Carlos Gonzalez, bidaia-agentziako langilea: “Ez dago oso urrun joan beharrik kapritxo baterako”

Carlos Gonzalez, bidaia-agentziako langilea: “Ez dago oso urrun joan beharrik kapritxo baterako”
ETA KITTO 2020, Uzt 24

Abuztua opor hilabetea izan ohi da askorentzat, baita aurten ere, baina oraingoan ezberdina izango da denontzat ziurrenik. Carlos Gonzalezek ‘B the travel brand’ bidai-agentzian egiten du lan eta, esan digunez, jendeak ez du bidaia luzerik egingo. Zalantza eta ziurgabetasun sasoi honetan, hurbileko helmuga turistikoak ditu nahiago jendeak.

 

Zer moduz doa udako kanpaina?

Aurten kanpainarik ere ez da egon. Udan hainbat eskaintza egiten ditugu normalean, baina ez oso esanguratsuak. Aurten, ordea, demaseko eskaintzak egin ditugu. Adibidez, iaz Kanariar Uharteetara joateko hegaldiek 400 euro inguru balio zuten uda sasoian eta aurten, hegaldiaz gain hotela eta mantenu erdia hartuz gero, paketeak 500 euro inguru balio du. Karibera joateko eskaintzak bertan behera geratu dira, jendeak ez duelako atzerrira bidaiatu nahi.

 

Zeintzuk dira aurtengo helmuga turistiko garrantzitsuenak?

Jendea iberiar penintsulan geratuko da batez ere. Espainiako hainbat tokitara joateko hautua egin dute, konfiantza kontuagatik (segurtasun-neurriak, distantziak…). Egia esan, nahiz eta egoera oso berezia den eta uda arraroa izango den, Andaluziako eta Mediterraneoko hondartzetan ez daude urteroko jende pilaketak eta sasoi honetan oso gustora egon daiteke. Hori esan digute han egon direnek. Eta Kanariar Uharteak ere oso aukera ona dira, oso eskaintza onak daudelako. Ahal duenak aukera aprobetxatu beharko luke! Gainera, erreserba gehienak kostu gabe baliogabetu daitezke bidaiatu baino 15 egun lehenago abisatuz gero.

 

Jendeak azken momentura arte itxarongo du udako oporrak planifikatzeko?

Ez dut uste. Beldur kontua dela pentsatzen dut. Jende gehiena lagun edo inguruko baten batek han edo hemen daukan etxera joaten da, hoteletara ez joatearren. Hotelekin alderatuz, etxeak eta apartamentuak beteta daude. Etxean bakarrik zaudenez, lasaiago egoteko aukera dago.

 

Beraz, atzerrira bidaiatzea baztertu egin du jendeak?

Bai, guztiz. Jendeak ez digu proposatu ere egiten atzerrira bidaiatzeko aukera. Badago aukera, Europa erdialdean zirkuitua egiteko aukera eskaintzen dugu adibidez, baina inork ez du egingo. Laponia, Islandia eta hainbat tokitara joateko eskaintza asko iritsi zaizkigu, baina jendea ez da animatzen. Migratzaileek bakarrik galdetzen digute atzerrira joateko aukeren inguruan. Azken finean, euren jaioterrira joan nahi dute, baina hegaldi asko bertan behera geratu dira eta daudenak oso garestiak dira. Gainera, herrialde bakoitzean egoera ezberdina bizi da eta herrialde batzuek mugak itxi ditzakete egun batetik bestera.

 

Eskaintza bereziak egiten dituzuen moduan, bidai-aseguru bereziak ere eskaintzen dituzue?

Orain COVID-19aren inguruko gaiak bere gain hartzen dituzten aseguruak daude. Gaixotzen bazara, aseguruan sartzen dira horren inguruko kontuak; baina bidaiatzeko erreserba badaukazu eta Eibar itxita dagoelako ezin baduzu bidaiatu, adibidez, hor konpon, aseguruak ez du bere gain hartzen.

 

Eta bidaiatzen baduzu eta han zerbait gertatuz gero, zer gertatuko litzateke?

Aseguru berriek bere gain hartzen dituzte horrelako egoerak, baina aberriratzea, laguntza medikoa eta horrelakoak lehengo aseguruetan ere sartzen ziren.

 

Adibidez, Kanariar Uharteetara joaten bazara eta uharteak konfinatzea erabakitzen badute, etxera itzuli zaitezke?

Pandemia hasi zenean antzeko egoerak gertatu zitzaizkigun. Bezero batzuk Kanariar Uharteetan zeuden eta itxialdia ezarri zuten. Pentsa, martxoaren 13an joan ziren eta 16an itxialdia ezarri zuten. Hotela itxi egin behar zutela esan zieten eta etxera itzultzeko aukeren bila hasi ginen. Handik bi egunera Loiura joateko hegaldia lortu nien, baina bertan behera geratu zen eta hurrengo egunetan berdin. Horrelako egoeretan gure betebeharra da alternatibak bilatzea.

 

COVID-19ak hankaz gora jarri du zuen lana!

2020. urtea oso ona izango zela uste nuen, bidaia asko salduta genituelako (jendeak urrian hartzen ditu Aste Santuko bidaiak, adibidez), baina martxotik aurrerako bidaia guztiak bertan behera laga behar izan ditugu eta saldutako guztia itzuli behar izan dugu. Demaseko zuloa izan da guretzat eta, gainera, lan gehiago egin behar izan dugu. Turismoaren sektoreak demaseko kolpea hartu du.

 

Dena dela, jendeak bidaiatzeko gogarekin jarraitzen du?

Bai. Aurten ezingo izango dira bidai luzeak egin eta bidai horiek egiteko dirua zuen jendeak berdin gastatu nahi izango du. Adibidez, iberiar penintsulatik irten barik bidai esklusiboak egiteko eskaintzak irten dira orain. Ez dago oso urrun joan beharrik kapritxo baterako

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »