Gita, bizitzako gorabeheren gainetik

Gita, bizitzako gorabeheren gainetik
2018/02/23 eta kitto!
Munduko mendi altuenak ditu Nepalek, bete betean hartzen du Himalaia mendikateak, baina herrialdearen lautadan jaio zen Gita Dulal, Haribhabanen, Sarlahiko distrituan. Landa eremua da, ez du zerikusirik Londresekin, baina Ingalaterrako hiriburutik ailegatu zen Euskal Herrira. Bidea, ordea, ez zen batere erosoa izan. Lehen urteetako egonaldia ere ez. Orain bere etxea da Eibar.

 

Umezurtz urtebete eta erdirekin

Anaiekin eta aiton-amonekin bizi izan zen Gita Nepalen. “Urtebete eta erdi nituenean gurasoak hil ziren eta batetik bestera ibili nintzen, anaiak joaten ziren tokiaren arabera”. Lau anaia ditu eta eurek zaindu dute arreba txikia. “Bizitza aurrera ateratzeko hara eta hona ibili dira, baina orain ondo daude”. Dubain dauka anai bat eta beste hirurak Nepalen daude.

 

Erlijio ugarirekin elkarbizitza

Hindua da Gita eta hori argi uzten du bere izenak. Hinduismoaren testu sakratua da Bhagavad-gītā eta Krishna eta Aryunaren arteko elkarrizketa batzen du. Nepaleko biztanleriaren %80,6 hinduista da, baina hainbat erlijiotako jendea bizi da eta elkarbizitza baketsua dute. “Nepalen tamangak, sherpak eta beste hainbat herri bizi dira”.

 

Aama eta ama

Ama izateko etorri zen Gita Euskal Herrira. “Senarra Londresera joan zen ikastera. Nepalen ere ikasi eta lan egin zuen, baina bere hezkuntza osatzea nahi zuen. Urtebete eta erdi geroago berarekin joan nintzen. Londresen ikastea garestia zen, ez genuen lanik aurkitu, une txarrak pasatu genituen eta nire senarraren bisatua hiru hilabetean amaitu behar zen”. Egoera horretan, etxera bueltatzea pentsatu zuen Gitak, Nepalera. Bakarrik. “Baina azken unean, joan baino egun bi lehenago, ezagun batek esan zigun Espainian umea edukiz gero nazionalitatea lortuko nuela”. Gezurra zen. Hala ere, ama egin zuen Euskal Herriak. Edo aama, nepaleraz esaten den bezala.

 

Kamioian izkutatuta Pariseraino

Lagunaren aholkua jarraitzeko Ingalaterratik Euskal Herriraino bidea egin behar zuten Gitak eta  senarrak. Kontaktuak egin, “bakoitzak 700 euro ordaindu” eta lortu zuten garraioa. Kamioi batean izkutatuta ailegatu ziren Parisera. “Gau osoa egin genuen han beste hainbat lagunekin. Komunera joan gabe, ezer jan eta edan barik, eta haurdun”. Parisera heltzean bidaiko eta bizitzako une erabakigarria iritsi zen. “Egoera oso arriskutsua zen: Bilbora etortzeko autobus-txartela geneukan, baina pasaportea eskatuz gero harrapatu eta gure herrialdera bidaliko gintuzten. Eskatzear egon ziren, baina azkenean beste batzuengana jo zuten”.

 

Euskerarekin trebatzen

Hematologiako ikasketak egin zituen Gitak, baina ikasteko grina dauka oraindik. Euskal Herrira iritsi eta berehala EPAn sartu zen eta euskerarekin ere trebatu da. “Gaztelania arin ikasi nuen, nahiz eta hasieran ‘hola’ zer zen ere ez jakin, baina euskera ez da hain erraza”. Pozik dago Eibarren, bere etxea da. “Iaz Nepalera bueltatu nintzen, pozgarria izan zen, baina hona itzuli nahi nuen”. Senarra eta biak lanean daude, eta semea eskolan. “Berak bai egiten duela ondo euskaraz, andereñoak ere esaten digu”.

 

 

जननी जन्मभूमिश्च स्वर्गादपि गरीयसी

Janani Janma-bhoomi-scha Swargadapi Gariyasi

Norberaren ama eta jaiotza-tokia zerua baino gehiago dira