Bea eta Maria, Klaus: “Egoera honek salmentarako bide berriak ireki ditu”

Bea eta Maria, Klaus: “Egoera honek salmentarako bide berriak ireki ditu”
2020/05/17 18:46
eta kitto!
Estaziño kaleko Klaus dendako Bea eta Mariak gogotsu ekin diote sasoi berriari. Hilabete eta erdiz denda itxi behar izan zuten, baina etxetik lanean jarraitu dute eta indartsu zabaldu dute denda berriz. Bezeroei eskainitako maitasuna bueltan jaso dute egun hauetan.

 

Denda berriz ireki duzue. Nola ari zarete moldatzen?

Jendeak hitzordua eskatu behar du dendan sartzeko, gehienez lau pertsona sartu daitezke aldi berean, maskarak eta gel hidroalkoholikoa jarri ditugu sarreran… Jendeak etortzeko gogoa zuen eta dendak zabalik egoteak poztasuna eman diela esan digute batzuek. Bonboiak ere ekarri dizkigute!

 

Dendan sartzeko hitzordua eskatu beharrak zaildu egiten du zuen jarduna?

Negozioaren araberakoa da hori. Bat-bateko erosketaren esperientzia galdu egiten da, baina interesgarria iruditzen zaigu hitzordu bitartez erosteko modu hori. Adibidez, erosteko gogoa duen pertsona bat ezin bada denda zabalik dagoen ordutegian etorri, beste ordu batean etortzea proposatu dezake eta, ahal badugu, orduan atendituko dugu. Dena dela, denda gehienek aldatu egin dugu ordutegia. Denbora asko behar dugu osasun-neurriak hartzeko eta denda garbitzeko, eta arratsaldeko 19:00etan ixten dugu momentuz.

 

Nola funtzionatzen du hitzordu bitarteko erosketak?

Lehenik, erosleek hitzordua eskatu behar dute eta hori zehazten dugu. Gero, ez dugu denbora-mugarik jartzen. Bi saltzaile gara eta ondo moldatzen gara horrela. Eroslea joaten denean, ukitu duena ondo garbitzen dugu. Dena dela, hitzordu bitartez lan egitera ohituta gaude, dendan gauzak saltzeaz gain, proiektu ezberdinetan egiten dugulako lan. Egoera honek denden ordutegiak europartzeko balio dezake. Bestela, saltzaileak oso berandu joaten gara etxera eta batzuetan zaila izaten da kontziliazioa.

 

Aldaketa gehiago igarri dituzue lan egiteko moduan?

20:00etako paseoari esker herriko beste gune batean bizi den jendeak gure denda ezagutu du eta baten batek zerbait erosi du dagoeneko. Enkargua egin zigun eta erositakoa jasotzera etorri zen. Bestetik, bideo-deien bitartez bezeroekin harremanetan gaude eta horrela ikusten eta erosten dituzte produktuak. Egoera honek salmentarako bide berriak ireki ditu.

 

Nola moldatu zarete denda itxita egon den bitartean?

Telelana egin dugu eta martxan ditugun proiektuetan lan egiten duten gremio guztiekin harremanetan egon gara, posible izan denean obrak berriz hasteko. Lan asko aurreratu dugu. Bestetik, sare sozialetan aktibo egon gara eta, denda itxita egon arren, jendeak produktuak erreserbatu ditu.