Aitziber Salazar: “Eibarrera datozenen ezagutzak kalera ateratzea eta elkarbizitza sustatzea nahiko genuke”

Aitziber Salazar: “Eibarrera datozenen ezagutzak kalera ateratzea eta elkarbizitza sustatzea nahiko genuke”
2022/09/23 11:17
eta kitto!
Uztailaz geroztik immigrazio teknikari berria dugu herrian: Aitziber Salazar Arresti. Xabier Andresen tokia hartu du eta irailean ohiko martxa hartu ondoren, gogotsu hasi du bidea, gauza asko egiteko gogoz. Horrela, atzerritik Eibarrera datozenei laguntzeaz gain, elkarbizitza egokirako bideak lantzeko nahia du teknikariak.

Joan den urteko datuen arabera, beste herrialde batzuetatik etorri diren 2.734 lagun bizi dira Eibarren. 75 herrialde ezberdinetatik etorri diren eibartarrak dira eta, beraz, Eibar herri kosmopolita dela esan daiteke. Azken bi hamarkadetan herrian eman den migrazio fenomenoak jarraitu egingo duela dirudi eta, errealitate horri aurre egiteko, herriko eragileen elkarlana ezinbestekoa dela deritzo Aitziber Salazarrek.

 

Uztailean hartu zenuen kargua. Nolakoak izan dira lehenengo bi hilabeteak?

Ez da sasoi erraza izan, udako oporren ondorioz herriko elkarteek eta erakundeek etena egin dutelako euren jardunean. Beraz, abuztu amaieran hasi nintzen eurekin harremana izaten. Ordura arte, nire proposamena prestatzen ibili naiz, egin nahi ditudan gauzak zehazten, eta arlo politikotik oniritzia jaso dut. Egin beharrekoa ezagutzeko eta neure burua kokatzeko ere aprobetxatu dut denbora, eta, orain bai, martxa betean nabil. Atzo, adibidez, ‘Migrazioa ez da delitua. Bizitzak salbatzea ez da delitua’ izeneko mahai-ingurua izan genuen Portalean, urrirako beste ekintza bat antolatzen dihardut eta azarotik aurrera programazio bat izango dugu.

Proposamena egin duzula aipatu duzu. Nolakoa da?

Lehen, Gizartekintzako immigrazioaren inguruko zerbitzuak ematen zuen arreta bat non pertsonei tramiteak egiten zitzaizkien. Orain, aholkularitza ematen jarraituko dugu, baina ez da tramitazioa egiten. Beraz, alde batetik, jendea ahalduntzeko ideia dugu. Azken neurrian, hona etortzen diren etorkinek laguntza behar dute, baina ahaldundu egin behar ditugu euren bidea nola egin jakin dezaten. Horretarako, hemendik urte amaierara arte bi saio egingo ditugu nazionalitatea eta bestelako paperak lortzeko behar dituzten bitartekoak nola lortu ahal dituzten jakin dezaten. Biltzen elkartekoak etorriko dira hori guztia azaltzera. Eta bestalde, etorkinak administrazio elektronikoari dagokion kontuetan ahaldundu nahi ditugu. Hasieran, ordezkari baten bitartez aurrez aurreko zerbitzura jo behar izaten dute tramiteak egiteko, baina AIZ txartela lortzen dutenean administrazio elektronikoa erabili dezakete eta ikastaro horren bitartez euren egunerokoan lagungarriak izan daitezkeen tresnak eskaini nahi dizkiegu.

Jarduera horiez gain, baduzu pentsatuta beste zerbait egitea?

Immigrazioarekin zerikusia duten jarduerak ekarri nahi ditugu herrira berriro. Ideia batzuk ditut, baina herriko erakunde eta elkarteekin osatu nahi ditut. Eurekin bilerak edukitzen dihardut eta programa bat osatzea da asmoa. Adibidez, Eibarren Kulturarteko Jardunaldiak egiteko ohitura egon da, baina lanpostuan nahiko berandu sartu naizenez, ezin izango ditugu aurten egin. Dena dela, horren ordez, abenduaren 18an Migratzaileen Nazioarteko Eguna aprobetxatuz, zenbait ekintza egingo ditugu. Horrez gain, asmo gehiago ditugu esku artean. Batetik, Bizilagunak ekimena egingo dugu azaroaren 20an. Eragileek pozik hartu dute guk bertan parte hartzea, hasieran ez zegoelako programatuta. Eta bestetik, klima aldaketa, gatazkak eta migrazioa zeinen lotuta dauden landu nahi dut ekimen baten bitartez, gai horren inguruan esperientzia asko batu baitut azken urteotan. Bakearen eta gatazken inguruko ikasketak egin nituen Suedian, eta urteak daramatzat nazioarteko harremanen inguruan eta ingurugiro gaietan lanean.

Garrantzitsua da horrelako ekintzak egitea?

