Amaia Elizaran (dantzari eta koreografoa): “Emankizun bakoitza ezberdina, bakarra izaten da”

Amaia Elizaran (dantzari eta koreografoa): “Emankizun bakoitza ezberdina, bakarra izaten da”
ETA KITTO 2022, Api 08

Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) dantzari eta koreografoak eta Liam Ó Maonlaí (Dublin, 1964) musikariak sortutako “Arima” ikuskizuna ikusi ahal izango da bihar, 20:00etan, Coliseo antzokian. Zerbait amaitzen denean lagatzen duen aztarna, hori da dantzariak azaleratu nahi duena lan honetan, “atzean geratzen den arrastoa”.

– Nolakoa da “Arima” ikuskizuna? Nola sortu zen?

Zuzeneko musikarekin egiten dugun dantza garaikide ikuskizuna da. 2020an Irlandara, Galway-ra, joan nintzen, hizkuntza minorizatuetako hainbat kultura batu zituen arte eszenikoen inguruko proiektu batean parte hartzera. Han geundela COVID-19a ailegatu zen eta, lantaldean egon behar zuen batek ezin izan zuenez bidaiatu, Liam Ó Maonlaí musikari irlandarra etorri zen bere ordez. Bere musika entzun eta berehala sortu zen horrelako konexio berezi bat bion artean eta elkarrekin zerbait egin behar genuela pentsatu nuen.

– Aurretik egindako lanekin alderatuz gero, badu berezitasunik?


Nire seigarren pieza da, baina hasierakoak pieza laburragoak ziren, kalean eskaintzeko pentsatutakoak. Aurretik egin dudan beste pieza luzea, “Mar” izenburukoa, oso matematikoa zen. “Arima”-k, berriz, estruktura oso zehatzean oinarrituta egon arren, inprobisaziorako aukera ematen dit. Liamek jotzen dituen atmosferak eta instrumentuak ez dira aldatzen, baina nire dantza pausuak ez dira beti berak izaten, aldatzen joaten naiz. Beraz, emankizun bakoitza bakarra, ezberdina izaten da, eta asko gozatzen dugu biok.

– Betidanik dantzatu izan duzu?

Jaio nintzenetik. Hiru urterekin balleta ikasten hasi nintzen, sasoi hartan Tolosan dantza garaikidea eta horrelakorik ikasteko aukerarik ez zegoen eta 16 urterekin Madrilera joan eta dantza garaikide espezialitatean graduatu nintzen. Gero Londresera joan nintzen lanera eta, handik bueltan, 2015ean nire proiektua hastera animatu nintzen eta horrela sortu zen konpainia. Harrezkero zazpi urte pasatu dira eta hemen jarraitzen dugu; beraz, badirudi asmatu nuela.

– Lantaldean Maria Romero Laspiur eibartarra dagoela ikusi dugu…

Aspalditik ezagutzen dugu elkar, berak egiten dituen belarritakoak izugarri gustatzen zaizkit eta. Lan honetarako oso oso polita den eszenografia sortu du, oihal batekin textura ezberdinak lortuta…

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »