Cristina Pereda, ‘Noupops’-en enbaxadorea: “Umeak lasaiago egoteko balio dute olagarro-kopinek”

Cristina Pereda, ‘Noupops’-en enbaxadorea: “Umeak lasaiago egoteko balio dute olagarro-kopinek”
2018/03/16 eta kitto!
Ume goiztiarrei heltze-prozesuan laguntzeko olagarro itxurako kopinak egiten hasi ziren Danimarkan 2013. urtean, eta Europa eta Erdialdeko Amerikan zehar zabaltzen joan da ordutik. Proiektuak ‘Noupops’ izena hartu zuen Espainian, bi berba katalan batuz: ‘nou’ (haur goiztiarrentzat delako) eta ‘pops’ (olagarroa). Kopinak estatuko 35 ospitaletan erabiltzen dira (Euskal Herrian momentuz ez) eta proiektu honek Gipuzkoak duen enbaxadorea Cristina Pereda eibartarra da. Proiektuaren informazio gehiago eskuratzeko noupopsguipuzcoa@gmail.com helbidera idatzi edo Facebookeko orrialdera jo.

 

-Nolako kopinak dira ‘Noupops’ horiek?

Gantxilo-ehunarekin egindakoak dira. Patroi espezifikoa jarraitzen dute, legearen kontrola erabatekoa da eta oso babestuta daude, copyrighta dutelako eta ezin direlako saldu. Olagarroekin negozioa egitea debekatuta dago eta, gainera, etikoki ez da zuzena, proiektuaren helburua zintzoa delako.

-Bestelako neurri bereziak hartu behar dira kopinak erabiltzeko?

Kopinak egiteko ezin da edozein hari erabili, zerrenda batean daude zehaztuta zeintzuk erabili ahal diren. Olagarrotxoak garbituta eta higienizatuta joan behar dira, eta kasu batzuetan baita esterilizatuta ere. Horrek kostu handia dauka.

-Zein da olagarro-kopinen funtzioa?

Olagarroen hankak ehuntzeko moduak zilbor-hestearen itxura dauka eta, esaten dutenez, umea lasaiago egoteko lagungarria da. Ume goiztiarrak ez daude behar bezain helduta, eta heldutasun hori amaitzeko sabel barruan duen erosotasuna irudikatzeko erramintak eskaintzea da helburua. Horrela, umeak lasaiago egoten dira eta, ondorioz, hobeto kontrolatzen zaizkie bizi-konstanteak, oxigeno-maila handitu egiten da eta denak hobeto funtzionatzen du.

-Kopinak garbitzeak eta higieneak duen kostu handia aipatu duzu. Nola egiten diezue aurre?

Boluntariotza eta donazioen bitartez lortzen dugu dirua. Boluntarioek doan ehuntzen dituzte olagarrotxoak eta guk, proiektuaren enbaxadoreek, kopinak ehuntzeko tailerrak ematen ditugu dohainik. Bestetik, donazioak egiteko hainbat modu daude. Dirua eman ahal da, baina kopinak egiteko materiala ere eskaini dezake jendeak.

-Nola sartu zinen proiektu honetan?

Nire senarraren lehengusina bat Katalunian bizi da eta ‘Noupops’-ekin elkarlanean zebilen. Proiektuari buruz Facebooken jarri zuen argitalpen bat ikusi nuen eta interesatu egin zitzaidan. Arduradunarekin berba egin nuen, GKE guztiak ez direlako kanpotik diruditen bezalakoak, eta gaiarekiko interesa nuela ikusi zuen. Olagarrotxoak egiten eta nire dendan (Caprichos Kris’ -Tiburzio Anitua, 9) kopinak batzen hasi nintzen, baina aita gaixotu zen eta ezin izan nintzen gehiago inplikatu. Aita hil zenean kopinak ehuntzeari ekin nion berriz ere eta ‘Noupops’-eko Gipuzkoako enbaxadore izendatu ninduten.

-Zein da zure lana enbaxadore moduan?

Kopinak ehuntzen ikasteko dohaineko tailerrak antolatzea, kopinak biltzeko toki gehiago bilatzea, diru-laguntzak lortzea eta proiektuaren berri ematea.

-Eibartarrek bat egin dute proiektuarekin?

Boluntarioen aldetik nahiko gaizki gabiltza gaur egun, baina hedabideetan proiektuaren berri eman denetik jendeak interesa agertu du eta oso pozik nago, eskertzekoa da. Amañako ikastetxean tailerrak eskaintzen ditugu barixakuetan 14:30etik 16:00etara, eta Untzagako Jubiletxean ere kopinak egiten hasiko dira orain.