Ainhoa eta Alberto (Zorionak ludoteka): “Zinemaldian gure konfort-zonatik irtetzeko aukera izan dugu”

Ainhoa eta Alberto (Zorionak ludoteka): “Zinemaldian gure konfort-zonatik irtetzeko aukera izan dugu”
2019/10/04 eta kitto!
Eibarko Zorionak ludotekako Ainhoa Muniategi eta Alberto Sanchez psikopedagogoak Donostiako Zinemaldiko “Puxika Gorria” haurtzaindegian egon dira lanean Zinemaldiak iraun duen bitartean. Zerbitzu hau aurten antolatu da lehen aldiz Zinemaldian akreditatutako pertsonentzako. Haurtzaindegia 6 hilabete eta 6 urte bitarteko umeentzat izan da eta       San Telmo Musoeoko 100 metro inguruko espazioan egon da kokatuta. Familia eta lanaren arteko kontziliazioa sustatzeko eta Zinemaldira lanera etortzen diren familiak euren seme-alabekin etorri ahal izateko ekimen arrakastatsua eta txalotua izan da.

- Nola sortu zen Zinemaldian haurtzaindegia antolazeko ideia?
Ideia Parenting at Film Festivals elkartearena izan da, eta Zinemaldiaren, San Telmo Museoaren eta CIMAren (Zinema eta ikusentzunezkoen arloko emakumeen elkartea) laguntza izan du. Cannes-en estilo horretako ekimen bat egin zuten, Le Ballon Rouge,  eta Donostian ere horrelako zerbait egin zitekeela pentsatu zuten. Zorionak Ludoteka izan da Puxika Gorriko ekintzak aurrera eramateko ardura izan duena.

- Non egon da haurtzaindegia eta zein izan da funtzionamendua?
San Telmoko gela didaktikoa erabili dugu ekintzak egiteko. 6 hilabetetik 6 urtera arteko haurrentzako zerbitzua izan da.100 metrotan adinaren araberako txoko desberdinak antolatu ditugu, eta anexo batean jolastoki bat izan dugu jolasteko eta gauza desberdinak egiteko. Zinemaldiak iraun duen bitartean egon da zabalik, goizeko 10:00etatik 20:00ak arte.  Umeak gehienez 6 ordu egon zitezkeen egunean. Egitarau bat zegoen, harrera eta txoko ekintzak, garbiketa eta elikadura ekintzak, siesta…, baina irten eta berriro sartzeko aukera zuten. Familien betebeharren araberako zerbitzua eskaini dugu azken finean. Aquariumera irteera bat egin genuen haur eta familiekin.

- Nori egin dio mesede zerbitzuak?
Jaialdian akreditutako jendearentzako izan da, hau da, antolaketan lan egiten dutenentzako eta Jaialdian parte hartzera  etorritako sektoreko eta agentzietako profesionalentzako (zuzendariak, produktoreak, gidoigileak, aktoreak, teknikariak, kazetariak…) Lanbidea eta familia kontziliatzeko pausu bat gehiago izan da, eta hurrengo urteetan errepikatzea espero dugu. Gurasoei ez ezik, haurrei ere laguntzen die ekimenak. Haurrak, gurasoak lanean dauden bitartean, gela itxi batean egon beharrean, kalitatezko jolas-gune batean daude, non errespetua, komunikazioa, emozioen gestioa eta beste hainbat arlo lantzen diren.

- Profesionalki nola baloratzen duzue esperientzia?
Desberdina izan da, eta momentura egokitzeko ahalmen handia eman digu. Gure konfort-zonatik irtetzeko aukera izan dugu: gertuko ludotekatik irten eta egoera berri eta anitzei egin diegu aurre. Ezin dugu ahaztu mundu osoko jendea dela Zinemaldian mugitzen dena, hizkuntza, kultura eta ohitura desberdinekin. Azkenean ikasten duzu berdin dela haurrek zein hizkuntzatan hitz egiten duten. Haurrak beti haurrak dira, eta jolasa hizkuntza unibertsala da. Oso polita izan da leku, hizkuntza eta adin desberdinetako haurrak elkarrekin ikustea, inolako mugarik gabe. Ohiko ludutekaz haratago, horrelako jaialdi edo ekitaldi berezietan guretzako esparru zabala dagoela ikusi dugu. Familia eta enpresa asko proiektua ikustera eta zoriontzera etorri dira.

- Zenbat jende egon zarete lanean?
Gutaz gain, Vanessa Gerardi ingelesezko irakaslea eta Jon Monje haur hekuntzako irakaslea izan dira. Beraz, bi neska eta bi  mutil egon gara. Batzuei atentzioa ematen zien bi mutil ludotekan ikusteak. Baina gauzak aldatzen ari direla argi dago. Matrikulen erdia, esate baterako, gizonezkoek gestionatu dute Puxika Gorrian. Haurren zaintzari dagokionez belaunaldi gazteen artean gauzak asko aldatzen ari dira, zorionez.

ludoteka arsgazkia (1)Alberto eta Ainhoa kartela

https://www.youtube.com/watch?v=2DU51ofYdsk