AIZPEA IZAGIRRE (Sosola baserria): “Motibaziorik handiena jendeak zure produktua estimatzen duela ikustea da”

AIZPEA IZAGIRRE (Sosola baserria): “Motibaziorik handiena jendeak zure produktua estimatzen duela ikustea da”
2021/11/29 eta kitto!
Lasartearra jaiotzez, 19 urte daramatza Aizpea Izagirrek gure artean bizitzen, Sosola baserrian. Bere bi pasioak, baserri-mundua eta elikadura, uztartzea lortu du, okingintzan espezializatuz. Nekazaritza aukera bat dela aldarrikatzen du eta nekazari, kontsumitzaile eta erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela uste dio.

Nekazaritzatik bizi zarete Sosola baserrian. Zertan aritzen zarete eta zenbat pertsona zaudete lantaldean?
Soldatapeko bi ekoizpen mota ditugu momentu honetan: gazta eta ogia. Lau langile gabiltza, bat artzaintzan eta hiru okintzan. Horrez gain, autokontsumorako ortua, frutarbolak eta oiloak ditugu. Bi aktibitate horiekin nahikoa daukagu, gure helburua ere badelako lan-baldintza duinak izatea.

Biolur elkarteko bazkideak zarete. Zer ematen dizue Biolurrek bazkideei?
1994an, ni oraindik Sosolara iritsi aurretik, ekologikoaren aldeko apostua egin zuen Enrikek. Sasoi hartan sortu zen Biolur,  eta elkarteko kide egin zen. Enrikek hasieratik oso argi izan zuen ekoizpen ekologikoaren bidea egin nahi zuela, azken batean bere aitxitxa eta amamaren eredua zelako. Lurrak ematen duen hortan eta inguruneari egokitutako ekoizpen-prozesu bat izatea nahi zuen. Biolur elkarteari dagokionez, baserritarren arteko elkarlana azpimarratu nahiko nuke: elkar laguntzeko eta  elkarrekin ikasteko aukera ematen digu. Bakarka motz geratzen zara, eta Biolurrek hain beharrezkoa den babes hori ematen digu. Ez gara konpententzia gisa ikusten. Horren harira, produkzioari muga bat jartzearen aldekoa naiz, baserri bakoitzak eduki dezakeen muga. Eta eskaera handitzen bada, bizi daitezela baserri gehiago hortik. Produkzio handiko ereduetara ohituta gaude eta uste dut beste eredu bat egon beharko litzatekeela.

Zu lasartearra izanda, nola etorri zinen Eibarrera?
Garai hartan Lasarten kontsumo-tade bat sortzeko nahia genuen eta baserritarrek ekologikoaren gaia nola bizi zuten ezagutzearren hurbildu nintzen EHNEra. Han ezagutu nuen Enrike. Handik urte batzutara Eibarrera etorri nintzen. Kaletarra nintzen, baina txikitatik baserri-mundua ezagutzen nuen familiari esker. Nire burua baserrian eta baserritik bizitzen ikusten nuen, nahiz eta erizain bezala nenbilen lanean. Nutrizio eta dietetika ikasketak ere eginak nituen, eta elikaduraren gaia beti izan da motibagarria niretzat. Baserriak gustuko dudan hori egiteko aukera eman dit; ogigintzan zentratu naiz, beti ere ekoizten dugun horretan benetan sinistuz eta kalitatezko produktuak eginez.

Gazteek nahiko konplikatua daukate nekazaritzan jardun nahi badute…
Hemen oso zaila da lurra lortzea, nekazaritza- edo abeltzaintza-proiektu bat aurrera ateratzeko beharrezkoa den oinarri hori. Iparraldean nekazaritza eta abeltzaintzaren kontzientzia hori askoz ere gizarteratuagoa dago eta errekonozimendu handiagoa dauka. Haiek argi daukate lurraren portzentaia bat nekazaritzara bideratua egon behar dela, eta horretarako baldintzak eskaini behar direla. Industria izan da hemen beti  erreferente nagusia, eta nik ez diot industriari ezer kendu nahi, baina aldarrikatu nahiko nuke nekazaritza ere estrategikoa dela.

Zer egin beharko litzateke nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko?
Nekazaritza aukera bat da eta eta administrazioak apostu batzuk egin behar ditu. Gaur egun hainbesteko garrantzia hartzen ari duen natura eta ingurunearen zaintza kudeatu dezaketen enpesak nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen dira. Landa-eremuak zabalik eta zainduta egoteko  baserriek bizirik egon behar dute nahi eta nahi ez, administrazioek berez ez daukatelako horretarako baliabide nahikorik. Erakundeek, eta kasu honetan Eibarko udalak, lurrak erosi beharko lituzkete, publiko egin eta nezakaritza edo abeltzaintza sustatuko duten proiektuei eskaini. Bestetik, herritar bezala bertako produktuen aldeko apostua egin beharko litzateke, hori baita baserri horiek bizirik irauten laguntzeko modua. Herritarren, baserritarren eta erakundeen aldeko elkarlana beharrezkoa da. Agroekologiaz dihardugunean, gauza askori buruz hitz egiten dugu: klima-aldaketaz, osasunaz, ingurugiroaz eta baita hor lanean ari diren pertsonen duintasunaz ere. Errekonozimendu hori denon artean lortzen da, elkarlanaren bidez.

Nola merkaturatzen dituzue zuen produktuak? Eta zein da kontsumo-taldeen zeregina?
Eskualde mailan saltzen dugu denda txikien eta tabernen bitartez. Gure lanerako oinarrizko pilareak dira, oso garrantzitsuak, eta egiten duten lana aitortu behar zaie. Zer lirateke gure herriak tabernarik eta denda txikirik gabe?  Kontsumo-taldeena beste aukera polita da. Talde hauetan kontzientziatuta dagoen jendea egoten da, eta prest egoten dira, produktuak kontsumitzeaz aparte, beraiek ere zerbait emateko. Horrelako jendea oso baliogarria da zure produktu horri beste zentzu bat emateko.

Zein da azoken zeregina?
Azoka mota desberdinak daude. San Andres bezalako azoka puntualetara produktua saltzera baino gehiago bezeroekin urtean zehar eduki ez duzun aurrez aurreko harreman hori lantzera zoaz. Aldiz, eguneroko edo asteroko azokak bizimodua ateratzera bideratutako azokak dira eta etengabeko harreman zuzen hori oso garrantzitsua da: bezeroak ekoizlea ezagutzen du, bere aurpegia ikusten du eta, gainera, heziketa bat ematen da harreman horretan; baserritarrentzat, berriz, hartueman hori oso motibagarria da. Motibaziorik handiena jendeak zure produktua estimatzen duela ikustea da.

Nola irudikatzen duzu Errebal Plazia?
Errebali herriko plazaren zentzua eman behar zaiola uste dut. Familientzako eta harremanetarako gune bat izan beharko luke, ez bakarrik salmentarako gune bat. Merkatu-plaza batek bizia izan behar du. Helduentzako eta zaharrentzako gune bat izateaz gain, umentzako ere prestatu daiteke; erosketak egiten diren bitartean tailerren bat egon daiteke entretenitzeko edo irakurketa saioak, esate baterako.

P1020606