288 eskaera onartu dira 'Errebal Plazia' gune berrian garaje-plazaren bat eskuratzeko, zozketa maiatzaren amiaeran izango da

288 eskaera onartu dira 'Errebal Plazia' gune berrian garaje-plazaren bat eskuratzeko, zozketa maiatzaren amiaeran izango da
2021/05/10 eta kitto!


'Errebal Plazia' gune berrian garaje-plazaren bat eskatzeko epea apirilaren 30ean amaituta, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendajakitera eman dira. 288 eskaera onartu dira, eta, guztira, 101 aparkaleku-plaza  daude. Beraz, hemendik aurrera hasiko da jaso diren eskaeren artean garajeak adjudikatzeko prozesua. Zerrenda horien aurka alegazioak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 19an amaituko da.





Zerrendak osatu ondoren, hemendik aurrera prozesuaren beste fase bat hasiko da, prestatzen ari diren garaje-plazak adjudikatzean amaituko dena, ekainaren erdialdetik uztailaren hasierara bitartean, gutxi gorabehera. Horrela, onartutako eskaerekin, laster -maiatza amaieran- egingo da garajeak adjudikatzeko zozketa, eta lehentasuna emango zaie Errebaletik gertuen edo hurbilen dauden eremuetan bizi diren eskatzaileei.

Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak prozesuaren balantzea egin zuten barixakuan. Azaldu zutenez, "prozesua aurrera eramateko, otsailaren erdialdean ireki zen interesdunek izena emateko eskaerak egiteko deialdia. Horretarako, zenbait lehentasun-irizpide ezarri ziren interesa zuten herritarren artean. Hiru bizileku-eremu finkatu ziren bakoitzak hartzen zituen kaleekin, eta eremu bakoitzari lehentasun bat ezarri zitzaion". A eremuko bizilagunek izango dute lehentasun osoa aparkalekua eskuratzeko, hau da: Errebal, San Agustin, Estaziño edo Bidebarrieta kalean bizi direnek, Arikitzako zubiraino. Talde horretako 227 eskaera onartu dira. Bestalde, hor bizi diren 26 bizilagunek bigarren aparkaleku osagarri bat ere eskatu dute. Lehentasunari begira, bigarren eremua, B eremua, alegia, Arragueta, Fermín Calbetón edo Toribio Etxebarria bezalako kaleetan bizi direnena da. Kasu honetan, 24 eskaera erregistratu dira Errebaleko garajeren bat eskuratzeko, garajerik ez duten beste hainbat bizilagunenak. Eta beste eskaera bat ere egon da eremu horretako bizilagun batena, garaje gehigarri bat erosteko. C eremua —hirugarren eremua lehentasunaren arabera—, Errebal Plazia gune berritik urrunen egon eta beste garaje plazarik ez duten udalerriko gainerako kaleei dagokie. 11 izan dira talde horretako bizilagunak egin dituzten eskaerak.

Zozketatuko diren 101 garaje-plazak emakida-araubidean adjudikatuko dira 50 urterako (horietatik 26k trastelekua izango dute), eta Errebaleko gune berriko -2 solairuan daude. Garaje horietako hiru mugikortasun murriztuko pertsonentzat egokituta daude.

Garaje gehienen prezioa, salbuespenak salbuespen, 17.000 eurokoa da (12 metro karratuko garaje estandarraren prezioa), eta 3.500 eurotik gorakoa trastelekuetarako.

Bestalde, eta aurreikuspenen arabera, Errebaleko funtzio anitzeko eraikineko eta kultur ekipamenduko lanak maiatzaren 31rako amaituta geratuko lirateke, baina baliteke egun gutxi batzuk gehiago luzatzea azken ukitu batzuk egiteko lanak bukatzeko.

>>> Aparkaleku-plazen administrazio-emakidak esleitzeko lizitazioan onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda