Amaiur Mayo, ERT-ko jokalaria: “Merezitako oparia izan da liga nagusira igotzea”

Amaiur Mayo, ERT-ko jokalaria: “Merezitako oparia izan da liga nagusira igotzea”
ETA KITTO 2020, Mai 11

BERRIAko Aitor Manterola kazetariak landu du Amaiur Mayoren elkarrizketa eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera. Argazkia: Eibar Rugby Taldea.

 

Etxean piztu zitzaion errugbian jokatzeko harra Amaiur Mayori (Eibar, Gipuzkoa, 1990), anaiaren bitartez: «Beldurtia nintzela esan zidan, ez nuela balioko». Hasi zen, baina, eta «berehala» gustatu zitzaion. Ibilian-ibilian, Espainiako selekzioarekin brontzezko domina irabazitakoa ere bada hondartzako errugbian. Iaz lortu zuen hori, Moskun.

 

Ohorezko B mailan onenak izan arren, bulegoko erabaki batekin igoera lortzeak garraztasuna eman dio?

Ezin izan dugu bizi momentu berezi hori, zelaian igotzeak ematen duen une bakar hori, baina etorriko da behar bezala ospatzeko garaia ere. Urte asko daramatzagu hau prestatzen, eta orain gozatu egin behar dugu. Merezitako oparia izan da.

Igoera fasearekin harreman berezia duzue: aurreko sasoian, jokatu egin zenuten, baina igo ez. Orain, berriz, jokatu gabe igo zarete.

Finalerdietan geratu ginen aurreko denboraldian. Denboraldi honetan, Valentzian bukatu genuen liga erregularra, irabazita. Kanporaketen aurreko partida behar zuena zer, eta sasoiko azkeneko partida izan zen. Igoerarena, azken batean, baina guk jakin gabe. Final bat balitz bezala hartuko dugu norgehiagoka hori.

Espainiako Federazioak ez zizuen igoera eman, kanporaketak jokatzera behartuz. Zer sentitu zenuen?

Ez genuen uste halakorik egingo zutenik. Egundoko ezberdintasuna zegoen gizonezkoen eta emakumezkoen erabakien artean, eta ez genuen ulertzen. Guk ligako partida guztiak jokatuta eduki arren, kanporaketa jokatu behar genuela ebatzi zuen; gizonezkoek, aldiz, liga bukatu gabe zuten, baina amaitutzat eman zien, igoerak eta jaitsierak zehaztuz.

Ligan partidarik galdu gabe amaitzea lortu zenuten, eta hori bai, zaila da, ezta?

Bi urte generamatzan igoera prestatzen, partidak ondo landuz eta fisikoki gorputzak ondo jarriz. Liga honetan, alde handiarekin irabazi ditugu partidak, baina atzean sekulako lana dago.

Nolako taldea zarete?

Jokalari garairik ez daukagu, eta azkar jokatzen ikasi dugu. Baloia asko mugitzen dugu.

Ia jokalari guztiak etxekoak izanda, horrek beste zerbait ematen dio igoerari?

Eibar edo ingurukoak gara gehienak, eta harro gaude herriko jokalariekin horrelako lorpen handi bat lortzeaz. Gainera, ia denak oso gazteak dira, eta oraindik badute nahi beste denbora errugbian jokatzen segitzeko. Hiru jokalari berri ere ekarri ditugu, indartzeko. Guri erakustera ere etorri dira, eta taldea osatu dute.

Klubak Cristina Guntin entrenatzailea ekarri zuen duela bost urte, eta goranzko pausoa ematen orduan hasi zineten.

Klubari buelta eman zion senarrarekin batera [Gaston Ibarburu, gizonezkoen taldeko entrenatzailea]; lan egiteko modua aldatu zuten. Eskolarekin hasi ziren lanean, akademiarekin, eta nesken taldeari sekulako bultzada eman zioten. Zazpi edo zortzi jokalari bakarrik ginen orduan, eta urtero borrokan ibiltzen ginen taldea osatzeko. Taldean ere gauza asko aldatu ditu: entrenatzeko eta jokatzeko modua, besteak beste.

Datorren sasoian, helburutzat mailari eustea jarriko duzue, eta liga nagusian taldea egonkortzea ere bai, ezta?

Lehen helburua mantentzea izango da, eta jokalari gazteak taldera erakartzea, prestatzen joateko horiek eta atzetik datozenak. Ikasi egin behar dugu maila berria nolakoa den, bakarka eta talde bezala. Azkenean, errugbian ikasten segitzea da asmoa.

Talde hau bera gai izango litzateke mailari eusteko, ala indartu egin beharko litzateke?

Zail samarra dago egoera honekin indartu daitekeela pentsatzea, ekonomia aldetik erraza ez delako izango. Hitz egiteko dago, baina uste dut gaudenok egin beharko diogula aurre datorrenari, ikasten segituz eta talde bezala.

Iñaki Arrizabalaga presidenteak esan berri du kanpoan dabiltzan Euskal Herriko jokalariak taldera erakartzen saiatu behar duzuela.

Saiakera egingo dugu, eta ongi-etorriak izango dira. Gainera, maila honetan jokatzeak erakarri egiten du, eta oso ondo egongo litzateke kanpoan dabiltzanak etxera etortzea.

Eibar kirolean ezaguna da futbola, pilota, txirrindularitza eta eskubaloiagatik batez ere, baina errugbiko taldeak 40 urte daramatza dagoeneko; seiehun bazkide ditu, eta bada zerbait.

Klub txikia gara oraindik, eta asko haz gaitezke. Lan handia egiten da bazkideak lortzeko, eskolara umeak erakartzeko. Kalean gure izena ere gehiago entzuten da, eta, irabazten dugunean, gero eta herritar gehiago gogoratzen dira gurekin. Errugbia indarra hartzen ari da Eibarren.

Haurren talde mistoa ere entrenatzen duzu. Ez da ohikoa emakumezko bat mutilak entrenatzen ikustea. Zer daukazu esateko gai horretan?

Kluba lan handia ari da egiten berdintasunaren gaian; emakumezkoaren kirola asko ari da bultzatzen. 16 urtez azpikoak entrenatzen ditut, eta badira sei bat mutil; sekulako zortea da niretzat. Haiek niri asko erakusten didate, jokatzeko modua eta nola duten barneratuta berdintasunarena. Txikitatik horren jabe izatea oso garrantzitsua da. Oraingo umeek badakite zer den berdintasuna, eta, txikitatik bultzatzen bada, genero ezberdintasunarena ez da arazo izango etorkizunean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »