Ekingunek antolatuta irailaren 29an egingo den “Marketing Day” ekimena aurkeztu dute

Ekingunek antolatuta irailaren 29an egingo den “Marketing Day” ekimena aurkeztu dute
2022/09/23 eta kitto!
“Salmenta itxita. Salmenta arrakastatsua lortzeko gakoak” izenburuari jarraituko dion “Marketing Day” ekimena antolatu du Ekingune ekintzaileen elkarteak. Datorren ostegunean, irailaren 29an egingo da Eibar Kirol Elkartearen instalazioetan (Ipuruan), 09:30ean hasita. Ekimen honen V. edizioa gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, Leire Berasaluze Ekinguneko presidenteak, Leticia Sánchez Ekinguneko koordinatzaileak eta Mikel Larrañaga SD Eibarreko Fundazioko lehendakariordeak.

Antolatzaileen berbetan, “esperientzia handiko ekintzaileek egingo dute berba: Cafés Fortalezako Izaro Martinez, Think on Marketing agentziako Barbara Monte, Alex Ochoa de Aspuru marketing eta berrikuntzako aholkularia eta El Caviko Jokin Fernández.

Egitaraua hau da: 09:30etik 10:30era, adituen hitzaldiak eskainiko dira; ondoren, 10:30etik 11:00etara, networkingerako gune bat egongo da, kafe (Fortaleza kafeak) eta pastekin; eta, azkenik, 11:00etatik 11:45era mahai-inguru bat egingo da gaian adituak diren hainbat lagunekin.

Esan dutenez, Debabarrena eta inguruko enpresa txiki eta ertainak, ekintzaileak eta profesionalak biltzea da ekitaldiaren helburua, eta aurrez aurre eta online jarraitu ahal izango da (Ekinguneren webgunearen bidez). Parte-hartzea doan da, baina plazak mugatuak dira eta, beraz, izena eman beharko da, horretarako prestatutako inprimakia beteta, hilaren 28a baino lehen.