Ane Santesteban, txirrindularia: “Emakumezkoendako probak gorantza joatea seinale ona da”

Ane Santesteban, txirrindularia: “Emakumezkoendako probak gorantza joatea seinale ona da”
2022/05/13 eta kitto!
Errenteriako txirrindularia Eibarren irabaztetik inoiz baino gertuago egon zen, aurreko domekako IV. Eibar Hiria Sari Nagusian bigarren egin baitzuen, esprintean Olivia Baril kanadiarraren atzetik helmugaratuz Toribio Etxebarria kalean. Team BikeExchange-Jayco taldeko ordezkaria sasoian dago eta azken aldian jokatutako probetan maila bikainean ari da. Aste honetan ere hainbat probatan hartu du parte eta gaurtik domekara Itzulia Women-ean izango da. Klasikoaren ibilbidea izango duen azken etapan bere etxetik gertu pasatuko da eta ilusio berezia egingo lioke etapa hori irabazteak. Eguazten goizean izan ginen berarekin.

Euskal txirrindularitzaren ikurra da gaur egun Santesteban. Hori hemendik kanpo ere ibilbide luzea egin duela, hainbat taldetan izanda; horrek, bereziki, asko lagundu izan diola guztiz sinestuta dago, "esperientzia aberasgarritzat" baitu. Aurretik, baina, Eibarko Debabarrena taldean ere izan zen eta asko gogoratzen ditu orduan bizitutakoak, "horri esker heldu naizelako honaino". Olinpiadetan ere izandakoa da Ane eta seguru berriro ere izango dela hurrengoetan. Emakumezkoen txirrindularitzaren bilakaera ere gogoko du eta hainbat arlotan aurreratu dela uste du, oraindik gorago egiteko aukerak baztertu barik.

 

Zelako sentsazioak izan zenituen domekako Eibar Sarian? Irabaztea ere gertu izan zenuen, ezta?

Asko gozatu nuen lasterketarekin. Etxekoak inguruan sentitzea, familiakoak, lagunak... Inguru horretan gusturago moldatzen naiz eta horrek indar berezia ematen dizu. Errepideak ere ezagunak dira, inguruan asko entrenatu izan dudalako. Irabaztea nahiago bigarren geratzea baino; hala ere, pozik emaitzarekin.

Zelan ikusten duzu zure burua Itzuliaren aurrean?

Batez ere gozatzera irtengo naiz, azken helburutzat garaipena badut ere. Eta azken etapa bereziki markatuta dut, Errenteriatik, etxe ondotik pasatuko garelako.

Taldeburu izango zara proba horretan?

Hori ikusi beharko. Atzo lasterketa izan genuen, gaur bertan beste proba bat dugu Nafarroan... Ikusi behar zelan errekuperatzen garen esfortzu horietatik, taldean gure buruak zelan ikusten ditugun... Horren arabera erabakiko dugu.

Dena dela, sasoi-puntu egokian zaude, ezta?

Orain arte oso ondo aurkitu izan naiz, talde berrira ere berehala moldatu nintzen eta oso ondo hartu ninduten. Guztia ondo bidean doa. Ardenetan eta Flecha Valonan ere ondo moldatu naiz, hilabeteotan taldeburu ere jardunda.

Zein helburu dituzu denboraldi honetarako?

Itzuliaren ondoren, Burgosko Itzulian hartuko dut parte eta, ondoren, egun batzuetako atsedena hartuko dut. Hala ere, helburu nagusiak, jakina, Giroa eta Tourra izango ditut. Taldea ere proba horiei begira dago neurri handi batean.

ane santesteban

 

Zelan aurkitzen zara talde berrian? Pozik zaude emandako urratsarekin?

Alde handia nabaritu dut, materialean, azpiegituretan eta kontzentrazioetan. Nutrizioa zaintzen ere aurrerapauso handia eman dugu. Edozein gauza behar dudala edo probatu nahi dudala, beti dut eskura. Gizonezkoen taldea ere izanik, hotel berean egon gara behin baino gehiagotan eta esperientzia aberasgarria da. Ikusten dudana da ez dutela diferentziarik egiten gizonen eta emakumeen artean.

Zelan gogoratzen dituzu zure ibilbidearen hasieran Debabarrenan jardundako urteak? Eibarko Kirol Sarietan txirrindularitza arlokoa ere jaso zenuen...

Neskon probei askoz gutxiago erreparatzen zitzaien sasoiak ziren, baina guztioi lagundu zigun Debabarrenak egindako ahaleginak. Gogoan dut Juanjo Sebastianen kemena, taldekide izan nituenak... Urte politak izan ziren. Gure zaletasunari eusteko bidean.

Zelan ikusten duzu emakumezkoen txirrindularitzaren bilakaera?

Urtetik urtera hobetzen goazela esango nuke, urratsak aurrera egin ditugula, eta egiten dihardugula, esango neuke. Gero eta lasterketa gehiago ditugu denboraldian zehar, proba berriak antolatzen dituzte. Azken urteotan hazkunde handia izan da, World Tourretik kanpo dauden taldeek jarraitzeko arazo handiagoak izango badituzte ere. Denon artean emakumezkoen txirrindularitza profesionalizatzen saiatu behar dugula uste dut. Gero eta firma gehiago daude gizonezko eta emakumezkoen taldeak dituztenak.

Zein proba irabazi nahiko zenuke? Zeinek egingo zizun ilusio berezia?

Edozein hartuko nuke pozik. Postua egitea gauza bat delako, eta irabaztea beste bat. Garaipenak ez dira merke saltzen. Itzulia neureganatzea ondo egongo zen, Klasikoa ere zer esanik ez.

Irabazi dituzunetatik, zeinek asetu zaitu gehien? Edo, irabazi gabe ere, zein lorpen gogoratzen duzu?

Eskuratutako Espainiako lehenengoko txapela berezia izan zen, beti gogoratuko dut: 23 urtetik azpikoen mailakoa izan zen, eta horrekin geratuko nintzateke. Bestalde, iaz Giroan lortutako zazpigarren postua ere pozik egoteko modukoa da, aurretik bederatzigarrena ere lortua bainuen.