Aldaketaren Maiatzaren Lehena izatea nahi dute sindikatuek

Aldaketaren Maiatzaren Lehena izatea nahi dute sindikatuek
2021/04/30 eta kitto!
Bihar ez dugu hilabetez aldatuko bakarrik. Langileen Nazioarteko Eguna dugu biharkoa eta sindikatuek aldaketarako baliatu nahi dute. Pandemiak langile-klasearen arazoak gehiago azaleratu ditu eta sindikatuek kaleak hartuko dituzte bihar Euskal Herri osoan, aldaketa kalean hasi nahi dutelako. Eibarko kaleetan ere egingo dituzte mobilizazioak.

 

LAB izan da Eibarren manifestazioa deitu duen sindikatu bakarra. Mobilizazioa Untzagatik abiatuko da 12:00etan eta, Eibarko Ernaik jakinarazi duenez, Gazte  Blokea ere egongo da, herriko gazteei gonbitea eginez.

LABek ‘Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria!’ goiburua erabiliko du aurten, eta Maiatzaren Lehena, zabalik dauden borrokak aitortzeko ez ezik, etorriko diren mobilizazio eta greba berriei indarrez ekiteko ere baliatu nahi dute. “Egun bat dugu aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko”, adierazi zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Maiatzaren Lehenerako prestatutako ekintzen aurkezpenean, “sistema honi ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira; jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da”.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, bestetik, Bergaran egingo du manifestazioa, 18:30ean, “emakume langileon interesen defentsan, langile elkartasuna eraikitzen jarraitzeko eta ikasle langileon eskubideen defentsan, besteak beste”, adierazi dutenez. ‘Klase gorrotoa antolatu!’ da erabiliko duten goiburua.

 

ELA Hego Euskal Herriko hiriburuetan

ELAk Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditu mobilizazioak. ‘Aldaketa garaia da’ izango da erabiliko duen goiburua, lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma ardatz hartuta. Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko sasoia da euren ustez, “lan hitzarmenak bertan negoziatzeko aukera izateko eta enplegua suntsitu ordez salbatu dadin”.

Aldaketa lortzeko presioa egiten jarraitu behar dela uste du ELAk, “bai kalean, baita lantokietan ere”, esan dutenez. Horregatik, lehen aldiz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egongo dira. Bilbo, Donostia eta Iruñeako manifestazioak 11:30ean abiatuko dira, eta Gasteizekoa ordu erdi lehenago, 11:00etan.

ELAren ustez, “zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute krisialdiari zer nolako irteera emango zaion”.

 

UGT eta CCOO elkarrekin

UGT eta CCOO sindikatuek EAEko hiriburuetan manifestazioak antolatu dituzte ‘Orain, betetzeko unea da. Langile klaseari zor diogu’ goiburuarekin. Bilboko martxa 11:30ean hasiko da Jesusen Bihotza plazatik, Donostikoa ordu berean Alderdi Ederretik eta Gasteizekoa 12:00etan Andre maria Zuriaren plazatik.

Sindikatu bien ustez, Espainiako Gobernuan dauden PSOEk eta Unidas Podemosek gauzatu gabe duten agenda-soziala martxan jartzea berebizikoa da. “Horretarako, pertsonak lehenetsi behar dira herrialde honen berreraikuntza politiketan”, diotenez.