Amaia Albizu (botikaria): “Jendeari behar duena baino gehiago ez erosteko eskatzen diogu"

Amaia Albizu (botikaria): “Jendeari behar duena baino gehiago ez erosteko eskatzen diogu"
2020/03/17 eta kitto!
Kazetaria: Malen Illarramendi Beitia
Azken orduotan farmazietan botika falta somatzen hasi dira, almazenetatik oso unitate gutxi bidaltzen ari dira-eta. Jendeari zentzuz erosteko eskatzen zaio, benetan beharrezkoak dituztenak baino eros ez ditzaten.

 

Bizitzen ari garen egoera korapilatsu honen aurrean, lanean ari diren gutxienetariko batzuk zuek zarete, botikariak. Nola ari zarete bizi izaten egoera hau, batez ere, jendearen jarrerari dagokionez?
Jendearen artean urduritasuna nabari da orain dela egun asko, baina urduritasun hori gehitu egin da ostegunetik, eskolak itxi zituztenetik. Ordutik hona jendea egoera uste zutena baino larriagoa dela konturatu da eta botikara jo dute informazio- eta prebentzio-produktu bila.

 Zein izan da tokatu zaizun egoerarik deigarriena?
Produktu batzuen hornidura-falta dugunez, farmazian dauzkagunak bidezko era batean banatzen ari gara ahalik eta jende gutxien kaltetzeko. Hori dela eta, tira-biraren bat izan dugu, lehen aipatutako urduritasunagatik. Anekdota moduan, bezero batek bere txakurrarentzat gel desinfektatzailea eskatu zigun.

Ze erosten du jendeak gehien?
Orain eskari gehien duten produktuak, batez ere, produktu desinfektatzaileak, termometroak, alkohola, eskularruak eta maskarillak dira. Azken horien eskaria bereziki handia izan da Zaldibarko hondamendiaren ondorioz.

Zentzuz erosten dugu? Gainontzekoak kontuan izanda edo bakoitzak bereari begiratzen dio?
Izan dira kasu batzuk erosketa masiboak egin dituztenak. Koronabirusa hasi zenean, Txinan bizi den neska euskaldun batek, esaterako, 5.000 maskarila bidaltzeko eskatu zigun, baina, orokorrean, jendeak zentzuz jokatzen du eta besteen beharretan pentsatzen du. Hala ere, gaur jakin dugu medikamentuak faltatzen hasi direla, almazenak oso unitate gutxi bidaltzen hasi direla. Horregatik, jendeari  esaten ari gara benetan behar duena eramateko, eta etxean medikamenturik ez pilatzeko.

Zein prebentzio-neurri hartu dituzue zuen botikan? Nola erantzuten du jendeak horren aurrean? Errespetatu egiten dira neurriak?
Gobernuak alarma egoera dekretatu zuenetik, Farmazilarien Elkargo Ofizialak hainbat prebentzio-neurri gogortzea eskatu digu. Egunero mostradorea eta farmaziako gune desberdinak produktu desinfektatzailearekin garbitzen ditugu. Farmazilariok eskularruekin egiten dugu lan. Segurtasuna bermatzeko gutxieneko distantzia  errespetatzen dela ziurtatzen saiatzen gara, guk eurekin eta baita euren artean ere, lurrean markak ezarriz. Egun hauetan tentsioa hartzea edota glukosa- eta kolesterol- azterketak alde batera utzi ditugu. Batzuek ez diete gure segurtasun neurrei erreparatzen, baina pixkanaka badoaz ohitzen. Optimismoz hartzen dugu egoera eta espero dugu neurri horiek eraginkorrak izatea koronabirusa geldiarazteko. Hala ere, nahiz eta askotan errepikatu jendeari etxean geratu behar direla, ikusten dut kosta egiten dela hori onartzea.

Ordutegi zabalagoak dituzue orain, edo lehengoei eutsi diezue, betiko txandak eta ordu-kopuruak errespetatuz?
Farmaziako ordutegiak berdina izaten jarraitzen du, baina geure arteko txandak murriztu egin ditugu geure segurtasuna bermatzeko; izan ere, osasun sektorean lan egiten dugun neurrian, gure arriskuak berdina izaten jarraitzen du. Orain bi txandatan egiten dugu lan. Batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez, egoerak horrela jarraitu bitartean.

Badakigu ospitaleak, anbulatorioak, osasun-zentroak… kolapsatuta edo gainezka daudela. Jendeak zuengana jotzen du informazio eske? Horrela bada, zein aholku ematen diezue?
Sintomei buruzko galderak izaten ditugu edo zerbait sumatzen badute zer hartu dezaketen ere galdetzen digute. Guk, farmazia-bulegotik, eskuak ura eta xaboiarekin ondo garbitzea, gutxieneko segurtasun distantziak errespetatzea eta etxetik beharrizanetarako soilik irtetea gomendatzen dugu. Gomendio guztiak jarraituz gero, eta denok gure aldetik esfortzua eginez gero, lehenago itzuliko gara egunerokotasunera. Beraz, aholku moduan azpimarratu nahi nuke denon hobe beharrez jokatzearen garrantzia, eta zalantzarik izanez gero, erkidego bakoitzari esleitutako telefonora deitzea komeni dela zerbitzuak ez kolapsatzeko.

guanteak