Ahoztar Zelaieta, kazetaria: “Etikoak eta moralak ez diren gauza batzuk norma bihurtzen dira”

Ahoztar Zelaieta, kazetaria: “Etikoak eta moralak ez diren gauza batzuk norma bihurtzen dira”
2020/07/24 eta kitto!
Zaldibarko zabortegiak kiratsa igortzen diharduen bitartean, Ahoztar Zelaietak hautsak harrotuko dituen liburua du prest: ‘Zaldibar. Zona cero’. Liburuak irailean ikusiko du argia eta Zaldibarko zabortegian gertatutako irregulartasunak aireratuko ditu.

 

Zer jaso duzu ‘Zaldibar. Zona cero’ liburuan?

Zaldibarko gertaera nobelatu dut eta ikertzaile pribatu bat da protagonista. Bera autopistatik pasatzen da zabortegia jausten denean eta, gertatutakoarekin aztoratuta eta irratian bi hildako daudela entzutean, ikerketa abiatzen du. Pertsonaia hori erabiliz, hainbat iturrik eman didaten informazioa bildu dut liburuan.

 

Aste honetan Jose Ignacio Barinaga zabortegiko jabearen atxiloketaren berri izan dugu, besteak beste. Liburuko izen propioetako bat da?

Bai. Liburua irailean kaleratzea pentsatu nuen, hauteskundeen ondoren zerbait gertatu litekeela aurreikusi nuelako (De Miguel kasuaren sententzia ere hauteskunde batzuen ondoren heldu zen). Abuztuan amaituko dut liburua eta azken berri hauek bilduko ditut.

 

Nolako lotura du Zaldibarko ezbeharrak Eibarrekin?

Zabortegiko akzionista batzuk eibartarrak dira. Izen batzuk atera dira, baina askoz gehiago izan dira akziodunen batzarretan parte hartu izan dutenak. Bestetik, enpresaren ordezkaria Javier Sanchez zen, Iñaki Arriola Eibarko alkate zenean bere idazkaria zena. Gero, akziodun hauek hainbat enpresa izan dituzte eta Eibarren hainbat operazio burutu zituzten, batzuk oso polemikoak, Arriola alkate zenean. Barinaga Kondia baserrian jaio zen eta ‘Eibarko Kondea’ bezala da ezaguna, eta Arriolak berak publikoki onartu du ezagutzen duela.

 

Zaldibarko zabortegiari ‘El agujero’ izena eman zioten. Zergatik?

Oso nabarmena da sektore ezberdinetako profesionalek (kamioilariek, ingeniariek, enpresariek, politikariek…) ‘El agujero’ horren berri zutela. Horren inguruko ezagutza transbertsala zegoen, baina zabortegia jaustean autopista ukituko ez balu eta azpian bi langile harrapatuko izan ez balitu, normaltasunaren barruan jarraituko luke lanean. Baina alarma soziala eta drama pertsonal horiek piztu direnez, gaiari fokoa jarri zaio eta hedabideek azterketa zehatza egin dute (Berriak, Gara, Argiak, El Correok…) eta alderdi politikoek. Orain ‘El agujero’ albiste da komunikabideetan, baina lehen ere notizia zen, bizilagun eta profesional askok han gertatzen zenaren berri zutelako. Horrek ematen du tristura, horrelako gauza bat gertatu behar izan dela hedabideek eta alderdi politikoek Zaldibarko zabortegian fokoa jartzeko.

 

Zabortegiko jarduna eta kudeaketa ohiko zerbait da mota bereko enpresetan?

Hori normalizazioaren barruan dago. Etikoak eta moralak ez diren gauza batzuk norma bihurtzen dira. Adibidez, zabortegiko akziodunek sozietate harremanak izan dituzte URAko zuzendariarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen zuzendariarekin, SPRIko zuzendariorde ohi batekin (Patxi Lopez lehendakaria zenean) eta putetxeko jabeekin. Putetxeena ere normalizazioaren barruan gertatzen da. Eibarren, Ermuan eta abar lizentziak ematen zaizkie, ez da arakatzen emakumeak ondo dauden, hor egon nahi dutelako dauden edo ez, eta prostituzioa gauza normaltzat hartzen da. Ez da egon inoiz manifestaziorik Eibarko edo Zaldibarko putetxe baten aurrean, eta putetxeetan gauza asko elkartzen dira.

 

Putetxeen gaia, narkotrafikoa, ustelkeria… landu dituzu aurretik…

Hain zuzen ere, Sebastian Deagra zabortegiko jabearen sozioa izan dena putetxeen gaia landu nuenean ezagutu nuen eta Josean Tolosa pilotari ohiaren anaiarekin harremana zuen. Josean Tolosa bera ere Jose Ignacio Barinagaren familiaren sozioa izan da eta bere garaian Deban afera izan zuten ingurumen kontu batengatik. Horrelako pertsonaiak tabuak dira, mitoak, eta hori da ‘euskal oasiaren’ blindajea. Horri aurre egitea euskaldunak gure ispilura begiratzea litzateke eta gaitza egiten zaigu. Nahiago dugu ustelkeria, bezerokeria, proxenetismoa, narkotrafikoa… Espainolen arazoak direla esatea.