[Climathon Eibar] Planeta salbatzeko borroka

[Climathon Eibar] Planeta salbatzeko borroka
2021/11/02 eta kitto!
Climathon Eibar egitasmoaren 4. edizioa amaitu berri da. Maratoiak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko erronkei irtenbidea bilatzea izan du helburu eta, horretarako, eskualdeko eragile publiko eta pribatuek erronka zehatzak jarri dituzte pertsona-talde batek horren konponbidea bilatzen saiatzeko. Nazioartean hazten jarraitzen duen ekimena da Climathoia eta, ikasle gazteekin eta pertsona ekintzaileekin bat eginda, klima-aldaketaren gaineko kontzientzia sustatzen du. Ekimenean parte hartu duten bi gazteren testigantzak jaso ditugu datozen lerrootan.

Nola izan zenuten Climathoi Eibar egitasmoaren berri? Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?
DANEL DE PRADO: Sare sozialetan ikusi nuen ekimenaren deialdia, eta unibertsitateak ere jakinarazpena bidali zidan. Ni neu ikasle aritu nintzen orain dela urte batzuk ingeniaritza eskolan eta, garai horretan ekimenean parte hartu ez nuenez, aurtengoa momentu aproposa zela iruditu zitzaidan, lan-munduan hasi berria naizelako eta ezagutza berriak barneratzeko premia sentitzen dudalako.
NAGORE CEBRIAN: Unibertsitatearen bitartez izan nuen ekimenaren berri, mezu elektronikoa bidali baitziguten ikasle guztioi. Erronka erakargarria iruditu zitzaidan, eta pozik nago hartutako erabakiarekin; asko ikasi dut prozesuan zehar.

Zein da egitasmoaren metodologia?
DANEL: Climathoia Eibar Clima LAB kolektiboak eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalak bultzatutako ekimena da. Klima-aldaketaren aurkako zenbait ekintza proposatzen dira urtero-urtero EHUren Eibarko egoitzan. Mota askotariko erronkak planteatzen dizkigute parte-hartzaileoi, bai energia berriztagarrien sorkuntzarekin, bai eraginkortasunarekin eta baita garraioaren esparruarekin zerikusia du- tenak ere. Iaz, pandemia zela-eta, ezin izan zenez egitasmoa aurrera eraman, aurten bi asteburutan egin dira ekintzak: urriaren 15ean, 16an, 22an eta 23an.
NAGORE: Hainbat erronka planteatzen dizkigute parte-hartzaileoi. Aurtengo edizioan zortzi izan dira guztira, eta nork berea aukeratzeko askatasuna dauka. Lau kideko taldetan batzen gara eta hautatutako erronkari irtenbidea topatzea da gure helburua, betiere aldaketa klimatikoa oinarritzat hartuta. Eibarren ez ezik, beste zenbait herritan ere egin da Climathoia, egun eta ordu berean. Gainera, aukera paregabea da enpresekin hartu-emanean aritzeko,  erronkak erakunde errealetan egiten baitira.

Zein erronka hautatu du zuetako bakoitzak? Zertan datza?
DANEL: Goienerrek proposatutako erronkan ibili naiz lanean, Arabako lurralde historikoko udalerri batean energia komunitatea sortzea helburu bezala hartuta. Energia komunitatea modu kooperatiboan sortu dugu eta hiru asmo nagusi izan ditugu: pobrezia energetikoari irtenbidea ematea, eraginkortasun energetikoa bultzatzea eta energia berriztagarrien iturriekin autokontsumo-sorkuntza bultzatzea. Udalerriaren aukeraketa egiteko zenbait ezaugarri hartu behar izan ditugu kontuan, komunitate energetiko batek nahitaez behar baitu sorkuntza puntutik 500 metroko erradioko borobil baten azalera izatea. Behin aukeraketa eginda, erronka gainditzeko diseinatu beharreko estrategia garatzen aritu gara lantaldean.
NAGORE: Gipuzkoan energia-komunitate bat sortzea izan du helburu nik aukeratutako erronkak. Sektore industriala energia-komunitatean txertatzean zegoen gakoa, hori baitzen gure egiteko nagusia. Industria-kontsumoak barneratzea eta zerbitzuen kontsumoa asetzea abiapuntu izanik, toki finko batzuk aztertu ditugu, Elgeta, esaterako. Hala ere, ibilbide-orri bat diseinatu dugu Gipuzkoa osoan komunitate horiek inplementatzeak zer ekarriko lukeen simulatzeko.

Zein ekarpen egin dizue egitasmoak pertsonalki? Eta profesionalki?
DANEL: Nahiz eta ikasketak amaitu berri ditudan, pertsonalki argi daukat oraindik baditudala gauza asko ikasteke. Energia-komunitateen arloan bereziki ez nago oso informatuta eta formatuta, eta egitasmo honek aukera  eman dit esparru horretan jakintza handiagoa lortzeko. Alor profesionalari dagokionez, ekitaldi honek aukera paregabea eskaini dit inguruko enpresa batzuekin harremanetan jartzeko eta loturak sortzeko.
NAGORE: Pertsonalki esango nuke oso ekarpen aberasgarria dela, zure unibertsitatetik kanpoko ikasle berriak ezagutzeko abagunea ematen dizulako. Gainera, enpresa ezberdinak ezagutzeko aukera ezin hobea da; nire kasuan, Teknikerrekin eta Goienerrekin elkarlanean aritu naiz eta uneoro izan ditut prest erakunde horietako langileak nire zalantzak argitzeko. Oro har, esango nuke ekimenak egokiera ematen diola parte-hartzaileari unibertsitatetik at bestelako ekintza berritzaile bat gertutik ezagutzeko.

Zer esango zeniokete Climathoia ezagutu berri duen lagun bati? Zein aholku emango zeniokete?
DANEL: Oso aberasgarria da bai ikasle direnentzat eta baita ikasketak amaituta dituztenentzat eta lan-mundura sartu berri direnentzat ere. Enpresekin harremana sortzea ahalbidetzen duela nabarmenduko nuke nik, askotan zaila izaten delako nork bere kabuz lan-munduarekin kontaktuak egitea. Gainera, Eibar gure erkidegoaren erdi-erdian dagoenez, kokapenak erraztu egiten du ingurukoak gerturatu eta ekimenean parte hartzea. Labur eta garbi esanda, larrialdi klimatiko baten aurrean gaudela esango nuke, eta horrelako ekimenek helburu jasangarriak lortzen eta kontzientzia pizten laguntzen dute.
NAGORE: Benetan gomendagarria den ekimena dela esango nioke, zalantzarik gabe. Hurrengo edizioan bi aldiz pentsatu gabe izena eman beharko luke aldaketa klimatikoan kontzientzia daukan edonok. Erreflexiorako bidea zabaltzen du Climathoiak; erronka bati aurre egiteaz gain, zenbait profesionalen hitzaldiak ere jasotzen baititugu hainbat gai jorratuz: ekonomia zirkularra, energiaren trantsizioa...