Juanjo Alvarez: “Alarma-egoera hamabost egun gehiago luzatzeak mesede egingo zigulakoan nago”

Juanjo Alvarez: “Alarma-egoera hamabost egun gehiago luzatzeak mesede egingo zigulakoan nago”
2021/05/14 07:51
eta kitto!
Aurreko asteburuan atzean laga genuen alarma-egoera eta pandemiari aurre egiteko hemendik aurrera hartu beharreko neurrien aurrean hainbat zalantza sortu ditu egoera berriak. Bizi dugun unean askotan ez zaigu erraza egiten ari ahal dena eta komeni dena uztartzea. Horko nondik-norakoak argitze bidean jo dugu irakaslearengana.

Legalki zertan aldatu da egoera maiatzaren 9tik? Zeozertan egin dugu aurrera batzuk gau horretan aldarrikatzen zuten "askatasun" hori kenduta?
Nahaste-zeremonia sakonagoan sartu gaitu. Azkenaldian bizi dugun zalantzen sasoiari legezkoa ere gehitu diogu. Alarma-egoerak hartutako neurriak babesten zituelako. Gobernuak ez dira euren gogoz mugak jartzearen aldekoak, baina pandemiak hainbat neurri hartzera behartu ditu. Hori dela-eta, alarma-egoerak jokatzeko zelaia eskaintzen zigun eta gobernu bakoitzak bere neurriak hartzen zituen horren arabera. Hori kentzean, 1986ko Osasun Legea besterik ez dugu, hiru hamarkadatan aldatu ez dena eta gaur egungo baldintzak aurreikusten ez dituena. Ezin dugu esan ezer ez dugunik, baina bai legezko hutsuneaaren aurrean gaudela. Lehendakariaren dekretuak eta COVID-aren aurkako legeak ez dute estaldurarik eskaintzen; eta orain aste batzuk geratzen zaizkigu egokitzapen teknikoak egiteko, baina beti ere konpetentziazko ahalmenik gabe. Alarma-egoerak hori eskaintzen zigun, murrizketak egiteko estaldura bat. Gizarte moduan txarrera egin dugu, arauketa bertan behera lagatzeak arazoak sortu dituelako.

Bestelako alternatiben artean, zeinek uste duzu eskaini zezakeela abantaila gehien? Faktore politikoek eta "prestigio" kontuek indar asko izan dute erabaki horretan?
Horrelako neurriak hartu aurretik zergatik heldu garen eszenategi horretara galdetu beharko genioke gure buruari, pantaila hori ez dugulako atzean laga, bertan jarraitzen dugu oraindik. Lehengo egoeran beste hamabost egunetan jarraitzeak mesede egingo liguke seguruenik; horrek ez luke zalaparta politikorik sortuko, nahi ez duenak ez egitearekin nahikoa izango zen. Horrelako egoeretan oso garrantzitsua delako estutasunik gabeko hausnarketa egitea, denbora hartuaz. Urtebete izan dugu indarrean zegoen araudia gaurkotzeko, guztioi zuzenduriko legeak onartzeko, politikoei dagokien esparruaren barruan sartzen da hori. PP-k horrelako proposamenik egin badu ere, markaje politikoek ez dute aurrera egiten laga. Prestigio kontua ere badago tartean, kanpoan zelan hartuko gaituzten kontu hori: baina Errusiako turista bati berdintsu egingo zaio alarman gaudela esan edo osasun-larrialdi batean, ez du alderik nabarituko. Aurreko barixakuan LABI bildu zenetik lehendakariaren dekretuak ez badu aurrera egiten, legeak ez du murrizketa orokorrik baimentzen. Hori horrela da. Baina zergatik ez zuen alarma-egoera hori publikoki eskatu? Idatziz egin zuen bakarrik, eta bazuen aukera erantzukizuna zegokionari zuzenean eskatzeko.

Europako beste herrialdeetan badute antzeko arazorik? Bada eredurik hemen aplikatu daitekeenik?
Hor zuzenbide konparatuaren eremuan sartzen gara eta interesgarria da ereduak aurrez aurre jartzea. Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan, hiru lurraldeetan, ondo ikusi dute mugen eragina ez dela gauza euren lurralde guztian pandemia mimetizatzeko. Frantzian bertan, hain jakobinoak izanda ere, lurraldeka sailkatu dute egoera. Gaixotasunaren garapenak hainbat arlo ikutzen ditu eta alor askotako neurriak hartu behar dira, ezin da alarma-egoeran egon eta egon. Horrek hainbat lege-garapen egitera eraman ditu bai Merkel eta baita Macron ere, azken honek bere kabuz jarduten badu ere egin eta desegin lanetan. Eta Merkelek, alarma-egoeratik kanpo ere, jakin izan du hainbat ahalmen delegatzen. Azken batean, eskubideak murrizteko alarma-egoera beharrezkoa dugu. Baina beti daude bitarteko neurriak, guztira heldu barik ere ezertan -edo ia ezertan- geratuko ez direnak. Nagitasun legislatiboa egon da gurean.

Azken hitza Auzitegi Gorenak izango du azkenean eta jurisprudentzia sortuko? Eusko Jaurlaritza eskutik hain lotuta dago?
Teorikoki bai, Auzitegi Gorenak erabakiko du, baina Konstituzio Auzitegia ere hor dago. Gaur astelehenean gaude, Kanarietako gobernuak esanda moduan Gorenera jotzen badu, hiru egun izango dituzte alegatuak egiteko eta bost egunetan Gorengoak erantzun beharko du. Etxeratze-agindua eta itxidura perimetrala behar baditut eta Konstituzio Auzitegira jotzen badut, ordinarioki, horrek erabakia geldiaraztea ekarri dezake, eta ez da desiragarria. Erabakitzera sartzen bada eta esaten badu murrizketa horiek ezin direla egin, horrek bere eragina izango luke baita Valentzian eta Balear uharteetan ere, orain arte bertan onartutako neurriak kentzeraino. Legeak estaldura eskaintzeko daude eta lehendakariak badu aukera dekretua aldatu eta itxidura eta etxeratzea aurreikusteko; horretarako, ez luke beharko helegite berririk, helegiteak neurria bertan behera lagatzea saihesten duelako. Gorengoaren iritziak, jakina, doktrina sortuko du. Azkenean Konstituzio Auzitegia ere inplikatu daitekeelako. Gaur egungo legeek ez badute estaldurarik eskaintzen, kartara egindako alarma-egoerara bueltatu beharko gara.

Arazoa maila politikoan ematen bada ere, ez da legezko kontu bat? Ez gaude berriro politikaren judizializazioaren aurrean?
Bizi dugun egoeran erantzukizun handiena legislatiboarena da. Baina ez dagoenez beste alternatibarik, azkenean epaileen gainera erori da lanik zailena. Ostalaritzak aurkeztutako helegitearen aurrean ere, horko epaian ez zen legaltasuna jokoan zegoena, baizik eta proportzionalitatea: ez zuen esan Eusko Jaurlaritzak ezin zuela horrelako neurririk hartu, baizik eta hartutakoa gehiegizkoa zela. Oraingoan, baina, legaltasun kontu baten aurrean gaude. Egoera zail honetan egonda ere, epaileek ezin dute legerik asmatu, euren funtzioa aplikatzea izan behar da. Madrilgo gobernuaren arduragabetasun politikoa besterik ez da hor.

Askotan aipatu izan duzu agintariek konfiantza gutxiegi dutela gugan. Pandemiarekin ere gauza bera islatu dela uste duzu?
Pedagogia sozialaren beharra daukagu, hori bai falta zaigula; gainera, politikoa bera herritarra denean politikoa izan baino lehenago. Pedagogia egoki batek eragina ere badauka jendearen animoan, eta hor Eusko Jaurlaritza ere kamuts dabil. Badakigu ez gaudela despotismo ilustratuaren garaietan eta hartu beharreko neurriak nahitaezkoak direla; hori jendeak ulertzen du, eta gutxi dira betetzen ez dituztenak. Baina, hala eta guztiz, faltan botatzen dut elkarrizketa bat zabaltzea, katastrofismoa eta haserreak alboratuta, berdinen artekoa, errudunak bilatzen ibili gabe. Bestela, gu aurrean gaude eta eurak han. Komunikazio-politika egokiak gauzak ulergarri bihurtu eta animoak ere pizten ditu.

Azkenik, eta gaiaren beste ikuspuntu batetik, pandemiarekin lotutako kontuetan ezarri diren isunen gehienak kobratuko dira? Edo aurkeztu ahal diren helegiteak aurrera egingo dute?
Lehenengoko alarma-egoeran ezarritako isunen kasuan, alarma-egoera kentzerakoan bertan izandako behin-betikoak ez diren zigor-neurriak ezin dira betearazi. Bigarren alarma-egoeran, baina, hori zuzendu egin zen eta desobedientzia irizpidea aldatu egin zen eta hauste administratiboa ezarri, eta azken horrek badu babes juridikorik. Beste guztirako, jakinda ere espediente bakoitza mundu bat dela, proportzionaltasunaren inguruko eztabaida izango da batez ere.