Guretxoko skate eskola: “Skate egiteko ez da baldintza berezirik behar, motibazioa eta gogoa edukitzea bakarrik”

Guretxoko skate eskola: “Skate egiteko ez da baldintza berezirik behar, motibazioa eta gogoa edukitzea bakarrik”
2020/03/10 eta kitto!
Guretxoko skate eskolak skate ikastaroa eskainiko du hilaren 28an, zapatuan, 17:00etatik 19:30era, Ego-gain kalean dagoen Zugasti eskulturaren ondoan. Skatearen munduan murgiltzen hasteko balio dezakeen ikastaroa da, oinarrizko ezagutzak jaso eta patinete gainean lehen trikimailuak egiteko. Martxoaren 16tik 23ra egongo da zabalik izena emateko epea Pegoran edo Udalaren webgunean.

 

- Zer egingo duzue ikastaroan?

Skate munduari buruz zerbait gehiago erakutsi edo skatean hasteko oinarrizko ezagutzak eskainiko dizkiegu parte-hartzaileei, Guretxoko skate eskolan erabiltzen dugun metodoan oinarrituta.

- Nori zuzendua egongo da?

5 urtetik aurrerako neska-mutilei. Skate egiteko ez da baldintza berezirik behar. Motibazioarekin, gogoarekin eta ikasteko jarrerarekin etortzea nahikoa da. Skatea inoiz praktikatu ez baduzu, proba egiteko aukera ederra izango da.

- Zein da skate egiten ikasteko gakoa?

Patinete gainean ibiltzeko ezinbestekoa da oreka ondo mantentzea eta skatearen mugimenduarekin batera doazen jarrerak ondo bereganatzea (kontrapisuak egitea, ondo erortzen jakitea…).

- Skatean zaila izango da kolperik ez jasotzea, hasieran behintzat, baina nola ekidin daitezke?

Esku onetan jartzea da garrantzitsuena. Gure eskolara gero eta jende gehiago etortzen da, euren ikasketa-prozesua modu onean bermatzeko eta beharrezkoak ez diren erorketak ekiditzeko. 13 urte daramatzagu zerbitzu hau arrakastaz ematen. Normalean, kolpeak ez dira larriak izaten. Babesgarriak janzteak asko laguntzen du, baina erortzen jakiteak garrantzi handia du.

- Skate egiteko toki bereziak egotea komeni da edo edozein tokitan egin daiteke?

Geroz eta skatepark publiko gehiago dago skate egiteko eta, era berean, Guretxoko bezalako leku espezifiko eta pribatu gehiago dago. Segurtasuna eta aurrerapena bermatzen duten tokiak dira. Gainera, skateparketan ibili ondoren eta norberaren skate maila handiagoa denean kalean ibiltzen zarenean, oztopo ezberdinak aurkitzen dira. Hasterakoan, komenigarria da norbait alboan edukitzea lehenengo pausuetan laguntzeko eta gaizki egiten direnak zuzentzeko. Bestetik, Guretxokon, adibidez, zurezko egiturak ditugunez, min gutxiago hartzen da erortzerakoan. Gero, norberaren maila hobetzen doan neurrian, zementuzko skateparkak ditugu trebezia gehiago hartzeko eta parke publiko batean aurkitu ditzakeen oztopoei nola aurre egin ahal dien ikasteko. Euskal Herrian, hemengo klima kontuan hartuta, oso lagungarria da Guretxoko bezalako teilatupeko skateparkak edukitzea, euria egiten duen ere praktikatzeko.

- Nolako skate komunitatea dago Euskal Herrian?

Euskal Herriko skate komunitatea ona dela esango nuke. Normalean beste toki batzuetako jende asko ikusten da eta gu beste toki batzuetara joaten garenean ezagun asko aurkitzen ditugu. Oso harreman ona dugu skater guztiok.

guretxoko skate