Eibarko enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko dirulaguntzak emango ditu Eibarko Udalak

Eibarko enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko dirulaguntzak emango ditu Eibarko Udalak
2021/04/26 eta kitto!
Eibarko Udalak bosgarren urtez jarraian jarri du martxan herriko enpresak lekualdatu, handitu edo modernizatzeko dirulaguntzen edizio berri bat. Aurtengo partida 20.000 eurokoa izango da, baina, hala ere, behin kreditua agortuta erantzun gabeko eskabideak egongo balira, handitu egin ahalko litzateke aurrekontu-partida. Programa hau Garapen Ekonomikoaren Sailak martxan jarritako ekimenetako bat da, eta haren helburua da Eibarko enpresen jarduera babestea eta enplegua sustatzea.



Dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta 2021eko azaroaren 5ean amaituko da. Eskaerak elektronikoki egin beharko dira www.eibar.es udal webgunearen bidez, ‘Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak’ atalean, deialdian zehazten den dokumentazioarekin batera.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: lekualdatu/ handitu/modernizatzeko behar den aholkularitzari (fiskala, laborala, teknikoa, juridikoa, administratiboa edo kontabilitate arlokoa) dagozkionak; jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioari dagozkionak; lokala eraberritzeko eta egokitzeko obrak; edo instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipamenduetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioak.

Udal dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, eta gehieneko kopurua  3.000 eurokoa. Industria-enpresen kasuan, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.   Dirulaguntzaren helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko epea 2022ko martxoaren 4an amaituko da.

Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Ana Telleriaren hitzetan “5 urte daramatzagu dirulaguntza hauek ematen eta egiaztatu ahal izan dugu dirulaguntza honek zuzenean eragiten duela gure herriaren industria-errealitatean, aukera garbi bat delako Eibarren finkatuta dauden enpresek beren instalazioak hobetzeko, eta, beraz, beren jarduera indartu eta are handitzeko, bai eta enpresak gure herrira erakartzeko ere".