Garbiñe Ajuria, Izadi loradenda: “Pena ematen zidan Izadik ateak ixteak; beraz, erreleboa aurkitzeak poz handia eman dit”

40 urte igaro dira Garbiñe Ajuriak Izadi loradenda ireki zuenetik, eta ordutik Eibarko merkataritzaren eta herritarren bizitzako une berezien lekuko izan da. Erretiroa hartu berri du, eta atzera begira, loregintzan izandako bilakaeraz, bezeroekin eraikitako harremanez eta bere bizitzako etapa berriari buruz hitz egin digu.
Garbiñe Ajuria, Izadi loradenda: “Pena ematen zidan Izadik ateak ixteak; beraz, erreleboa aurkitzeak poz handia eman dit”
2026/07/17 12:53
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Duela lau hamarkada ireki zituen Garbiñe Ajuriak Izadi loradendaren ateak. Ordutik, lore artean egin du lan, bezeroekin harreman estua eraiki eta Eibarko merkataritzaren bilakaera bertatik bertara ezagutu du. Orain, erretiroa hartzeko unea iritsi zaio. Atzera begira, pozik dago egindako bidearekin, nahiz eta aitortu digun ez dela erraza izan norberak sortutako proiektua uztea. Dena den, badu lasaitzeko arrazoirik: Izadik bizirik jarraituko du.

40 urteren ondoren, zer sentipenekin utzi duzu Izadi?

Pozik noa, gustura egindako lanarekin eta egindako bidearekin. Aldi berean, tristura puntu bat ere badut, azkenean norberak sortutako zerbait delako. Ume bat etxetik joaten denean bezala sentitzen da. Baina, oro har, oso gustura noa.

Gogoratzen duzu nola hasi zinen loregintzan?

Kasualitate hutsez izan zen. Gurasoek lokala zuten eta bertan zerbait egiteko asmoa nuen. Aitak ezagutzen zuen loradenda baten jabea, eta berak proposatu zidan bide hori aztertzea. Ideia polita iruditu zitzaidan; hainbat loradendatan ikasten eta praktikak egiten hasi nintzen, eta ofizioak berehala harrapatu ninduen.

Garbiñe Ajuria, Izadi loradendaren atarian.

Imajinatzen zenuen orduan 40 urte emango zenituela lanbide berean?

Ezta pentsatu ere. Garai hartan urtebeteko alaba nuen, eta bizimodua ateratzeko aukera bat ikusten nuen hor. Berrogei urte geroago hemen jarraituko nuela? Inondik ere ez.

Zer izan da Izadi loradenda zuretzat?

Lehenik eta behin, nire ogibidea izan da. Baina askoz gehiago ere bai: jende asko ezagutzeko aukera eman dit, harreman ugari sortzeko eta bizitzaren une askoren lekuko izateko aukera. Bezero oso maitatuak izan ditut, eta merkataritzari buruzko ikuspegi handia eman dit lan honek.

Nola aldatu dira Eibar eta bezeroekin duzuen harremana urte hauetan?

Ikaragarri aldatu dira. Ni hasi nintzenean dena konfiantzan oinarritzen zen: gertutasuna zegoen, bezeroek etxerako loreak erosten zituzten astero, eta dena askoz naturalagoa zen. Orain sare sozialek eta irudiak pisu handia dute. Askotan bezeroak argazki batekin etortzen dira eta esaten dute: «Hau nahi dut». Horrek batzuetan pena ematen dit, badirudielako gure lanean konfiantza gutxiago dagoela. Gainera, berehalakotasuna nagusitu da; dena unean bertan nahi da.

Lan egiteko modua ere erabat aldatu da. Lehen lore asko Kataluniatik ekartzen genituen trenez; Zumarragara joan behar izaten genuen jasotzera, eta batzuetan egoera onean iristen ziren, baina beste batzuetan ez. Gaur egun, berriz, ia edozer lor dezakegu egun batetik bestera.

Loregilearen atzean zer da ikusten ez dena?

Kanpotik askotan esaten digute: "Ze lan polita daukazuen, egun osoa lore artean". Eta bai, egia da lan ederra dela, baina hori da jendeak ikusten duen zatia. Atzean lan fisiko handia dago, buruhauste asko eta antolaketa handia. Gure tresna nagusiak eskuak dira, eta horietan bertan ikusten da eguneroko lanaren arrastoa. Gainera, gaur egun bezeroen exijentzia gero eta handiagoa da, eta askotan ez da ikusten eskaera baten atzean zenbat lan, zenbat prozesu eta zenbat pertsona dauden. Jendeak loreen edertasuna ikusten du, baina ez atzean dagoen lana. Eta bai, loreekin lan egitea zoragarria da, baina ikusten ez den guztia ere bada ofizio honen parte.

Garbiñe Ajuria, Izadi loradendan.
Eta zein izan da alderdirik ederrena?

Loreekin eta naturarekin lan egitea. Sormena garatzeko aukera ematen duen ofizioa da, eta etengabe ikasten jarraitzera behartzen zaitu. Hori oso aberasgarria izan da niretzat.

Loradendak beste etapa bati ekin dio. Zer sentitzen da hainbeste urtez zaindu duzun proiektua beste esku batzuetan uztean?

Poza. Izan ere, denda ixteak sekulako pena ematen zidan. Ondo zebilen negozio bat zen, etorkizuna zuena, eta ixtea oso gogorra egingo zitzaidan. Horregatik, erreleboa badagoela eta Izadik aurrera egingo duela ikusteak lasaitasuna eta poz handia ematen dit.

Lasai utzi duzu negozioa orduan?

Bai, oso lasai. Ardura hartu duten Naiara eta Onintza oso langileak, profesionalak eta gogotsuak dira. Badakit esku onetan geratu dela.

Erretiroa iritsi da. Eta orain zer?

Galdera handia da hori. Baina, batez ere, lasai bizitzea espero dut. Lan honek estres handia ekarri dit urte hauetan, bereziki azken aldian, eta orain bakea behar dut. Orain arte egin ezin izan ditudan gauzak egiteko denbora izan nahi dut. Asteburuetan ia ez nuen libratzen, eta hemendik aurrera nire denbora nik antolatu ahal izango dut. Azkenean, askatasuna eta bakea dira gehien espero ditudanak.

Garbiñe Ajuria, Izadi loradendan.