Eneko Sanchez, YouTuberra: “Guk ondo pasatzea da ‘Gaur gurian’-en helburu nagusia”

Eneko Sanchez, YouTuberra: “Guk ondo pasatzea da ‘Gaur gurian’-en helburu nagusia”
2020/06/05 07:57
eta kitto!
Ander Edo eta Eneko Sanchez aspaldiko lagunak dira. Donostiako Loiola auzoan bizi ziren biak (Eneko Eibarrera etorri zen orain dela pare bat urte), Anderren ama eta Enekoren aita Extremadurako herri berekoak dira eta elkarrekin pasatzen zituzten udak han. Mila saltsatan ibili dira elkarrekin. Orain dela hiru urte ‘Gaur gurian’ izeneko YouTubeko kanala sortu zuten eta, orain, umorez jantzi dute itxialdia.

https://www.youtube.com/watch?v=WEgk2eLwSYw

Nola sortu zenuten ‘Gaur gurian’?

Ander eta biok oso lagunak gara. Loiolako jai-batzordean, eta auzoko taldean ibili ginen, aisialdi talde bat sortu genuen... Eta halako batean bideoak egitea okurritu zitzaigun, eta gure plan normaletan naturaltasunez ateratzen ziren txorakeriak grabatzen hasi ginen, Santiago Bidea egiten genuen bitartean, eta bideoak Facebookera igo genituen. Jendeari gustatu egin zitzaizkion eta gehiago eskatzen hasi zen, baina guk ez genuen bolumena nahi. Euskarazko edukia egitea zen gure nahia, gure erritmora eta bolara, zerbait egiteko gogoa suertatzen zenean. Niretzat hori da klabea. Konpromisoa sortzen denean nolabaiteko behar bat sortzen da, eta lotuta egonez gero, guk nahi dugunean egin beharrean, bideoak egitera behartuta egongo ginateke. Horrela, uste dut bideoek kalitatea galduko luketela.

 

Umorearekin edozein gai lantzen duzue?

Bai. Badaude kutsu erreibindikatzailea duten bideoak. Adibidez, Donostiako pertsonaia bat sortu dugu, Mikel Mantenu. Donostiako hiri-plangintzaren parodia da. Gauza da Donostiako auzoak ahaztu egin dituztela eta den-dena zentrora begira egiten dutela, turismoari begira, eta hori kritikatzen dugu pertsonaia honen bitartez.

 

Orain ‘Sutan Bang’ kolektiboko kideak zarete. Baina zer da zehazki ’Sutan Bang’?

Euskal eduki digitalak sortzen dituen kolektiboa da. Literatura, nazioarteko politika, egunerokotasuna… euskaraz lantzen duen jendea dago.

 

Itxialdian astero sortu duzue bideo bat. ‘Sutan Bang’-en sartu ondoren aro berria hasi duzue?

Nahiz eta orain Eibarren bizi, askotan egoten naiz Anderrekin, baina itxialdian ezin ginenez elkartu, YouTuben programa bat egitea okurritu zitzaigun. Bideo-dei bitartez bada ere, elkartzeko aitzakia da. Sasoi honetan ikusi duguna umore kutsuarekin kontatzea da gure asmoa, eguneroko kontuak, baina egia da eduki politikoa ere baduela. Azken finean, politika edozein gauzatan dago. Baina beno, guk ondo pasatzeko egiten dugu batez ere, hori da helburu nagusia.

 

Saioa “% 50 prestakuntza, % 50 inprobisazioa” dela esan duzue bideoren batean. Nolakoa da prestakuntza-lana?

Anderrek gidoiak egiten ditu, baina gero naturaltasunez egiten dugu berba, inprobisatuz. Anderrek saio bat zuen Info 7 irratian eta ematen zioten tartea ez betetzeko beldurra zuen. Beraz, ni joaten nintzen berarekin, berbetan hasten ginen eta programa nahi beste luzatzen zen. Orain antzera egiten dugu. Ander ordena da eta ni beste guztia, nahiko zirikatzailea. Ez dira saio honetarako apropos sortu ditugun pertsonaiak, bizitza errealean ere horrelakoak gara, baina saioan izaera horiek puzten ditugu.

 

Itxialdia amaitu arren, saioarekin jarraituko duzue?

