“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerra eskainiko dute ostegunean online

“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerra eskainiko dute ostegunean online
2021/05/24 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informazioa emateko online tailerra antolatu du maiatzaren 27rako (eguena), 18:00etan.
“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” izenburuko tailerraren helburua “herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da”. Antolatzaileen berbetan, “energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki eta aldaketa horiek teknologia hauen ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du. Batez ere autokontsumorako plaka fotoboltaikoei buruz izango da saioa”.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik izena eman behar dute, ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 11 29 48/605 75 76 87 telefono zenbakietara deitu daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.argitu.eus helbidean begiratu.Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko. Saioa gazteleraz izango da.


Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak txat bidez luzatu ahal izango dira eta, ahal den neurrian, saioan bertan erantzungo dira. Denborarik emango ez balu, mezu elektroniko bidez erantzungo zaizkie galderak partehartzaileei.
Tailer hau Energia Argitu programaren baitan kokatzen da eta ekainaren 9an egingo da seihileko honetako azken tailerra, “Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak” izenekoa. Hau ere online formatuan izango da.