Edurne Uzkudun: “Saharako umeentzat oso garrantzitsua da aldi baterako hango baldintza gogorretatik aldentzea”

Edurne Uzkudun: “Saharako umeentzat oso garrantzitsua da aldi baterako hango baldintza gogorretatik aldentzea”
2018/01/30 eta kitto!
Badira urte batzuk Mendebaldeko Saharan bizi direnei laguntzeko asmoz Eibar-Sahara Elkartea sortu zutela. Egunotan, kanpamenduetara janaria bidaltzeko kanpainan dihardute lanean, baina hortik kanpora ere hainbat ekimen antolatzen dituzte urtero, tartean Oporrak Bakean izenekoa. Udan umeak etxean hartzeko prest dauden familiak behar dituzte eta, horregatik, jendea animatu nahi dute.

- Urteroko moduan, Mendebaldeko Sahararako janaria biltzeko kanpaina daukazue martxan, ezta?
Hala da, aurten ere Mendebaldeko Saharara bidaltzeko elikagaiak batzeko kanpaina ipini dugu martxan. Azken txanpan gaude, baina oraindik laguntzeko aukera dago, produktuak urtarrilaren azken egunera arte jasoko ditugu-eta. Beste batzuetan bezala, arroza, pasta, lekaleak, azukrea, atun eta sardina latak oliotan eta konpresak batzen dihardugu, horiek direlako hara errezen eraman daitezkeenak eta, gainera, kanpamenduetan bizi direnek ondo baino hobeto aprobetxatzen dituzte horiek. Eibarren (BM, El Corte Inglés, Eroski eta Villalba supermerkatuetan eta Isasi okindegian), Mendaron (Coviran eta Puxikan) eta Elgoibarren (BM eta Eroskin) ari dira batzen. Bilketa-kanpaina amaitu eta jarraian, jasotzen ditugun produktu guztiak sailkatzen eta prestatzen ibiliko gara asteburuetan-eta, otsailaren erdialdera Eibarko Udaleko brigadaren laguntzarekin dena Bilbora eraman eta handik Sahararen Aldeko 14. Karabana Solidarioan bidaltzeko. Aurreko urteetan Eibar eta inguruko herrietan 4.000 kilo inguru bildu ditugu, jendearen eskuzabaltasunari esker. Egia esan, jendeak asko laguntzen du eta hori benetan eskertzekoa da. Izan ere, orain dela urte batzuk erakundeetatik laguntza gehiago jasotzen zuten errefuxiatuek, baina krisiaren aitzakiarekin horiek murrizten joan ziren eta, gaur egun, Tinduf-en (Aljeria) bizi diren 200.000 inguru sahararrentzat berebiziko garrantzia daukate karabanan bidaltzen diren elikagaiek, bestela nekez dutelako janaria lortzeko beste biderik. Eta, laguntza handia izan arren, denen artean banatu ahal izateko elikagaiak mugatu egiten dira eta, besteak beste, askok malnutrizio arazoak dauzkate.

- Kanpamenduetako bizi baldintza gogorrek nolako eragina daukate han bizi direnen osasunean?
Malnutrizioarekin batera, edateko ura lortzeko zailtasun haundiak dauzkate. Basamortuan bizi dira eta, beraz, ur gutxi egoteaz gain ez da edateko ona. Hori dela eta, giltzurrunetako arazo ugari dauzkate. Begietako gaitzak ere oso sarritan agertzen dira… Baldintza oso gogorretan bizi dira eta horrek euren osasunari eragiten die nahitaez. Besteak beste, horregatik da horren garrantzitsua Oporrak Bakean moduko egitasmoen bitartez umeak pare bat hilabeterako handik atera eta baldintza hobeak eskaintzea.

- Hain zuzen ere, udan ume bat zuen etxean hartu nahi duzue, ezta?
Bai, gaiñera guk ekarri nahi dugun umearen kasua oso berezia da, epilepsia duelako. Lahsan eta bere anaia bikia 2010ean jaio ziren eta, lehen krisiak 4 urte zituenean hasi ziren. Baina denborak aurrera egin ahala gero eta maizago izaten ditu krisiak eta, han gaixotasunari aurre egiteko baliabiderik ez dagoenez, hona ekarri nahi dugu, bide batez medikora eraman eta behar duen tratamendua emateko. Tramiteak normalean baino zailagoak ari dira izaten, baina azkenean ekartzea posible izatea espero dugu.

- Bestela, zer egin behar dute udan umeren bat etxean hartu nahi duten familiek?
Eskaera egiteko orriak-eta betetzea oso erreza da eta, gainera, guk egiten dugu eta, horrekin batera, familiarekin elkarrizketa labur bat egiten da. Otsailaren amaiera arteko epea dago eskaera aurkezteko. Bestela, ez da aparteko ezer eskatzen. Gainera, gaur egun era guztietako familiak onartzen dira, berdin dio haurrak izatea ala ez, guraso bakarra izatea… Gipuzkoara 100 bat ume ekartzen ditugu, gehienak herri ezberdinetan izena eman duten familietara joaten dira eta, denentzat familia nahikorik ez dagoenez, 15/20 bat Villabonako aterpetxera juaten dira. Eibarren, Udalak hiru umeren bidaiak ordaintzen ditu, baina orain arte bakarrik bi familiak egin dugu eskaera. Beraz, besteren bat animatuz gero, Eibar-Sahara Elkartearekin kontaktuan ipintzera animatu nahi dugu, Facebooken daukagun orriaren bitartez edo, bestela, zuzenean neri deituta (659 591 607 telefono zenbakira).