ALAIN ZULAIKA: “Magia da nire pasioa, eta orain arte hobbya izan dena lanbide bihurtu nahi dut”

ALAIN ZULAIKA: “Magia da nire pasioa, eta orain arte hobbya izan dena lanbide bihurtu nahi dut”
ETA KITTO 2022, Aza 22

Eibarko Udalak eta Debegesak garatzen diharduten HELDU! programan zortzi ekintzaile ari dira euren enpresak sortzeko lehen pausoak ematen. Formazio espezializatua, aholkularitza aditua eta tutoretza pertsonalizatua eskaintzen zaie. Magia lantzen du Alain Zulaika  elgoibartarrak, eta orain arte zaletasuna izan dena ogibide bihurtu nahi du. Horregatik eman zuen izena Heldu! programan.

HELDU! programan sormenak bere lekua dauka. Izan ere, mago moduan eman zenuen izena ekintzaileentzako programa horretan. Nola hasi zinen magia munduan?
Magia beti egon da nire bizitzan. Txikitatik gustatu zaizkit eszenatoki gaineko ikuskizunak. 12 urterekin Oliver magoaren udalekuan egon nintzen, Gatikan. Han magiaren mundua gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan nuen eta, etxera bueltatu nintzenean, magoa izan nahi nuela esan nien gurasoei. Batxilergo Artistikoa egin nuen, Bizkaiko antzerki eskolan ibili nintzen urtebetez, eta goi mailako kirol gradua egin nuen. Orain 22 urte ditut eta pasio horrekin jarraitzen dut. Tabernetan, ospakizunetan eta halakoetan saioak egiten joan naiz,  eta azken urte hauetan enpresa mundura hurbildu naiz, enpresentzako ekitaldietan parte hartzen, bezeroak dinamizatzen…

Nola azalduko zenuke Heldu! programaren bitartez lantzen ari zaren enpresa-ideia?
Debegesara joan nitzen, ekintzaileei laguntzeko eskaintzen duten zerbitzura. Bertan Heldu! programan sartzeko aukera eskaini zidaten. Helburua da orain arte nire hobbya izan dena profesionalizatzea eta lanbide bihurtzea. Milaka ideia ditut eta Heldu!-k lagundu dit aukera guztien artean fokua non jarri behar dudan argitzen. Horietako bat da enpresetan jardutea, ekitaldiak antolatzen direnean jendea erakartzeko eta bezeroen esperientzia hobetzeko, esate baterako. Gainera, nire fuertea beti izan da komunikazioa, eta horretaz baliatu naiteke enpresetan mezuak edo hitzaldiak emateko. Aldi berean, jatetxeetan sartzea ere aukera ona dela ikusi dugu. Eta ea horrela, apurka-apurka, lekua hartzen dudan magiaren munduan.

Heldu! programak formakuntza eskaintzen dizue hainbat arlotan. Zer azpimarratuko zenuke ?
Magoak etengabe ari gara ikasten, beste iturri askotatik elikatzen gara. Eta programa horren bitartez arlo desberdinetatik jorratzen ditugu: marketin eta publizitatea, finantzak, legedia… Marketin mundua asko gustatzen zait eta finantza arloa iruditzen zait zailena. Bestalde, enpresa mundua ez dut ondo  ezagutzen eta programa honen bitartez aukera daukat gure eskualdeko enpresetako jendea ezagutzeko eta lana nola egiten den ikusteko.

Alain Zulaika magia

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »