Ainara Lavado: "Hedabide jeneralistentzat erronkak handiak badira, are gehiago txikientzat"

Ainara Lavado: "Hedabide jeneralistentzat erronkak handiak badira, are gehiago txikientzat"
2019/10/28 18:05
eta kitto!
Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak antolatuta,  nazioarteko kongresu bat egon zen urriaren 16 eta 17an Edinburgoko Unibertsitatean. Hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa  eta horien garapena aztertu zen bertan. Euskal Herritik joandako aditu eta profesionalen artean, Ainara Lavado …eta kitto! Euskara Elkarteko normalizazio arduraduna daukagu,  eta berak kontatu dizkigu handik jaso dituen ondorio eta ideia nagusiak.

- Zein izan da Kongresuaren ardatza?
Kongresu edo topaketa hau hizkuntza gutxiagotuen ikuspegitik sortu da, eta batez ere Europako hizkuntza gutxiagotuen kasuak aztertu dira, nahiz eta Afrikako kasu batzuk ere azaldu diren. Egoera soziolinguistiko desberdinetan hedabideen rola zein izan den ikusi da. Gutxiagotutako hizkuntzak izateak ez du esan nahi herrialde horietan hizkuntza horiek egoera berdinean daudenik. Leku batzuetan ofiziala da, baina beste batzuetan ez; zenbait lekutan (Afrikakoen kasuan, esaterako) jendea ez dago alfabetatua eta, horregatik, hizkuntza horretan irratiak sortzen dituzte. Beste batzuetan, txikiak diren arren (frisiarraren kasua, adibidez), gehiengoaren kaleko hizkuntza da, baina ez dakite hizkuntza horretan idazten edo irakurtzen. Bosnia eta Serbiaren kasuan ez da bakarrik hizkuntza aldatzen, idazkera ere aldatzen da (batzuk latinoa eta beste batzuk zirilikoa daukate). Oso egoera soziolinguistiko desberdinetan topatu ditzakegun hedabideak aztertu dira.

- Zein da hizkuntza gutxiagotuetako hedabideen papera bereziki gaur egun bizi garen mundu globalizatutan?
Hedabideetan alde batetik negozio alorra dago, hau da, produktua erakargarria egitea, gizarteak eskatzen duenari erantzutea, konpetitiboak izatea… Eta beste alorra hizkuntzaren normalizazioan betetzen dugun papera litzateke, hau da, ikuspegi kulturala. Kasu guztiak ikuspegi biak kontuan hartuta aztertu dira. Euskararen normalizazioan lanean gabiltzanok argi daukagu hedabideak ezinbestekoak direla hizkuntzen biziraupenereako. …eta kitto! Euskara Elkartea eta izen bereko aldizkaria ia sasoi berean sortu ziren. Aldizkaria elkartearen beste adar bat gehiago da, eta ezinbesteko tresna euskararen normalizaziorako. Hedabideek izan duten garapena izaugarria izan da. Lehen hiru aukera besterik ez zeuden: idatzizkoa, telebista edo irratia. Gaur egun, aldiz, sarearekin, askoz ere aldakorragoa den beste espazio paralelo bat zabaldu da Interneteko bideo plataforma berriak, Podcastak… Espazio birtual paralelo horrek, ikuspegi kulturala galdu barik, negozio ikuspegi horretatik beti egunean egotea eskatzen digu. Erronka handia dago hor, baina egia ere bada herrialde batzuek beste batzuek baino askoz ere baliabide gutxiago dauzkatela.

- Beraz, munduko leku eta egoera desberdinetan hedabideek betetzen duten funtzioa azpimarratu da Kongresuan…
Hedabideek komunitateak sortzeko, hizkuntzaren estandarizaziorako eta entretenimendurako balio dute, eta eurei esker hizkuntzek beste esparru batzuk irabazi ditzakete. Gaur egun gehien kontsumitzen dena entretenimendua da eta, fikzioari esker, egunerokotasunean hizkuntza horiek bereganatuta ez dituzten espazioak bereganatu ditzakete. Izan ere, gutxiagotutako hizkuntzen ezaugarrietako bat  da esparru guztiak betetzen ez dituztela.

- Gustora etorri zara landu diren gaiekin?
Oso gustora. Ikuspegi zabal batetik ekimen desberdinak jarri dira  mahai gainean, eta bakoitzak bere errealitatera zer egokitu dezakeen erabakitzea ahalbideratzen du. Oso esperientzia positiboa izan da. Kasu konkretuak aztertu dira, eta zerbait faltan bota baldin badut hizkuntza horien egoera soziolinguistikoaren aurretiko azterketa izan da. …eta kitto! astekariari buruz egindako ikerketa aurkeztu zenean, jakinmina sortu zen, galderak egin ziren, Eibarrek zenbat biztanle dituen galdetu zuten, adibidez. Hemen bertan, 40 kilometrora, oso errealitate desberdinak aurkitu ditzakegu biztanle kopuru berdinarekin. Zarautzek biztanle kopuru antzerakoa izan dezake, baina errealitate soziolinguistikoa oso desberdina da. Irizpide bakar batekin ezin daitezke ondorioak atera. Ghanakoek irratia sortu zuten jendea ez dagoelako alfabetizatua eta idatzizkoek ez daukatelako kasu horretan lekurik, baina ezin zuten internet bidez emititu, jendeak ez daukalako sarbiderik. Asko aldatzen dira gauzak errealitatearen arabera, eta hedabideen izaera bera ere gizarte horren ezaugarrien araberakoa izaten da.

- Zeintzuk uste duzu direla hedabideek ditugun erronkak?
Egokitzeko gaitasuna izatea, erakargarriak izatea eta sasoian sasoiko tresnak erabiltzea dira gure erronkak. Hedabide jeneralistentzat erronka handiak baldin badira, are gehiago hedabide txikientzat. Gaur egun sarbidea daukagu munduko edozein komunikabidek egiten duena ikusteko eta, zentzu horretan, erakargarri izateko behar hori handiagoa da. Dikotomia handia dago hor: nola eutsi ikuspegi kuturalari, negozio ikuspegiak gero eta pisu handiagoa daukanean, hau da, itzeleko konpetentzia daukagunean.

Edinburgo taldekoa