Toribio Etxebarria Sarien 30. ediziorako hautagaitzak urriaren 14ra arte aurkeztu daitezke

Toribio Etxebarria Sarien 30. ediziorako hautagaitzak urriaren 14ra arte aurkeztu daitezke
2020/09/15 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Toribio Etxebarria Sarien 30. edizioa Miguel de los Toyos alkateak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak. Edizio hau beste batzuetan baino geroago egingo da, COVID-19aren ondorioz antolatzaileek atzeratu behar izan dutelako. Eta, horrekin batera, bada beste berritasunik, aurten “Espezializazio estrategikoa” izeneko sari berri bat emango da-eta.

Ekitaldian azaldu dutenez, Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako Toribio Etxebarria Sarien bitartez Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzaileen ekimenak aitortu eta jardueraren batean hasiberriak direnei babesa eman nahi zaie. Horrela, sariak bi kategoriatan, “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria” izenekoetan banatzen dira. Kategoria bakoitzean 10.500 euroko saria banatzen da eta, diruaz gain, irabazleri laguntza, prestakuntza eta aholkularitza programetan parte hartzeko aukera ematen zaio. Horiekin batera, garapen teknologikoan edo nazioartekotzeko prozesuan laguntza behar duten ekimenentzako beste sari batzuk ere banatzen dituzte. Aipatutakoez gain, edizio honetan Eibarko Udalak bi sari berezi emango ditu, “hirian berrikuntzaren eta ekintzailetza berritzailearen eta teknologikoaren alde egin duen apustua indartzeko”. Atal horren barruan “Eibarresa enpresa” saria eta “Espezializazio estrategikoa" sariak emango dira. Biak jatorria Eibarren duten edo Eibarren kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzenduta daude. Enpresa horiek merkatuari balio-proposamen bat egingo diote, eta enplegua sortzeko eta inbertsiorako potentziala izan behar dute. Kasu honetan ere, kategoria bakoitzean 10.500 euroko saria emango dute eta, BIC Gipuzkoaren bidez, prestakuntza espezializatua eskuratzeko aukera izango du irabazleak. Sariei buruzko argibide guztiak www.toribioechevarria.com helbidean daude eskuragarri eta hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 14an amaituko da.