Asier Arregi, ‘Osasuna eta eskubideak’: “Eztabaida zientifikoa egotea eta publikoa izatea eskatzen dugu”

Asier Arregi, ‘Osasuna eta eskubideak’: “Eztabaida zientifikoa egotea eta publikoa izatea eskatzen dugu”
2020/09/26 eta kitto!
Argazkia: Marisol Ramirez (FOKU)

 

Martitzenean Bilbon aurkeztu zuten ‘Osasuna eta eskubideak’ taldea eta Asier Arregi eibartarra egon zen aurkezpenean parte hartu zutenen lau hizlarien artean. Koronabirusak eragindako egoeraz kezkatuta dauden herritarrek osatzen dute plataforma eta bihar karabana abiatuko dute EAEko hiriburuetatik, 13:45ean Arantzazura iristeko. Eibartik 12:30ak inguruan pasako da.

 

Nola sortu duzue taldea?

Bertsio ofiziala sinesten ez dugunon artean elkarbilatu gara. Konfinamendu sasoian bizi genuenaren inguruko galderak sortu zitzaizkigun, eta esaten zutenari eta hartutako neurriei ez genien logikarik aurkitzen. Konfinamendu berba bera ez da berba sanitarioa, militarra baizik. Isolamendua izan beharko litzateke berba egokia eta gaixorik dagoena isolatu beharko litzateke, ez osasuntsu dagoena. Bestetik, egoerari aurre egiteko eskubideen murrizketa gogorrak egin dira eta poliki-poliki dosia igotzen, neurri faxistak ari dira ezartzen. Hau guztia boterearen manipulazio saio bat dela pentsatzeko arrazoiak daude, krisi ekonomiko erraldoia datorkigulako gainera. Horretarako, iritzi askatasuna asko mugatu dute. Debekatutako informazio asko dago, zentsura itzela. YouTuben 60.000 bideotik gora zentsuratu dituzte eta horietako batzuk bere iritzi zientifikoa ematen duten zientzietan katedradunak diren pertsonenak dira. Ez da onargarria. Bestalde, gurean, Osakidetzako murrizketa eta zaharren egoitzatan utzikeria egon den ere ikertu beharko litzateke.

 

Zuena bezalako iritziek ezarritako diskurtsoa apurtzen dute…

Argi laga nahi dugu ez garela negazionistak. Agerian dauden datu objektiboetan oinarritutako iritziak ditugu. Orain gerra mediatikoa bizi dugu eta beraiek tresna asko dituzte (maldita.es, adibidez) euren kontra ateratzen den informazio guztiari kritika egiteko. Eurek sortu dute negazionista berba. Gurea ez da negazionismoa, eurena baizik, botereak egiten duena. Guk jakintsuen artean eztabaida zientifikoa egotea eta publikoa izatea eskatzen dugu. Gizarteak jakin behar du ez dagoela pentsamendu bakarra.

 

Nola antolatzen zarete talde barruan?

Herri bakoitzean talde txikiak sortu dira elkarri laguntzeko helburuarekin, etorriko den krisia iritsi aurretik neurriak hartzeko. Gainera, nazioarteko ikerketa komisio independentea sortzen dihardugu, tartean, Suitzan lan egiten duen fisikari nuklearra, artikulu zientifiko ugari publikatu duen kardiologo bat, beste mediku batzuk, biologoak, ingeniariakklkl eta abar.

 

Bihar auto karabana egingo duzue. Zertan datza?

Hego Euskal Herriko lau kapitaletatik abiatuta auto karabana egingo dugu altabozekin, kartelekin eta bestelako aldarrikapenekin, jendeak gure mezuaren berri izateko. Karabana Arantzazun amaituko da, toki sinbolikoa delako.