Gutxienez beste saio bat gehiago egingo dugu eta ez dakigu beste hiru gehiago egingo ditugun. Hala ere, gero beste zerbait etorriko da, ziur. Beti gaude gauzak sortzen (adibidez, ’Gurian gaur’ saioan lehendik grabatutako gauzak jartzen ditugu). Eduki politikoa duen programa batek lana soberan du hemen. Herri honetan umore ezkertiar eta abertzaleak konplexu gehiegi ditu eta idatzi gabe dauden mugetatik haratago joaten saiatzen gara. Zurrunduta bezala gaude eta askatu egin behar gara.

 

Euskarazko umoreari ausardia falta zaio?

Estereotipoak apurtu behar dira, geure buruaz barre egiteko gai izan behar gara eta, noski, besteen kontura ere barre egin behar dugu. Alde horretatik, mundu ezkertiarra konplexuz betetako mundua izan da beti. Gure asmoa ez da polemika sortzea, baina bai gauza batzuk salatzea. Zaldibarko zabortegiaren kasua, Donostiako hirigintza-politika, PNVren jarrera… landu ditugu. Modu askean, loturarik gabe eta euskaraz landutako gaiak eskaintzea da gure nahia (’Sutan Bagn’-ek eskaintzen duen guztiarekin batera). Beti ibili gara auzoa edo herria egiten. Beti pentsatu dugu gure baloreak auzoarentzat onak badira, zabaldu egin behar ditugula auzoa edo herria hobetzeko.

 

Euskarak horrelako egitasmoak behar zituen?

Guk honekin ez dugu errentagarritasuna bilatzen, eta funtsa edo helburua jende askorengana heltzea ez denez, edukiak euskaraz sortzeko apustua egin dugu. Jende askorengana iritsi nahi izanez gero, euskara oztopoa izango litzateke, maila globalean euskara ulertzen duen jende gutxi dagoelako eta gure publikoa asko murrizten delako. Jarraitzaile asko edo gutxi izan doble kobratuko dugunez (hau da, zero), berdin zaigu zein hizkuntzatan egin. Ondorioz, nahiago dugu euskaraz egin, gure hizkuntza delako eta euskararen inguruan bizi nahi dugulako.

 

Erakundeen laguntza jasotzea gustatuko litzaizueke edo nahiago duzue konpromisorik ez edukitzea?

‘Sutan Bang’-ek badu ‘Txondorra’ deitzen den gune autogestionatua Donostian eta hainbat egitasmo egiten dituzte dirua ateratzeko. Gu erabat amateurrak gara. Anderri beti gustatu izan zaio argazkigintza eta bideogintza, eta bere materialarekin egiten dugu saioa. Ez dugu aparteko beharrik, baina xeke arabiar batek demaseko soldata ematen badigu, lana utziko dugu (barreak). Baina ez da gertatuko eta ez da gure helburua.

 

Eibar inspirazio-iturria da zuentzat?

Bai. Adibidez, Hamaika TB-k Korrikaren inguruko umorezko bideoak egiteko enkargua eman zigun eta Amañako pasealekuan hainbat gauza grabatu genituen (ariketak egiten eta abar). Euskal Herri guztiak bezala, Eibarrek nortasun heterogeneoa du. Toki askotatik lanera etorri eta bertako komunitatean erabat integratu den jendea bizi da hemen. Arazoak ditu, herri guztiek bezala, eta alde horretatik zukua atera ahal diogu. Zoritxarrez, Zaldibarkoa gertatu da. Ez da umoretik lantzeko zerbait, baina landu egin behar da ez ahazteko eta erantzukizunak eskatzeko. Bestalde, eibartarrek beti izan dute bilbotar-gipuzkoar izatearen fama (barreak). Ni Donostiatik Eibarrera bizitzera etorri nintzen eta “zein zulotan sartu behar naiz?”, pentsatu nuen. Mendia gustatzen zait, baina hemengo mendiak… (barreak). Donostian funikularra jarri zuten hemen bezalako malda baterako. Baina etorri nintzen eta ikusi nuen zer nolako bizitza zegoen zuloan. Ona. Demaseko poteoa dago, jende gaztea, dinamikoa… Eibarrek badu mamia. Orain pertsonaia eibartar bat sortu dugu eta laster agertuko da kanalean. “Aupa Eibar eta aupa Mendilibar”, da bere lema (barreak).