ziega behin-behinekoa dela diote baina zalantza handiak ditugu horren inguruan. Ziegaren behin-behinekotasuna idatziz jasotzea eskatzen dugu, eta behin desagertuen bilaketa amaituta, ziega berriro hustu eta beste leku batera eramatea.
Eitzagan "bete gabeko hitzen" historia luzea pairatu dugu, eta ez gaude prest beste bat gehiago onartzeko.
Zaldibar Argitu! Eitzaga Argitu!

[video width="640" height="352" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2020/04/WhatsApp-Video-2020-04-04-at-11.02.13.mp4"][/video]