Laura Mongelos, psikologoa: “Erretzen taldean hasten bagara, zergatik ez laga taldean?”

Laura Mongelos, psikologoa: “Erretzen taldean hasten bagara, zergatik ez laga taldean?”
2023/01/20 09:59
eta kitto!
 Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak tabakoa alde batera laga nahi dutenentzako laguntza espezializatua  eskainiko du laster Eibarren. Zerbitzua doakoa izango da eta bertan parte hartzeko edo informazio gehiago eskuratzeko  943202494 telefono zenbakira deitu daiteke. Informazio gehiago HEMEN aurki dezakezue.  Zerbitzu horri buruz egin dugu berba Laura Mongelos “Minbiziaren auka Gipuzkoan” elkarteko psikologoarekin.

Noiz eta non izango dira erretzeari lagatzeko saioak gure herrian?
Ardantza 11n dugun bulegoan izango da tailerra, eguen goizetan. Beste data batzuk ere aurreikusten ditugu jendearen interesaren arabera sortuko direnak. Eta online egiteko aukera ere egongo da.

Zertan lagundu ahal diozue jendeari?
Osasun arloko psikologoa naiz, eta tabakoaren inguruko masterra daukat eginda. Menpekotasun fisikoari eta psikologikoari aurre egiteko prozesuan laguntza eskaini diezaieket erretzaileei.

Terapiak banakoak edo taldekoak izan daitezke. Zertarako balio du horietako bakoitzak?
Askotan lehen zigarroak taldean erretzen dira, lagunekin… Sozialki egiten den zerbait da. Eta taldean hasten bagara, zergatik ez laga taldean? Gizakia taldean mugitzen da eta taldea oso modu ona izaten da aldaketak egiteko ere. Helburu bera duten pertsonen artean elkartzeak oso dinamika ona sortzen du. Taldekoen artean konpromisoak hartzen dituzte… Baina agian, kasuren batean, ordutegiak direla-eta, edo beste ezaugarri pertsonal batzuengatik, bakarka lan egitea planteatu dezakegu. Horretarako beharrezkoa izaten da egiten dugun lehen elkarrizketa.

Askotan entzuten dugu “nik ezin dut tabakoa laga” edo “orain ez da momentua” bezalako esaldiak. Aitzakiak dira edo egia da pertsona batzuentzat ezinezkoa dela?
Ez naiz ausartzen aitzakia hitza erabiltzen, aztertu beharreko egoera pertsonal asko baitaude. Eta hori da lehen elkarrizketan egiten duguna. Aurretik erretzeari lagatzen saiatu den jakitea garrantzitsua da, zein lorpen izan dituen aurretik, noraino iritsi izan den, eta oraingo egoeran ezberdin egin daitekeen aztertzen dugu. Inoiz laga ez badio edo eta beste egoera pertsonal batzuekin gainezka badabil, elkarrekin planteamendu bat bilatzen saiatzen gara bere helburua lortu ahal izateko. Zailtasunei aurre egiten laguntzea izaten da gure eginbehar garrantzitsuenetakoa.

Denok ezagutzen ditugu erretzearen ondorioak eta, hala ere, jende askok ez du lagatzeko pausoa ematen. Zer behar dute pertsona horiek erretzeari lagatzeko?
Beharrezkoa izaten dena motibazioa da, laga nahi izatea eta pausoak emateko prest egotea. Desiotik ekintzetara pasatzeko denbora eta indarra beharrezkoak dira. Nork bere buruari aukera bat ematea, beldur horiei aurre egiteko eta erretzeari lagatzea posible dela erakusteko.

Zergatik da garrantzitsua kanpoko laguntza izatea?
Prozesu hauetan, bakarka baino, kanpoko laguntza izateak hamar aldiz handitzen du helburua lortzeko aukera. Garrantzitsua izan daiteke kanpoko laguntza profesionala eskatzea.

Zeintzuk dira momentu zailenak behin lagatzeko erabakia hartu eta gero?
Ez da erantzuteko erraza. Pertsona eta momentuaren arabera aldatu baitaiteke. Batzuentzat erretzeari uzteko pausoa ematea oso zaila izaten da, bereziki inoiz laga ez dutenentzat. Egoera berri horretara pausoa ematea hutsera pauso bat ematea bezala bizi daiteke. Eta, behin pausoa emanda, ondo daramate prozesua.
Beste batzuk, berriz, uzteko ez dute zailtasunik, baina lehen bost egunetan oso gaizki pasatzen dute; aldiz, badira erretzeari laga eta handik hiru-sei hilabetetara krisiak izaten dituztenak ere. Esan dudan bezala, zaila da erantzuten. Hala ere, esperientziak esaten dit, askotan, uste baino errazagoa izaten dela prozesua. Ez dut esaten erraza denik, baina batzuetan uste baino errazagoa izaten da.

Zenbat denbora irauten du menpekotasun fisikoak? Eta psikikoak?
Ikerketen arabera, dependentzia fisikoak 4-6 aste irauten du, nahiz eta askorentzat gogorrenak lehen egunak izan. Psikologikoa, berriz, zailagoa izaten da kalkulatzen, nahiko subjektiboa delako. Hala ere, guk urtebeteko epeaz hitz egin ohi dugu. Horrek ez du esan nahi urtebete sufritzen igarotzen denik, baizik eta beharrezkoa izaten dela egoera ezberdinetatik pasatzea erre gabe (lehenengo gabonak, oporrak, egoera tristeak, alaiak…) lotura psikologiko hori eten dela ikusteko.

Erretzaile mota desberdinak daudela esan daiteke? Zergatik dute batzuk beste batzuk baino menpekotasun handiagoa?
Nik esango nuke ez dagoela berdina den erretzailerik, pertsona bakoitza ezberdina den bezala. Menpekotasunak multifaktorialak izaten dira (faktore organikoak, kontsumo kantitatea, erretzeari erlazionatzen zaizkion egoerak, emozioak, ohiturak…). Eta, hori guztia kontuan hartuta, erretzeari lagatzeko momentuan, prozesu horretan bidelagun izateko momentuan, norbanakoa kontuan hartu behar da. Bati laguntzen dionak agian beste bati lagun diezaioke, edo ez. Eta horretan saiatzen gara, bai taldean eta bai bakarkako lanean. Norberaren estrategiak indartzen edo berriak proposatzen, helburua lor dezaten.