Zerbitzu honek Eibarko herritar guztiei eta atzerritik datozenei lagundu behar die, eta horrelako ekintzen bitartez kalean erakusten dugu guztiok eibartarrak garela eta, nahiz eta kulturalki tradizio edo ohitura ezberdinak izan, guztiok elkarrekin bizitzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera dugula. Horregatik, martxan zeuden zenbait programa berreskuratu nahi ditugu 2023an. Adibidez, Eibarren Bizi programa, kanpotik datozenentzat garrantzitsua delako Eibar eta Euskal Herria nolakoak diren jakitea eta gure hizkuntza ezagutzea. Zentzu horretan, berebizikoa izango da Udaleko Euskara Sailarekin eta ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlana sustatzea.

Klima aldaketaren eta migrazioaren arteko lotura aipatu duzu. Fenomeno hori igartzen ari gara hemen dagoeneko?

Fenomeno hori gertatzen ari da eta hemendik aurrera gehiago ikusiko dugu. Begira nolako uda izan dugun hemen. Ez dugu horregatik migratuko, baina horrela jarraitzen badugu, jendea mugitu egin beharko da. Adibidez, turismoan ikusi da aldaketa. Lehen, estatu mailan, jendeak hegoaldera jotzen zuen oporretan, baina aurten oso tenperatura altuak egon dira eta jendea Euskal Herrira eta antzeko tokietara etorri da. Beraz, begirada altxatu eta munduari begiratzen badiogu, etorkizun hurbilean klima aldaketak migrazioan eragina izango duela ikusiko dugu. Ikasketak egiten hasi nintzenean gai honi buruzko lehen ikerketak egiten hasi ziren, baina gaur egun garrantzia handia hartu duen gaia da. Horrela, gai hau lantzeko orduan ondo legoke Udaleko Ingurumen Sailekoekin elkarlana egitea.

Elkarlana berba zenbaitetan aipatu duzu. Berebizikoa da immigrazioaren gaia lantzeko?

Batzuetan ez dugu ikusten, baina Udaleko sail askorekin elkarlana egin dezakegu, immigrazioaren barruan gai ezberdin asko lantzen direlako. Asmo asko ditugu eta ikusiko dugu zer egin daitekeen, baina aukerak ikusten joango gara eta, bestetik, jendeak jakin dezala hemen gaudela. Txipa aldatu nahi dugu immigrazio zerbitzuari dagokionez. Etorkinei laguntza eskaintzen jarraituko dugu (aholkularitza eta abar), baina Eibarrera bizitzera datozenen ezagutzak kalera ateratzea eta elkarbizitza sustatzea ere nahiko genuke.

Nolako ekintzak egin daitezke ezagutzak kalera atera eta elkarbizitza sustatzeko?

Besteak beste, kultura ezberdinen arteko egunak antolatu daitezke. Adibidez, jendeak Ramadana zer den jakin dezake, baina herrian baditugu nepaldarrak ere eta budismoaren inguruko gauzak erakutsi ahal ditugu. Ez da erlijio kontua bakarrik, baizik eta nola bizi dituzten kontu horiek. Singapurren bizi izan nintzen urtebetez eta konturatu nintzen gure gizartearen jaiez aparte ez nekiela ia ezer beste kultura eta ohituren inguruan. Han hiru kultura dira nagusi (txinatarrak-budistak, indiarrak-hinduak eta malaisiarrak-musulmanak) eta bakoitzaren inguruan jaiegun bat zegoen, kultura eta erlijio bakoitza hobeto ezagutarazteko. Antzeko zerbait antolatzea gustatuko litzaidake hemen. Izan ere, ohitura, erlijio eta kultura ezberdineko jendea bizi da Eibarren, hori da daukagun errealitatea, eta nola funtzionatzen duten ezagutzea eta ulertzea lagungarria izan daiteke elkarbizitzeko.

Immigrazioari dagokionez, Eibarrek nolako ezaugarriak ditu?

Jatorriari dagokionez, magrebtarrak dira nagusi eta, gero, latinoamerikarrak. Hala ere, herrialde ezberdin askotatik datoz (75etik gora) eta horrek aniztasuna ematen dio Eibarri. Lortu behar duguna da jende hau ez egotea etxean sartuta, baizik eta integratzea eta gure bizilagunak bilakatzea bizitzaren arlo guztietan. Era berean, nahiz eta jaioterria beste nonbait izan, oso eibartarra sentitzen den jendea aurkitu dut. Bizilagunekin harremana edukitzeko gogoa dute, nahiz eta badakiten batzuetan arazoak daudela. Agian Eibarren eta Euskal Herrian oraindik ez, baina beste toki batzuetatik datozen oihuak ez dira onak. Beraz, ezberdinak ez garela erakutsi behar dugu; berdinak garela, baina anitzagoak.