Aniaiz Ariznabarreta, Kulturala: “Gure anbizioa da kulturaren inguruan zerbait egin nahi duenak topatu dezala non”

Aniaiz Ariznabarreta, Kulturala: “Gure anbizioa da kulturaren inguruan zerbait egin nahi duenak topatu dezala non”
2022/10/18 eta kitto!
Euskarazko kultur sorkuntza babestu eta sustatzeko helburuarekin sortu zuten Arrate Kultur Elkartea 1952. urtean. Hasierako urte haietan Eibarko kultur mugimenduaren erreferentziazko ardatza izan zen hainbat arlotan, eta 1.500 bazkide izatera ailegatu zen. Gaur egun 300 bat bazkide dauzka eta, hainbat boluntariok egiten duten lanari esker, aurrera jarraitzen du elkarteak.

Arrate Kultur Elkartearen sorreraren 70. urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu dute urrirako, aurreko barixakutik bertatik hasita. Izan ere, Topalekuan elkarteko bazkideen erakusketa kolektiboa zabaldu dute, Espe Zabala, Esther Fernandez de Maruri, Vicente Iriondo, Bakarne Elejalde, Fernando Retolaza, Carmen Mostaza, Esther Galarza, Jose Luis Irigoien, Arrate Osoro, Eli Eguren, Esteban Oroz, Mari Carmen Piriz, Irene Zarraua, Jesus Belaustegi, Igor Unanue, Mireia Agirrebeña, Angel Güenaga eta Santi Entrena artisten lanekin. Urriaren 23ra arte joan daiteke ikustera.

Egitarau bereziarekin ospatuko dituzue Arrate Kultur Elkartearen 70 urteak. Zer prestatu duzue?

Hirurogehita hamar urte betetzen ditugula eta, bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, orain arteko ibilbidea eskertzea eta ospatzea, honaino ekarri gaituen guzti hori. Eta, beste alde batetik, aurrera begira jartzea. Orduan, egitarauan bi ardatz nagusi eduki nahi izan ditugu. Alde batetik, bazkideei leku berezia egitea, eta horretara dator bazkideen erakusketa abiatzea. Eta, beste batetik, bazkideek eskainitako tailerrak. Elkartean askotariko bazkideak gaude, motibazio ezberdinekin, baina artista asko dauzkagu gure artean, kulturara dedikatzen diren asko. Elkartea eurak dira, edo gu gara, ni ere bazkidea naizen aldetik, eta horren erakusle izatea ere nahi genuen. Urriaren 23ra arte egongo da Topalekuan erakusketa. Urriaren 15ean eta 16an Maite Arriagak Arteterapia tailerra eskainiko du, eta, urrian zehar, Mireia Agirrebeñak, collage tailerra. Bazkideen aldetik hori. Eta bigarren ardatza litzateke, eibartarron topagune izatea eta aurrera jarri nahi dugun honetan, urriaren 22ra begira antolatu dugun egitaraua.

Zer antolatu duzue urriaren 22rako?

Goizeko ekimena kulturgintzaren inguruan antolatu dugu, abiatu nahi dugun hausnarketa bati lotuta: Eibarren daukagun eskaintza, zer den amesten duguna, zeintzuk diren ditugun erronkak... horren inguruan hausnarketa egitea. Horretarako, gaia lurreratzen lagunduko ditugun bost lagun gonbidatu ditugu, baina mahai-ingurua parte-hartzailea izatea nahi dugu eta, beraz, deia luzatu diogu parte hartu nahi duen edozein kultur eragile edo norbanakori. Eta mahai-inguru bera dinamika parte-hartzaile batekin ezaugarritu dugu, lantalde txikiagoetan gaiaren inguruan berba egiteko aukera emateko. Horren ondoren, omenaldia egingo dugu, sortzaileekin. Elkartearen 70 urteko ibilbide hori eskertu nahi dugu eta, abiatu zuten lagun haietako bi gure artean daudenez, eurekin elkartu eta omenaldi xume bat egingo dugu. Eta, gero, denok elkarrekin, ospakizun bazkari baten bueltan, izan den guzti hau eta izango den guztia ospatzea nahiko genuke. Bazkalostea pixka bat girotzeko Hemen taldekoak egongo dira, kantuak musikatuz. Hemen taldeko asko ere elkartearen lokalen bueltan ibiltzen dira eta nahi genuen Eibarko kulturgintzan, jardunean dabiltzan lagunei ere nolabait plaza ematen jarraitzea.

70 urtez dosierra luze.docx

Zenbat bazkide dauzka elkarteak gaur egun?

300 bat bazkidek osatzen dugu elkartea gaur egun, eta bi perfil daude. Alde batetik, 70 urte hauetan bidelagun izan diren eta bazkidetzari leialtasunez eutsi dioten hainbat lagun. Eta gutxika gutxika batzen joan diren beste batzuk, hainbat gazte, bereziki lokalaren erabileratik gerturatutakoak eta bazkide izatera animatu direnak. Proiektuaren sostengatzaile nagusiak dira eta hau beraien etxe sentitzea nahiko genuke.

Bere sorreratik gaur arte, kulturgintza izan da elkartearen ardatza eta urte osoan antolatzen dituzue erakusketak, leihaketak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera, baina horretan diharduzuenak boluntarioak zarete, ezta?

Bai, historikoki horrela izan da, boluntario taldeek izan dute egitaraua antolatzeko ardura hori, beti ere kulturari lotutako jarduerek sustapena edukitzera mugiduta. Eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du. Alde batetik, egitarauan baditugu urte luzez ohitura bihurtu diren hainbat ekimen: pintxo lehiaketan 18. ediziotik goaz, ikus-entzunezkoetan 27. edizioa, Eguen Zuri argazki lehiaketak ere 20 urtetik gora dauzka... Esandako moduan, gure erronka da orain arte egin diren hainbat konturekin jarraitzea eta, beste alde batetik, aurrera begira jartzea, etorri ahal diren nahi eta desio berriak jasotzea, joera berriak. Adibidez, ikus-entzunezkoetan nabarmena da zenbat aldatu diren gauzak, diaporamen inguruko topaketa bat izatetik, zenbat proposamen eta formato ezberdin ditugun gaur egun, zein aukera zabala dagoen. Gure anbizioa da kulturaren inguruan zerbait egin nahi duenak topatu dezala non, eta horretarako baliabideak eskaintzea.

Baliabideak aipatuta, zuen lokalak era guztietako jarduerak egiteko erabiltzen dituzte elkarte, talde eta eragile askok. Zuen ateak beti zabalik egoten dira?

Elkartearen beste ardatzetako bat hori izan da hasieratik, sortzaileekin hasi eta bidean atzetik etorri diren guztiek eutsi dioten ekarpen nagusienetako bat. Ez da batere erraza izaten horrelako lokalak eskura izatea gaur egun, eta guk asko baloratzen dugun elementu bat da, bai gu geuk ekimen propioak egiteko, zein gainontzeko norbanako edo eragileei leku bat emateko.

Horrek, nahitaez, elkarte eta talde ezberdinen arteko hartueman eta elkarlanak sustatzen ditu. Nola ikusten duzue herri mailan kulturgintzan egiten den lana?

Guk uste dugu gauza asko egiten direla. Gure kezka, puntu bateraino, bakoitza bere aldetik ez ote dabilen izan daiteke. Egia da lokalean elkartzen garen eragile ezberdinen artean sortzen direla horrelako baterajotzeak, sinergiak eta abar. Bide horretan sakondu nahiko genuke, eta guk eragile ezberdinei elkarren jarduera sustatzeko bideak planteatzen dituen hitzarmen formato bat eskaintzen diegu. Hori bada jorratu nahi ditugun bideetako bat eta 22ko mahai-ingurua ere kezka horri erantzutera dator. Denon artean pentsatzera, edo zein iritzi ditugun ikustera Eibarko kulturgintzaren egoeraren inguruan, bakoitzaren egoeraren inguruan ere bai, eta erronka horiek partekatzera eta ikustera zein gauzatan egin dezakegun denok batera eta zein gauzatan akaso bakoitza bere aldetik, baina elkar elikatuta eta indartuta.

Aurrera begira, nola ikusten duzue elkartearen etorkizuna?


Gu beti gaude lantaldea indartu nahian, beraz, norbaitek gerturatu nahiko balu, guregana jotzeko gonbidapena egiten diogu. Eta, lehen esandakoaren bidetik, zerbait egin nahi duenak topatu dezala non, edo izan dezala horretarako aukera. Eta, zentzu horretan, gure baliabideak eskainiko genizkioke.